En direct

Plataformaren azken ekimena duela sei urte gauzatu zuten, eta orain berpiztu dute aniztasuna ipar eta lurralde kolektibitatea xede. Nicolas Blain, Baterako kidea, NAIZ irratian egon da. Jatorriko aldarrikapenen balantzea egin du, eta berpiztearen zergatiak izan ditu hizpide ere bai: «Bateraren rola eskumen eta baliabide gehiago bermatzeko aldaketa instituzionala aldarrikatzea da».
Batera sortu zenean, lau aldarrikapen haizeratu zituen plataformak: euskararen koofizialtasuna, euskal departamendua, euskal laborantza ganbara eta tokiko unibertsitatea. Blainek balorazioa «bizki baikorra» egin du aldarrikapen horien pedagogiari dagokionean, baina lau aldarrikapenak ez direla gauzatu onartu du: «Euskararen koofizialtasunean eta tokiko unibertsitatean bide asko dago egiteko».
Fase berri honetan, indarrak bilduko dira estatus bereziko lurralde kolektibitatea lortzeko. Blainek «aldarrikapen hau beste aldarrikapenak betearazteko bidea» izan daitekeela azaldu du. Biltzar nagusian beste aldarrikapen batzuk azaleratu zirela aitortu du, besteak beste: «Etxebizitzaren aldarrikapena, sozial arloko beharrak edo prekarietatearen kontrako borroka».
Euskal Hirigune Elkargoa «motz» gelditu dela salatu du, eta hori ez zela izan lurraldeak eskatu zuena gogorarazi du ere: «Ez zen eskatu genuen tresna instituzionala. «Muga estrukturalak» baditu ere, «politika publikoetan lan ona» egin duela aitortu du. Hizkuntza politikan «gabeziak» daudela kritikatu du, eta euskarak Ipar Euksal Herrian duen «egoera larria» iraultzeko politika publikoak bultzatu behar direla nabermendu du. Hori lurralde kolektibitateak erraztuko lukeela azaldu du, «eskumen gehiago tokian bertan lortzen direlako».
Kolore ezberdinetako hautetsiak birfundatu dute Batera, eta aniztasun hori «plataformaren indarra» izan dela onartu du. 2026ko herri bozek prozesua baldintzatu dezaketela azaldu du, beraz «pedagogia lana» egingo dutela baieztatu du.


