En direct

Itxaso Leon - Peli Lekuona

PAI ereduak «euskarari kalte egitea» lehenesten duela salatu du Steilasek

Programa elebiduna bideratzen duen sistema da PAI. Nafarroan ere indarrean da, eta Estatuko beste txoko batzuetan programa honekin atzera egin arren, Nafarroan eztabaida gori-gori dago. Horren inguruko xehetasunak azaltzeko, Raul Lopez izan dugu NAIZ Irratian, Steilas sindikatuko kidea.

Audio_placeholder

PAI ereduak «euskarari kalte egitea» lehenesten duela salatu du Steilasek

Loading player...
Lanpostuen ezegonkortasunaz gain, ikasleena ere salatu du sindikatuak. Artxiboko argazkia.
Lanpostuen ezegonkortasunaz gain, ikasleena ere salatu du sindikatuak. Artxiboko argazkia. (Iñigo Uriz | FOKU)

Tokiko hizkuntzen baitako murgiltze ereduekin sortzen diren arazoak zein hezkuntza mota honek sortzen duen behin-behinekotasun tasa altua tarteko, Steilas sindikatuak auzitara eraman du legea eta epaileek bertan behera utz lezakete.

Sistema horren ezarpena, Steilaseko Raul Lopezek kontatu digunez, ez zen PAI Legearekin hasi. Aurretik ere jarri izan zuten abian, 2022 urtean, hainbat lanpostu egonkortzeko hasierako asmoarekin. Estatu mailan lege bat eta egitasmo bat bazirela aprobetxatuta egin zuten hori, administrazio publiko guztietako hainbat funtzionariorekin; ingeleseko profila zutenekin zehazki, bazterrean beste asko geratu zirelarik.

Hasieran ikastetxe bakoitzak bere programa prestatzen zuen, baina denborarekin eta foru agindu baten bidez ordu kopuru horiek murriztea erabaki zen, eta askok «minimoan uztea erabaki zuten».

Ezegonkortasuna nagusi eta euskara arriskuan

Lanpostuen ezegonkortasunak, baina, ikasleen baitako ezegonkortasuna ere eragin dezake. Hala baieztatu du Lopezek, esanez maila akademikoa nabarmen jaisten dela hainbat irakasgai ingelesez ikasten dituzten kasuetan. Maiz, «ikasle horiek gelatik ateratzen dituzte, eta talde txikiagoetan banatzen», baliabideak baldin badituzte.

Okerrena, Lopezek salatu duenez, «herri horietan euskararen irakaskuntza kaltetzen» dela. Egun, Nafarroako ikasleen % 60k ez du inolako harremanik euskararekin.

Aldaketa, batez ere, D ereduan etorri da: lehendik ere problematikoa bazen eredu horretan lortu nahi zen murgilketa murriztea, ingelesa tartean sartu ostean are zailagoa da.

Helegitea bidean

PAI Legea epaitegietara eraman dute orain, helegitea aurkeztu dute. Salatu dutena da, legedien arabera, irakasle funtzionarioak Estatu Kidegoetakoak direla. Bere garaian, nafar erakundeetatik presio handia egin omen zuten Espainiako Hezkuntza Ministerioan atzerriko hizkuntzak eskatzeko, aurrera atera ez, eta 2022an erabaki zuten foru funtzionarioen figura ateratzea.

Uneotan dituzten sei zerrenden baitan anabasa sortu da eta, tartean, erakundeen jarduna «hizkuntza apartheid» horren bidetik doala dirudi. «Euskarari kalte egitea» lehenesten dutela dio Steilaseko kideak, G ereduan ikasten dutenen ongizatearen kontura bada ere. Nafarroaren gotortze prozesu hori eskuinaren apustua omen da euskarari aurre egiteko, eta penagarritzat jo du hori gertatzen egotea, ustez Gobernu aurrerakoia izanik ere.

Guzti honen ondorioz, hainbat irakaslek «kinka larrian dute euren lanpostua», eta ondo daki hori elkarrizketatuak, sindikatuetara ere jotzen baitute.

Horregatik aurkeztu zuten helegitea, Nafarroako Auzitegi Nagusian lehenik eta Espainiako Auzitegi Gorenean gero, 2023ko udan. Iskanbila sortu da langileen kontra dauden edo ez dauden, baina argi utzi du Lopezek guztien alde egiten dutela lan.

Etorkizuna zalantzan

Epaitegiek helegiteari men egiten badiote, pentsatzekoa da hezkuntza prozesuan eta ikasleen curriculumean ondorioak egongo direla, oraindik ondo jakin ez arren nolakoak izango diren.

Dena zabalik dago, eta baliteke Gorenak aintzat ez hartzea eta kontrako epaia ateratzea, baina orain arteko bide sindikalarekin koherenteak baziren, egin beharra zuten, esan du Lopezek.

Balizko epai horren ondorio gisa, beste hainbat konturen artean, euskara «arrisku larrian» geratuko litzatekeela, aurretik ere hala ez bazegoen.

Gutxienez, hautazkoa izan dadin lortu nahi dute. Argi daukate, gainera, Legea izapidetzeko bide horretan oztopoak jartzen badira «oso problematikoa» izan daitekeela programarentzat gerora.

Murgiltze ereduarekiko desberdina da honako hau, eta erraza da pentsatzea Nafarroako Hezkuntza Sailak eta, zehatzago, Gimeno kontseilariak, helburuetako bat duela «euskararen irakaskuntza oztopatzea».

 

Jaurlaritza Logoa