En direct
Asteburu honetan hasita, abenduaren 6tik 15era bitarte, zinemaren, mendiaren eta abenturaren zale amorratuek hitzordu garrantzitsua dute Bilbon ospatuko den BBK Mendi Film Festivalen. Mendiko, naturako, muturreko kiroletako eta kulturako zinemari eskainitako ekitaldia bueltan da, eta aurten bere 17. edizioa beteko du. Zinegile, atleta eta zaletu ezagunak bilduko ditu, istorio inspiratzaile eta paisaia ikusgarriz beteriko programazioa osatuz.
Denetarik izango du, eta aurtengo edizioan familia guztiarentzako ere zabalduko da. Festibaleko komunikazioaren arduradun den Aitor Elduaien bertan izan dugu jaialdiaren muinak aztertzen. «Familia publikoari eta etxeko txikienei ere eskaini nahi genien. Bigarren asteburuko egitarautik nabarmenena izango da hau.», aipatu du Elduaienek. Lehenengo asteburuan elur kutsua izango dela ardatz ere aipatu du.
Jaialdia nazioarteko zirkuituan erreferente gisa finkatu da, eta urrutiko mendietara egindako igoera epikoak nahiz gizakiak naturarekin duen harremanari buruzko kontakizun intimoak aztertzen dituzten filmen sorta bat aurkeztuko du. ‘Flying Hands’ filma izango da horietako bat, Bilboko ‘Al Borde’ ekoiztetxeak eginiko istorio inspiragarri eta boteretsua.
Proiekzioez gain, bertaratzen direnek hitzaldi, tailer eta erakusketetan parte hartu ahal izango dute. Asteburuetako proiekzio eta ekitaldiak Euskalduna Jauregian egingo dira, eta aste bitartekoak Gran Viako BBK aretoan.