En direct

Oinatz Aizpuru
NAIZ Irratia. Haria 2ko gidaria
Entrevue
Gorka Ovejero
Arruatzuko alkatea

«Ez da beharrezkoa hiri handiak lotzeko Abiadura Handiko Tren bat»

Ezkio ala Gasteiz Iruñearekin AHTz lotzeko eztabaida txosten teknikoek erabakiko dutela ziurtatu du Espainiako Gobernuak. Horretarako, udalen baimenik gabe egin nahi dituzte zundaketak. Haiek boikoteatzen ari direla diote zenbait mediok, eta hori gezurtatu du Arruatzuko alkate Gorka Ovejerok.

Audio_placeholder

«Ez da beharrezkoa hiri handiak lotzeko Abiadura Handiko Tren bat»

Loading player...
Gorka Ovejero 'Stop AHT zundaketak' plataformako kidea, Iruñean dagoen AHT-aren kontrako murala gibelean
Gorka Ovejero 'Stop AHT zundaketak' plataformako kidea, Iruñean dagoen AHT-aren kontrako murala gibelean (JAGOBA MANTEROLA | Foku)

Arruatzuko alkate eta AHTren kontrako ekintzaile Gorka Ovejero izan da gurean. Sakanatik Abiadura Handiko Trena pasa eta Arabako lautadatik Gasteiza edo Aralar azpitik Ezkiora joan behar ote duen ari dira eztabaida publikoan. Markoa, ordea, bestelakoa dela uste du Ovejerok; eta onurarik ez dakarrela minutu batzuk azkarrago iristeko azpiegiturak. Azken egunetan zenbait hedabidetan zundaketen boikotez atera diren albisteak gezurrak direla esan du.

«Guk dakigula Aralarren, ez Nafarroa aldean, ez eta Gipuzkoa aldean, ez da zundaketarik egin, eta beraz, gezur hutsa da jendea mehatxuak egitera edo saboteatzera joan dela, ez baita inongo zundaketarik egin Sakanan», argitu du Ovejerok.

Eztabaida nagusia Ezkiotik ala Gasteiztik joango den izaten ari da batzuen ahotan, baina badago beste aukera bat Ovejeroren ustez: «Badago beste alternatiba bat, zero alternatiba. Azpiegitura kaltegarri, ekonomikoki oso handia den eta ingurumenari eraso egiten dion azpiegitura baten aurrean, eta onura soziala, ekonomikoa zein mugikortasunarena oso txikia denean, badago zero alternatiba: hobea da ez egitea egitea baino. Guk hori aldarrikatzen dugu, ez da beharrezkoa hiri handiak lotzeko Abiadura Handiko Tren bat».

Gogoratu du «betiko trena» deiturikoa indartzea izan daitekeela aukera egokiena bere ustez, eskualdeak ere lotzen dituelako tren horrek, eta indartuz gero, herritar gehiagori egingo diola mesede.

Kalte gehiago mesede baino

Espaniako Barne Ministeritzak Gasteiz lehenetsiko lukeela ematen duela azaldu du, baina Arruatzuko alkatearen ustez AHTa bera da arazoa, «eta ez Gasteiz ala Ezkio». Lakuntzatik hasita 21 kilometroko tunel bat egin nahi dutela gogoratu du, Aralar guztia zulatuz eta ur erreserba guztiak desagerraraziz: «Leon eta Asturias artean jada saiatu ziren horretan, eta 15 urte egon dira ezin zulorik egin».

«Guretzako benetako galdera da: behar dugu Abiadura Handiko Tren bat? Euskal Herriak behar du horrelako azpiegitura suntsikor bat? Gure ustez ez», hausnarketarekin amaitu du elkarrizketa.

Jaurlaritza Logoa