En direct
Pedagogian lizentziatua, kontalaria, hezitzailea, bitartekari literarioa... Urteko lehenengo gonbidatua ezin izan dugu hobeto aukeratu. Mireia Delgado (Durango, 1984) etorri da gurera eta hariak izan ditugu hizpide; hariek dena lotzen baitute. Horietako bat da euskara, «zelako gauza ederra den hitzekin gertatzen den jolasa» esan digu Delgadok.
Sei urte zituenean euskaldundu zen, eta orain berak euskalduntzen ditu haurrak eskolaz eskola. «Niretzako oso interesgarria da eszena osoa ikusteko gaitasuna; kontalari bezala ere zerbait kontatzen ari zara, baina hori baino gehiago jakin behar duzu, nahiz eta ez kontatu». Eta filosofia horrekin aritzen da literatura lantzen ikasleekin.
2024 urtearen errepasoa egiteko eskatu diogu, eta balorazio ederra egin digu. «Egiten dudan hori nahi dudan bezala egitera heldu naiz, autentikoagoa da orain; baimena ematen diot neure buruari esateko: hemen 200 kilo brillantina» kontatu digu barrez.