En direct
Bigarren lan bat pauso garrantzitsua izaten da proiektu musikal baten bizitzan. Hala, Eiderrek eman duena horrela ulertu behar da. Gaua estudioan, Fruizen, hartu du aterpe eta bertan ondu ditu 8 kantuak Xabier Bengoa, Oihan Moreno eta Iker Villa ekoizleekin batera.
’Negua’ kantuarekin ematen dio hasiera diskoari, pop britainiarretik gertu dagoen abesti batekin, nahiz eta Kelly Clarkson bezalako artistak ere etortzen zaizkigun burura. Pianoak duen presentziak eraginda ziur asko. Maren izan du abesten ondoan, bien ahotsekin testura desberdinak lortuz. Negua depresioari egindako erreferentzia bezala hartu daiteke, baina bidean galduta dagoen norbaiten istorioa kontatzen digu.
Sendatzeko kantu bat jarraian, ‘Pirineoetan’, «bertan bakea topatzen» duela aitortu digu Saezek. Dolua pasatzen laguntzen duen kantu horietako bat, modu xumean, gitarra akustikoarekin defendatuta eta giroekin handitzen doan abestia.
Deep housearen unibertsora egiten dugu salto ‘Zenbat egun’-ekin. Kygo ekoizlearena bezalako unibertsoekin jartzen gaitu parez pare eta abesteko moduak berezi egiten du. Mozketak ditu, naturalak ordea: «Elektronikoki egin nezake eta akaso emaitza beste bat izango zen, baina zuzenekoari begira erabaki nuen nire ahotsarekin landu nahi nuen teknika bat zela».
Barruan duen hori kanporatzea asko kostatzen zaion baten iruditeria landu du ‘Ixiltzen duzun hori’ kantuan eta onartu digu «diskoa bera horretarako ere izan dela. Asko kostatzen zait barruko mina ateratzea eta sendatze moduko bat ere izan da diskoa. Horregatik, zenbat aldatzen garen edo nola aldatzen garen galdera diskoaren izenburuan ere», esan digu Eiderrek.
2000etako erditik aurrera egiten zen popera egiten dugu salto ‘Gau osoa dantzan (egun osoa lo)’ abestiarekin. Lady Gaga, Miley Cyrus, Katy Perry edota Rihanna bezalako artisten giroko abestia da, eta badira xehetasun batzuk hori baieztatzen dutenak. Dantzara eramaten gaituen kantua, kontrasteko mezua duena, desengainuaren mina gainditzeko dantza soluzio ona izaten baita.
‘Ezer ez da egia’, ‘Ez espero ezer nigandik’ eta ‘<3’ kantuekin ixten da diskoa. Ahotsari espazioa eman dio lehenengoan, pop abesti klasiko bat da single moduan etorri zen bigarrena eta, azkena, hain modan jartzen ari den drum'n'bass klasikoko erritmoz dago. Guztietan ere ahotsarekin jolas asko egin du, gainera.
Baga Biga Musika Ideiak zigiluarekin atera du diskoa eta bertan izango da Durangoko Azokan eskuratzeko modua. Dena dela, aurkezpen kontzertua ere izango du Plateruena, Ahotseneak antolatuta, gaur, abenduak 5, 21:30ean. Eguna bukatzeko plan borobila.