En direct 17:00h - 18:00h
Bilynch
18:00h - 19:00h
Alde Erantziz
19:00h - 21:00h
NAIZ FORMULA

1924ko urriaren 29an, Errege Dekretu batek Deustu herri bezala desagerrarazi eta Bilboko hiribilduari atxikitu zion, garai hartan gertatzen ari zen hiri-hazkundearen adibide argia izanik. Izan ere, XIX. mendearen amaieratik eta XX. mendearen lehen hamarkadetan, Bilbo izugarri hazi zen industrializazioaren eraginez, eta inguruko elizateak —Begoña, Abando, Deustu…— pixkanaka barneratzen joan zen, bere lurraldea zabaltzeko.
Baina Deustu ez zen auzo arrunta, herri-izaera sendoa zuen, nortasun historiko eta sozial nabarmenarekin. Bertako biztanleek ez zuten beti begi onez ikusi Bilboren anexioa, beren autonomia galtzea ekarri baitzuen. Horrez gain, Deustuko paisaia, langile-klasearen presentzia eta bertako euskara-izaera ere aldaketak jasaten joan ziren. Zuberogoitiaren ustez, «Landa bizitzari lotutako bizimodua zeukaten deustuarrek, eta horrek euskara babestuago egotea zekarren. Bilboko beste lekuekin alderatuta, euskarari gehiago eutsi izana izan dezake izaera horren ezaugarrienetako bat». Honetaz gain, «paisaiaren berezitasuna» ere nabarmentzen du, tomateak landatzeko eta txakolina ekoizteko hobe ezina.
Deustualdea «Salbeko zubitik Elorrietako kurbaraino» dagoen lurraldea bezala lantzen du Zuberogoitiak. Gaur egun, Bilboko 1. barrutia da Deustu eta Arangoiti, Ibarrekolanda, San Inazio-Elorrieta eta San Pedro auzoetan banatzen da. Herri honen inguruan gehiago jakiteko, Pedro Zuberogoitak idatzitako liburua gomendatzen dizuegu.