En direct

Peli Lekuona - Hegoi Belategi
Entrevue
Gorka Knörr
Juntseko Kontseilu Nazionaleko ordezkaria

«Pazientziak badu bere muga eta muga horiek oso argi daude»

Junts «huskeriak esaten ari den alderdi bat bezala» ez tratatzeko exijitu du Gorka Knörr alderdiko ordezkariak. Omnibus dekretua Kongresuan bozkatu aurretik, PSOErekin izandako talkaz, kataluniar independentismoaren egoeraz edota EBn katalana eta euskararen ofizialtasunerako prozesuaz hitz egin du.

Audio_placeholder

«Pazientziak badu bere muga eta muga horiek oso argi daude»

Loading player...
Gorka Knörr (eskuinean) Lluis Llachekin batera Bilbon Sarek deitutako manifestazioan.
Gorka Knörr (eskuinean) Lluis Llachekin batera Bilbon Sarek deitutako manifestazioan. (Mikel Martinez de Trespuentes | Foku)

Kongresuko inbestidura blokearen baitan, Espainiako Gobernuarekiko babesa gelditutza eman ostean, Gorka Knörr Juntseko Kontseilu Nazionaleko kideak argiki hitz egin du PSOErekiko Juntsen gaur egun duten sentsazioaz eta berriki plazaratu dioten ultimatumaz, Pedro Sanchezek berehala konfiantza mozio bat ez aurkezteagatik, «pazientziak badu bere muga eta muga horiek oso argi daude».

Tarragonan jaiotako politikariak, galdutako konfiantza jarri du mahai gainean, baita Pedro Sanchezen Gobernuak bete ez dituen promesak ere. «Askotan esan diogu Espainiako gobernuari, nahikoa. Ezin dugu jasan egoera hau» dio politikariak. Besteak beste, Madrilgo exekutiboak iragarritako inbertsiotako batzuk ez direla heldu ziurtatu du Knörrek, «nola eskatu diezaiokezu Juntsi edo beste edonori bere botoa, baldin eta lehengo urteko konpromisoak bete ez badituzu?».

Adierazpenok, Omnibus bezala ezagutzen den super dekretua bozkatzeko Kongresuko saioa hasi aurretik egin ditu Juntseko ordezkariak. Valentziako DANAren inguruko laguntzak, garraio publikoaren inguruko laguntzak edota Pariseko Marceu etorbidean dagoen eraikina, Eusko Jaurlaritzaren erbesteko egoitza izandakoa, EAJri bueltatzea doaz dekretu horretan. Baina hori soilik ez, pentsioen erreforma eta hain ezaguna bilakatu den enpresa energetikoekiko ezohiko tasa, zerga iraunkor bilakatzea ere eguneko gaien artean daude (elkarrizketa hau emititu den unean, hastear zegoen eztabaida parlamentarioa). Bozkatu zen azken aldian, VOX eta PPrekin lerratu ziren Junts eta EAJ, enpresa horiek zerga gehiago ordaintzeaz salbuesteko. Tarragonan, «inbertsio handi batzuk jokoan» daudela azaldu du Knörrek euren posizioa justifikatzeko.

Izan ere, berretsi du euren helburu nagusia, Kataluniaren interesak lehenestea dela eta gobernuak bere zatia bete ezean, «pragmatismoa» izango dela euren jokabidea, ez direlako «mugitzen bakarrik ideologiaren arabera». Dionez, jende guztiak daki Junts ez dela modu iraunkorrean PPrekin lerratuko «are gutxiago VOXekin» eta gogora ekarri du PSOEk berak PPrekin adostu zuela Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Orokorreko berritzea. Hori dela-eta Junts «huskeriak esaten ari den alderdi bat bezala» tratatzeari uzteko exijitu du eta serio tratatu dezatela.

Karpetak

Juntsen karpetak ospetsu bilakatu dira; alegia, jorratzen ari diren aldarrikapen eta neurri politikoen agenda. Zentzu honetan, enpresa energetikoei zergaren inguruan adostasunik ez egon arren, bestelako gai batzuen negoziaketek aurrera diraute. Migrazioa eta hau kudeatzeko politikak daude Juntsen lehentasunen artean. Knörrek dionez, «Euskal Herrian arazo hori egon badago, baina Katalunian askoz ere larriagoa da egoera». Jarraian zehaztu du arazoa ez dela sortu migratzaileak etortzeagatik, baizik eta «modu ordenatu batean ez datozelako eta kudeatzeko ahalmenik ez dugulako, Quebecek duen bezala». Kataluniara heltzen diren migratzaileen ongizatea eta eskubideak bermatzeko, eskumena Kataluniaren esku uztea ezinbesteko deritzo.

Knörrek berak badu besapean beste karpeta bat, katalana, euskara eta galegoa EBn hizkuntza ofiziala izatekoa. Juntseko ordezkariaren esanetan, lan handia egin dute neurriaren legezkotasuna defendatu eta estatu-kideen zalantzak uxatzeko, EBko hitzarmenak berak jasotzen duena gogora ekarriz. Orain pilota Espainiako Gobernuaren teilatuan dagoela uste dute Juntsen, eta mezutxoa ere helarazten dute; «zeinek egin behar du horren defentsa? atzerri ministro Albares jaunak edo askotan guk eskatu bezala Sanchez presidenteak berak?, galdetu du Knörrek.

Arrakala independentista

«Tamalez» kataluniar independentisten artean galdu den eta ezinbestean berreskuratu behar duten batasunari dagokionez, honakoa dio Gorka Knörrek ERCri erreferentzia eginez, «etorkizunari buruz pentsatzen duen edonork lehen gauza pentsatu behar duena da nola berreskuratu etxean gelditu diren milioi bat boto-emaile horien konfiantza. Hori ez badugu egiten, jai dugu». 

Jaurlaritza Logoa