En direct
«Konfiantza osoa dut iazkoa baino partida hobea izango dela»
Urte bikaina darama Goiuri Zabaletak eta honi ginga jartzen saiatuko da igande honetan Lau eta Erdiko txapela eskuratuta. Horretarako, Amaia Aldai, azken hiru urteetako txapelduna hartu beharko du mendean. Iazko final berbera errepikatuko da beraz, eta «errebantxarako gogotsu» azaldu da leitzarra.
«Konfiantza osoa dut iazkoa baino partida hobea izango dela»
Lasai agertu da Goiuri Zabaleta Lau eta Erdiko Master Laboral Kutxako final handiaren atarian, «egunean bertan etorriko dira urduritasunak», dio leitzarrak. Iazkoan baino maila hobea emango duenaren konfiantza osoz azaldu da 15 urteko pilotari nafarra, orain arte daraman urte biribilari ginga jarri asmoz. Horretarako, Amaia Aldai, azken hiru edizioetako txapelduna azpiratu beharko du Zabaletak. «Errebantxarako gogoz» azaldu da leitzarra, iazko finala ere elkarren aurka jokatu baitzuten txapela dimoztarrak eraman zuelarik 22-13 nagusituta.
«Oso partida gogorra» espero du leitzarrak, «baina dena ematera aterako naiz», gaineratu du. Joko puntu oso onean dagoela ere adierazi du, eta egindako urtea ikusi besterik ez dago hori baieztatzeko, Hiru Hiriburuak, San Mateo eta San Fermin torneoak irabazita dator nafarra. Iazko finaleko esperientziak ere lagunduko duela uste du Zabaletak.
Igandean Lau eta Erdiko final handia. Gogotsu zaude? Urduri?
Oraindik ez. Partidako momentua iritsi arte lasai ibiliko naizela uste dut. Gero bai, finala hasten denean urduritzen hasiko naiz, baina oraingoz ongi nago.
Aurkezpen ekitaldian nola ikusi zenuen aurkaria [Amaia Aldai]? Zein giro usaintzen zen?
Aurreneko iritsi nintzen eta hantxe hasi ginen argazkiak eta ateratzen. Gero bai, gero pilotalekua probatzeko aukera izan genuen –Sestaoko Las Llanas pilotalekua, hain zuzen–, ez batak ez besteak ez dugulako hor jokatu inoiz. Biok batera entrenatzeko aukera izan genuen eta egia esan, oso gustura aurkitu nintzen.
Amaia Aldai urduri ala lasai ikusi zenuen?
Nik uste oraingoz biok lasai gaudela. Igandea iritsi bitartean, nik uste biak nahiko lasaiak garela, baina behin kantxa barruan gaudela, kudeatu beharreko gauza bat izaten da urduritasuna.
Finalerdietan Itsaso Erasuni aparteko arazorik gabe irabaztetik zatoz, Capellan ere 9an utzi zenuen final-laurdenetan. Emaitza eta joko aldetik ondo baino, bikain zabiltzala esango nuke. Zu zeu zer-nolako sentsazioekin iristen zara finalera?
Nik uste urte hau oso borobila ari zaidala ateratzen. Oso gustura aurkitzen naiz kantxa barruan, bai binaka eta baita Lau eta Erdian ere, eta tira, gogo handiz nago jokatzeko eta nik uste joko maila onean joango naizela. Baina noski, bera ere oso indartsu etorriko da, aurreko partidetan ikusi den bezala, eta bueno, partida oso gogorra espero dut, baina irabaztera aterako naiz.
Uda bikaina egin duzu: Hiru Hiriburuak, San Mateoak eta San Fermin Torneoak irabazi dituzu, hiru atzelari ezberdinekin gainera, eta honek nolabait faboritoen artean jartzen zintuen Lau eta Erdikoari begira. Ez dakit finalerainoko bidean lasai aritu zaren ala presiorik nabaritu duzun?
Egia da behin final-laurdenak pasatakoan, presio hori pixka bat sentitzen duzula, pasa den urtean finala galdu eta gero, eraman beharreko erantzukizuna da. Baina nire buruarengan konfiantzaz egon naiz, eta banekien berriz ere hona iristeko gaia banuela eta zentzu horretan, oso pozik aritu naiz, egian esan.
Orain denboraldiko txapelik preziatuena izango duzu jokoan eta aurrean, iazko aurkari bera: Amaia Aldai, azken hiru urteetako txapelduna.
Aurrelari batentzat txapelik preziatuena hauxe da, bai, eta behin finalera iritsita... Iazko final berbera jokatuta, errebantxa jokatzeko aukera paregabea izango da hau.
Errebantxarako gogorik baduzu orduan, diozunaren arabera.
Bai, bai! Errebantxa baten beti dena eman beharra dago, arantza hori atera ahal izateko. Egia esan, konfiantza osoa daukat lehengo urtekoa baino partida hobea izango dela.
Aldaik azken hiru txapelak jantzi ditu Lau eta Erdikoan, baina zuk iazko esperientzia baduzu. Suposatzen dut errespetua baietz, baina beldurrik ez diozula.
