En direct

Jose Antonio Agirreren Gobernuak Parisen izan zuen egoitza hau Gobernu espainolak EAJri itzuli izanak hautsak harrotu ditu asteazken honetan espainiar Kongresuaren Osoko Bilkuran. PPk argudiatzen duenez, Estatuaren ondasuna da eta ezin zaie ‘lagunei’ oparitu. Eztabaida beroa izan da eta horretan «lotsagabe» deitu dio PPko Miguel Telladori Idoia Sagastizabal diputatu jeltzaleak.
Bertan behera gelditu da Omnibus errege dekretua. Pentsioen igoera ala garraio publikoarentzako deskontuak jasotzeaz gain, Pariseko Eusko Jaurlaritzaren egoitza izandakoa ere barne hartzen zuen. Espainiar eskuinak gogor egin du Sanchezen aurka Francok lapurtu zuen eraikin hori jeltzaleei itzultzeagatik. Eraikinaren inguruan gehiago jakiteko NAIZ Irratian izan da Iñaki Goiogana, Sabino Arana Fundazioko historialaria.
Azaldu duenez, «Ameriketatik bidalitako diru funtsekin» erosi zuen EAJk erbesteko Eusko Jaurlaritzaren egoitza izan zen eraikina. Alemaniarrak Parisen sartu ziren arte, 1940ko ekainera arte izan zen jeltzaleen egoitza. Orduan, enbaxada espainolaren atzean zegoenez, hauek salaketa jarri zuten eta EAJren izenean ezin izan zirenez epaiketan aurkeztu, okupazio garaia zelako, jabetza espainolen eskuetan geratu zen.
1944an euskaldunak sartu ziren berriz eraikinean, alemaniarrak bota ondoren. Lau urte hauetan, historialariak azaldu duenez, erbesteratuen dokumentazioa eta ondasunak biltzeko erabili zen, 1944arte, hain zuzen.
1951ra arte jarraitu zuen EAJk erositako eraikin horrek Eusko Jaurlaritzaren egoitza izaten, frantsesek espainolen presioarekin Estatu espainolarena zela ezartzen zuen epai batek emandako agindua hobetsi zuten arte. Ordutik espainolek hainbat bulego izan dituzte bertan, Falange Exterior zelako erakundeak, besteak beste, eta gaur egungo Cervantes Institutua. Historialariak azaldu duenez, Franco hil zenetik «behin eta berriro» eskatu izan da eraikina berreskuratzea.



