En direct

NAIZ Irratia

Asensio (PSE): »Beste alderdiekin alderatuta lasai eta indartuta gaude»

Larunbat honetan PSEk X. Kongresua burutuko du Donostian. Berriro hautatuko dute Eneko Andueza alderdiko idazkari nagusi. Kongresu prozesuan murgildua dago Gipuzkoako atala ere. Jose Ignacio Asensiok berriro aurkeztuko zela iragarri zuen, eta NAIZ Irratian izan dugu astelehen honetan.

Audio_placeholder

Asensio (PSE): »Beste alderdiekin alderatuta lasai eta indartuta gaude»

Loading player...
Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako ahaldun nagusiorde eta Jasangarritasun diputatua, NAIZ Irratiko estudioetan.
Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako ahaldun nagusiorde eta Jasangarritasun diputatua, NAIZ Irratiko estudioetan. (FOKU)

Hautagaitzaren berri eman berri duen honetan, Jose Ignacio Asensio Gipuzkoakok PSEko idazkari nagusi izaten jarraitzeko dituen motibazio eta helburuak aletu ditu NAIZ Irratian. Epe ertain eta luzera begirako egitasmoa, programa eta ibilbidea bultzatzeko aurkeztu da, baina balioan jarri du duela hiru urte eta erdi Gipuzkoako Alderdi Sozialistan emandako aldaketa ere.

«Beste alderdiekin alderatuta lasai eta indartuta» daudela deritzo, eta bai erakundeetan zein alderdi gisa ari direla politika egiten. Denbora honetan Eneko Anduezaren lidergoa bultzatu dutela dio: Llidergo berria gaztea da eta gu horri laguntzeko eta erronka berriei aurre egiteko gaude».

Larunbat honetan EAE mailako kongresuaren txanda izango da, eta etxebizitza, lana, mugikortasuna edo agenda urbano berria izango dira alderdiaren lehentasunak horretan. Afera horiek Gipuzkoan nolako aplikazioa izango duten galdetuta, Asensiok esan du tokiko erakundeen eskumenak direla –Aldundia zein dalenak– eta askok haien lidergoa izango dutela, gainera.

«Inporta duten gaiak»

Sinetsita dago «inporta duten gaietan» dutela ipinita begirada PSE barruan; ez dituztela gizarte politikak alde batera utziko abertzaletasunaren izenean, eta «aniztasuna errespetatu eta bermatzea» dutela bidea. Proposatzen dituzten politikak direla egungo gizartearen kezka nagusiak eta finkatu egin behar direla dio.

Eztabaida identitarioaren gainetik jarriko litzateke guzti hori martxan eta, PSEren aburuz, ez da hain esanguratsua alderdi abertzaleak izatea hautesleriaren babes handiena jasotzen dutenak. «Gizarteari galdetuz gero, independentziaren bidea ez dago lehentasunen artean», zehaztu du. «Herritarrei axola zaienari erantzuna emateko gaude; lan baldintzak, ingurumena... eta irizpide horrekin egiten ditugu politikak».

Gai horiei heltzeko, tokiko politikak bultzatzearekin batera, Estatu, Europa eta mundu mailan gertatzen denarekin ere adi egongo direla dio, Adimen Artifiziala edo ultraeskuinaren igoera bezalako erronkek «gure bizi baldintzengan izan dezaketen eraginean ekiteko».

Zerga-sistema, eztabaidagai

Gaurkotasuna duten elementuen artean eztabaida fiskala ere badago. Dagoeneko bide bat egin duela uste du Asensiok, baina oraindik ere baduela gehiago egiterik. «Fiskalitatea gero eta progresiboagoa izatea gustatuko litzaiguke», azaldu du, «eta foru araua aurkeztu dugu EAJrekin egindako akordioaren bidez, aurrera begira gehien dutenek gehiago ordaindu dezaten». Aurrerapauso nabarmenak eman dira arau horren baitan Asensioren esanetan, eta puntu honetan ez dute atzera egin nahi.

Berebiziko garrantzia izango du bide horretan Gipuzkoan erreformak jaso dezakeen babesak. Eneko Anduezak berriki baztertu egin du PPrekin erreforma adostea, eta beste hainbeste egin du Jose Ignacio Asensiok, EH Bildu eta Elkarrekin Gipuzkoa taldeei proposamenak mahaigaineratzeko eskaera luzatzearekin batera.

Hain zuzen ere, taldeok aipatu izan dute erreformak hobari asko dauzkala eta doikuntzak direla, egiturazko aldaketak baino gehiago. Aldarrikapenetako bat dute sozietateen zergan bilketa gehiago izatea, esaterako.

Negoziazio edo tirabira horretan zerbaiti uko egin beharko zaion galdetuta, elkarrizketatuak azpimarratu du akordioak egiteko proposamenak behar dituztela, eta lehenbailehen egiteko eskatu die beste behin talde biei.

AHTri buruz «ia astero hitz egiten dugu»

Beste mintzagaietako bat, azken asteotan eztabaida iturri izan den Abiadura Handiko Trena. Ikasturte hasieratik aritu gara hizketan Ezkioko aukeraren bueltan, eta kezka handia dago diru publikoaren erabileraren inguruan.

Jose Antonio Santanok zortzi hilabete behar izan ditu Eider Mendozarekin eta Asensiorekin biltzeko, baina azken honek dio elkarrizketa egon badagoela: «Ia astero hitz egiten dugu». Aukerak aztertzeko garaian txosten teknikoak egin beharra dagoela azaldu du, eta oztopo ugari izan direla prozesu horretan. Gaineratu du eskumenak dituztenen artean adostu beharko dutela ibilbidea, Gipuzkoaren iritzia gorabehera, eta emaitzak ezagutu arte itxarotearen aldeko agertu da.

Ez du aurreratu nahi izan zer gertatuko litzatekeen txostenek ebatziz gero Gasteizko aukera bideragarriagoa dela, baina Ezkio-Itsasokoak euren apustua izaten jarraitzen duela berretsi du. «Utz diezaiegun lan egiten, ez dago gure esku».

Jaurlaritza Logoa