Ez, normalean ez dut horrelako beldurrik izaten. Aurrean dagoena dagoela, nirea ematen saiatzen naiz eta dakidana egiten ahalegintzen naiz. Lehengo urtean egia da nahiko urduri nengoela aurreneko finala zelako, baina nik uste, behin hori pasata, lasaixeago aterako naizela eta gutxienez badaukadala esperientzia zer egin jakiteko.
Tira, errespetua Aldaik berak ere zurekin izan beharko du. Esan bezala, aurten uda ona egin duzu eta bere kasuan, Aldaik berak esanda, urte eskasa izan du eta gainera pilota uztekotan ere izan da. Beraz, aprobetxatzeko momentua izan daiteke?
Bueno, nik uste bera konfiantza hartzen joan dela partidak jokatu ahala eta bere onenera bueltatzen ari dela. Nik uste erakutsi duela berriz ere maila ikaragarrian dagoela, ez dela kasualitatea bera berriz ere finalean egotea, eta alde batetik, bai, egia da gaizki egon dela eta gaizki pasa duela, baina nik uste konfiantzaz bete-betean dagoela eta aurkari gogorra izango dudala aurrean.
Iaz 13an galdu zenuen finala; saiatu zinen eta une batzuetan gerturatu ere bai, baina esan dezagun Aldai «erraz xamar» nagusitu zela. Ez dakit partida hura ikusi duzun edo zerbaitetarako balioko dizun...
Bai, egia esan ikusi dut, behin baino gehiagotan ikusi ere aste hauetan, pixka bat gogoratzeko galduta ere egun polita izan zelako. Egia da 13an galdu nuela, baina lehenengo finala izateko nik uste ez zela hain gaizki egon. Ea aurten 22ra iristeko aukerarik daukadan!
Aldaik iaz ere Miriam Arrillaga izan zuen aurkari eta 3an utzi zuen. Aurten, ordea, zertxobait kostatu zaio eta 12an utzi du eta lehen erdia oso parekatua izan da. Gehiago kosta zaiola ikusten da behintzat!
Tira, nik uste iaz Miriamek ez zuela bererik eman. Oso jokoz kanpo egon zen partida hartan eta Amaia gainera oso oso ongi eta sendo aritu zen. Eta finalean sendotasun horixe bera erakutsi zuen ere; bera zen jaun eta jabe. aurten gauzak pixka bat zaildu zaizkio, baian oso ongi jokatu du, nolanahi, eta lehen esan bezala, aurkari oso gogor bat izango dut aurrean.
Argi dago adin tartea badagoela: Amaia Aldaik 24 urte eta zuk, berriz, 15. Horrek esan nahiko luke fisikoan edo indar aldetik honek eragina bere alde beharko lukeela. Ez dakit zein neurritan eragina izan dezakeen zuretzat.
Nik uste gehien nabarmentzen dela esperientzian, final gehiagotan egon delako. Halako egoerak kudeatzeko erraztasun handiagoa dauka. Egia da ere indar aldetik oso sendo dagoela, aurrelarien artean nik uste bera dela indartsuena, eta indar horren poderioz ahaleginduko dela uste dut niri kontra egiten eta nik hori saihestu beharko dut.
Dena den, gazteak oso indartsu zatozte. Ikusi besterik ez dago, Aldaik berak nola adierazi zuen hemendik aurrera txapelak eskuratzeko aukerak murriztu egingo zaizkiola. Ez dakit zuk ere hala uste duzun...
Bai, gazte batzuek iritsi gara honaino gure maila erakusteko, eta zenbat eta gehiago, hobe. Hala ere, nik uste Amaiak aukera handiak izan dituela ahal duen gehienetan irabazteko eta nik uste hemendik aurrera ere irabazteko aukeretan ibiliko dela.
Zuk uste emakumeen pilota garatu ahala, indar fisikoak diferentzia txikiagoak markatuko dituela, epe ertain eta luzera begira?
Bai. Tira, nik uste urtez urte gazteak indartzen joango garela eta handi horien parera jartzeraino iritsiko garela, baina ez da hain erraza. Tartean prozesu luzea dago.
Amaia Aldaik ditu txapel gehien Lau eta Erdikoan, eta zuretzat, berriz, aurrenekoa litzateke irabaziz gero. Pentsatzen dut gogotsu izango zarela palmaresean sartzeko?
Horixe da, bai. Txapelketa guztietan bezala, helburua txapela irabaztea da eta are gehiago kasu honetan Lau eta Erdikoa izanda, eta egia esan gogo handiz noa, fisikoki eta mentalki ere oso ongi aurkitzen naiz, eta gauzak diren bezala, jokatzeko gogoz nago.
Eskuak eta, orduan, arazorik gabe?
Arazorik gabe, bai. Egia da azken boladan justu xamar izan nituela, baina aspalditik buelta eman diot eta topera entrenatzen izan gara partida hauek jokatzeko.