En direct

Peli Lekuona | Aritz Santamaria

«Itxaropen handirik ez genuen, baina sikiera beste batzuen bidea zabaltzeko balio izan du»

Frankismo betean torturapean hil zuten Txomin Letamendi. Memoria Demokratikoaren Legean oinarrituta, ikerketa abiatu du Donostiako auzitegi batek. Mugarria izan daiteke senideen eta Giza Eskubideen Behatokiaren ustez. 

Audio_placeholder

«Itxaropen handirik ez genuen, baina sikiera beste batzuen bidea zabaltzeko balio izan du»

Loading player...
Txomin Letamendik Ondarroan artatu du NAIZ irratia.
Txomin Letamendik Ondarroan artatu du NAIZ irratia. (NAIZ irratia)

Txomin Letamendi Murua gudarien komandantea eta euskal informazio zerbitzuen kidea izan zen. Hori gutxi ez eta ‘Turuta’ ezizenarekin ezaguna zen musikaria ere bazen, tronpeta jotzailea konkretuki. 1950eko abenduaren 20an hil zen Madrilen, jasan zituen torturen ondorioz. 2024ko abenduan, eta Memoria Demokratikoaren Legeak ematen duen babespean, senideek eta Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokiak kereila jarri zuten torturak salatzeko. Berriki jakin da Donostiako auzitegi batek ikerketa abiatu duela.

Haren semeak, Txomin Letamendik, aitaren zenbait pasadizo azaleratu ditu NAIZ irratian, eta Iratxe Urizar abokatuarekin batera, auziaren itxieraren balorazioa egin dute. 

Iratxe Urizar abokatuak azaldu du gizateriaren arukako delituagatik kereila jarri zutela. Izan ere, Urizarrek azaldu duenez, delitu hauek «ez dute preskribatzen, ez dira amnistiagarriak». Dena den, eta legeak horrela zehazten badu ere, «gatazka» eman dela azaldu du: «epaileek ez dute hau onartu nahi». Auziaren emaitzak hizpide, ikerketa batek torturatzaileetako bat hil zela ondorioztatu du, eta bestearen kasuan hiltzat eman dute, ziurtasunik izan gabe ere. 

Bide zibila irekitzeko aukera dagoela azaldu du Urizarrek: «Erantzunkizun zibilaren bidea abiatu daiteke bere oinordekoen kontra». Hala ere, bide hori baztertu dute: «Auziaren helburua ez da mendekua»

Prozesuari dagokionean, Letamendik onartu du ez zuela «itxaropen handirik», baina beste kasu batzuei «sikiera» bidea irekitzeko balio izan badu, pozik agertu da. Bere aitarekin zuen harremana ere izan du hizpide, nahiz eta oroitzapen gutxi izan, dituen argazkiek lan hori egin dute: «San Mamesen egon ginela badakit, eta Ondarroako hondartzan ere beste argazki bat badugu». Zehaztu duenez, «Venezuelatik iritsi bezain laster aita bere lanekin hasi zen». 

«Noizbehinka» ikusten zutela azaldu du, eta egun bateko bisitaren anekdota kontatu du: «Etxeko balkoitik ihes egin zuen behin, polizia bere bila baitzetorren». Txomin Letamendi Muruak euskal informazio zerbitzuetako kide gisa egiten zituen lanen berri ez du bere semeak, baina AEBek Venezuelan zuten enbaxadan gertatutakoa azaldu du: «Nire ama aitaren bila joan zen. Enbaxadan, aitaren karneta erakutsi zioten, eta dirua eskaini zioten amari, ez baitzekiten non zegoen aita».

Txomin Letamendi NAIZ irratiko mikrofonoarekin
Txomin Letamendi NAIZ irratiko mikrofonoarekin

1946rako Euskal Herrian murgildu zen Letamendi, Agirre lehendakariak eskatuta, erresistentzia antifrankistarekin bat egiteko. Eta, lehen atxikiloketak iritsi ziren. Lehena Donostian; bigarrena, Bartzelonan: «Ama bisita egitera joan zen behin, baina bisitarik ez zuela esan zioten: ‘no esta cómo para verle’». 

Jaurlaritza Logoa