En direct
Hamaika kantuz osatutako diskoa da ‘Jaioak hiltea zor’ lana. Zortzi abesti eta hiru interludio dituen lana, sintetizadoreak edota gitarra klasikoa agertu direna, baina beren marka propioari ukorik egin gabe. Izan ere, bide honetan, soinu propioa garatu eta identitate berezia duen taldea bihurtu da TOC.
‘Jaioak’, ‘Hiltea’ eta ‘Zor’ dira hiru interludioak eta diskoaren pasarte bakoitza desberdintzeko erabili dituzte. Unibertso bera izanagatik ere, dinamika eta jolas desberdinak baititu diskoaren zati bakoitzak. Dena beren lurraldea den baserrian egin dute, zero kilometro filosofiarekin. Hori bai, lau bideoklip izugarri ere grabatu dituzte Ximon Agirre, Maria Muriedas eta Alex Perezekin.
Diskoa kaleratu duten honetan, zuzenekoak ere martxan dituzte. Durangoko Azokako Ahotsenean eta Larrabetzuko Hori Bai gaztetxean eskainitakoen ostean, Hatortxu Rocken izango dira abenduaren 28an. Gero, aretoetako birari emango diote hasiera. Urtarrilaren 23an, Gasteizko Jimmy Jazzen; otsailaren 6an, Bilboko Kafe Antzokian; martxoaren 14an, Donostiako DabaDaban eta apirilaren 4an, Iruñean. Tartean, 40 Minutu Rock edota Lasako Banzai festibalean ere izango dira. Kontzertuetan, gainera, Pinpilinpussies eta Tatxers taldeak izango dituzte bidelagun.
Samurtasuna eta gordintasuna, elkarrizketan dena bikain azaldu ziguten, gainera. Eman buelta bat ‘Jaioak hiltea zor’ lanari.
;