En direct

Dinamika abian da, eta lehen lau sesioak burutu dira Irunberri, Aribe, Allo eta Irurtzunen. Ekimen honetaz gehiago jakiteko gurekin izan da Xabier Alkuaz, Tafallako alkate eta Nafarroako Herri eta Kontzejuen Federazioko presidentea.
Saioak modu deszentralizatuan ari dira egiten; orain arte, lau saiotan identifikatu dute «beharrezko prozesu» horren baitan arazo komunak eta, hortaz, konponbide komunak ere badituztela, nork bere zonaldeari begiratu arren.
Funtsezko bost alorren inguruan ardaztu dute proposamen sorta osatuko duen elkarrizketa prozesua: «zerbitzuak, ekonomia eta enplegua, mugikortasuna eta komunikazioa, etxebizitza, finantzazioa eta fiskalitatea».
Dinamika horiek despopulazioaren azterketa integrala erraztuko dutela nabarmentzen dutelakoan abiatu dute prozesua, eskualde bakoitzaren berezitasunak errespetatuz.
Despopulazioa ez da faktore bakarragatik ematen, «asko eta desberdinak» dira, Xabier Alkuazek nabarmendu duenez. Hori dela eta, parte-hartze prozesua bera ez da faktore bakarrean zentratzen, eta bost bloke handi horien nahasketa litzateke despopulazioari aurre egiteko proposamenak biltzeko gakoa.
Tokian tokiko berezitasunak
Faktore horietako bati arreta eskaintzearren, esan daiteke lana sortzeko badagoela behar beste zoru industrial eta tertziario. Ildo hori baliagarria izan daiteke despopulazioari aurre egiteko. Hori bai, zonaldearen arabera; esate baterako, «Pirinioko bileran argi zuten haien bizimodua lehen sektoreari oso lotuta zegoela».
Fiskalitatea ere izan da beste aipagaietako bat. Horren inguruan ez direla proposamen gehiegi atera kontatu digu Federazioko buruak, «zaila» baita hautetsi batentzat horrelako neurriak bota eta aurrera ateratzea.
Edonola ere, tokiko entitateen finantzaketari buruz bai atera direla neurriak, «despopulazioa duten zonaldeei tratamendu berezia emateko funts bat sortzea», kasu.
Ezinbesteko parte-hartzea
Kontzejuen kasuan zaila izaten da presidenteak topatzea, baina inor ez aurkezteak ondorio larriak izan ditzake. Hala dio 2019ko mapa lokalen legeak: bi hautapen-prozesutan zerrendarik aurkeztu ezean, kontzejua desagertu egingo litzateke, eta horrek ere behartzen ditu nolabait bizilagunak aktibo mantentzera.
Dagoeneko bi prozesu pasa dira, bederatzi kontzeju desagertzeko bidean zeuden, zortzik helegiteak aurkeztu zituzten, Nafarroako Gobernuak ontzat hartu zituen eta ez dira desagertuko. Alkuazen ustez, horrek esan nahi du kontzejuetan ere bizia dagoela, jendeak eguneroko bizitzan parte hartu nahi duela eta «oso bizirik» daudela. «Pozgarria da hori», gaineratu du.
Nafarroako Gobernuarekin harreman estua du Federazioak, hitz egin izan dute despopulazioari buruz eta ondo ikusten du proiektua. Exekutiboak legea aurrera aterako duela zehaztu digu Alkuazek, bai lege honetan bai hurrengoetan tokiko entitateen ikuspegia kontuan hartzeko baldintzapean.


