En direct

Zaloa Badiola - Peli Lekuona

«Inon erregulatuta ez dagoen inteligentzia agentearen figura ari dira erabiltzen»

La Directa hedabideak Herrialde Katalanetako mugimendu independentista eta sozialetan infiltratutako lau polizia identifikatu ditu. Aldizkarian burutu den kazetaritza lana pantailetara eraman dute ‘Infiltrats’ dokumentalarekin. NAIZ Irratian izan da Gemma Garcia, dokumentalaren zuzendarietako bat.

«Inon erregulatuta ez dagoen inteligentzia agentearen figura ari dira erabiltzen»

Loading player...
'Infiltrats' ikus-entzunezkoa.
'Infiltrats' ikus-entzunezkoa. (La Directa)

Astea igaro da ‘Infiltrats’ dokumentala plazaratu zenetik. 3Cat hedabideak La Directa eta Polar Star Films-en kolaborazioarekin ekoiztutako ikus-entzunezkoak Herrialde Katalanetako gizarte mugimenduetan infiltratutako lau polizia espainiar nola deskubritu zituzten kontatzen du, baita hainbat pertsona eta kolektiborengan izan zuen eragina, gertatutakoa ikertzeko borondate politikorik eza eta operazio hauen zilegitasunaz eztabaidatzeko beharra azaleratu ere.

Identifikatutako lau polizia agenteak promozio berekoak izateaz gain, 2019ko ekaineko Avilako polizia eskolakoak, bazuten gehiago amankomunean. Gemma Garciak, ikus-entzunezkoaren zuzendarietako batek, azaldu du Herrialdeko Katalanetakoak direla laurak. «Kolektibo eta mugimendu sozialetan infiltratzerako orduan garrantzitsua da hau, katalanez hitz egiten dutelako». Zein momentutan infiltratu ziren ere esanguratsua dela nabarmendu du. «Proces-aren ondorengo mobilizazio jendetsuen ostean hasi ziren mugimendu ezberdinetan sartzen, sasoi horretan Katalunian gertatzen ari zena ulertzeko Barne Ministerioak zuen behar batetik eta mugimendu independentista terrorismoarekin lotzen dutenean».

Mugak non dauden

Dokumental honetan jaso dituzten testigantzen artean dago, hain justu, oihartzun handia izan duen Maria Isern Torres poliziaren kasuari lotutakoa. Irudietan ikus daiteke nola Oscar Campos aktibistak, hiru urtez polizia infiltratuaren bikotekidea izandakoak, deskubritu egin dutela esaten dion poliziari. Tartean sartzen da urte horietan guztietan konplize izan den haren ama ere. «Erreportajean agertzen den polizia batek dioen bezala, badakigu harreman horiek operazioaren parte direla, pertsonaia normalizatzeko, bizitza normala egiteko eta sinesgarritasuna emateko. Infiltratu horiek egunean 24 orduz lan egiten dutenez, harreman horiek burutzen ari dira nagusien agindupean eta gainbegirapean», dio Garcíak.

Beste kasuetako bat da Daniel Hernandez Pons agentearena. Bartzelonako La Cinetika zentro sozialean infiltratzeko inguruko zenbait emakumerekin izan zituen harreman sexu-afektiboak. Drogak ere kontsumitzen zituela azaldu dute zenbait testiguk, eta gainera, lortu ere egiten zituela. «Galderetatik galdera gehiago» sortu direla dio Gemma Garciak: «Non lortu du droga? Infiltratutako agente batek horrelako jarduerak egin ditzake? Sinesgarritasuna lortzeko estrategia horietan non gelditzen dira pertsonen eskubideak? Non daude mugak?».

Hecha la ley, hecha la trampa

Dokumentalean azaltzen da infiltratutako agentearen figura dagoela, eta baita ere honen parekoa den inteligentzia agentearena. Garciak argi eta garbi dio azken hau «ez dagoela inon erregulatuta». «Herritarrek eskura duten ezein arau-eskuliburutan ez da ikusten figura horren erregulaziorik. Figura horrek ezkutuko agente batek egiten duen gauza bera egiten du, Prozedura Kriminalaren Legean araututa dagoena, baina epailearen baimena eta gainbegiratzea eskatzen duena».

Horrenbestez, «alegaltasun» egoera nagusitzen dela aipatu du, ez dakitela zer funtzio egin ditzakeen figura horrek, zer informazio har dezakeen, zenbat denboraz egin dezakeen eta zer egiten den eta non biltzen den hartzen duten informazioa.

Judiziopera

Afera judiziopean dago dagoeneko, nahiz eta ikus-entzunezkoaren zuzendariak ohartarazi duen ‘stand-by’ egoeran dagoela, «ireki diren prozedura judizialak goragoko instantzien erantzunaren zain baitaude».

Bartzelonako kasuari dagokionez, infiltratuari eta haren nagusiei «tratu txarrak eta tortura leporatzeaz eta sekretuak ezagutarazteaz gain, sexu erasoa ere leporatzen zaio». Gemma Garciaren arabera, eta abokatuek eurek aitortu dutenaren arabera, «delitu hori gaur egungo Zigor Kodean sartzea zaila da». Dena dela, salatzea erabaki dute, uste dutelako «ez dela egon harreman horiek izateko baimenik, ez delako egon polizia infiltratu horien benetako nortasunaren ezagutzarik». «Engainu nuklearra da, periferikoa, pertsona bera desmuntatzen duena», azpimarratu du Garcíak.

Badira beste kereila batzuk ere martxan. Hala nola Gironakoa, non «iraupen luzeko harremana dagoenez lesio delitua» egozten zaion. «Iraupen luzeko harreman horrek ondorio oso gogorrak izan zituen, bai psikologikoki eta baita sozialki ere».

Jaurlaritza Logoa