En direct

Iker Gurrutxaga
NAIZ Irratia. MusikHaria saioko gidaria

‘Erosen heriotzak’, Birkiten lan introspektibo berria

Garai zailak pasa ostean sortu du ‘Erosen heriotzak’ diskoa Birkit Alonsok. Barruko minari begira jarri eta lau kantutan kanporatu du guztia Grezia klasikoko kontzeptuekin izendatuz abestiak. Azaroaren 23an 20:00etan Sopelan, Larrabasterrako Auzoetxean, okupatutako elizan, izango da lehen geltokia.

Audio_placeholder

‘Erosen heriotzak’, Birkiten lan introspektibo berria

Loading player...
Zarauzko Noise estudioan izan dira grabatzen Birkit taldekoak.
Zarauzko Noise estudioan izan dira grabatzen Birkit taldekoak. (Aitziber ORKOLAGA)

Greziar mitologian Eros maitasunaren jainkoa zen, sexu-erakarpenaren, maitasunaren eta koitoaren jainkoa; baita ugalkortasunaren jainkoa ere. Horri guztiari lotuta lau kontzepturen bueltan aritu da ‘Erosen heriotzak’ lanean, ‘Pragma’, ‘Philia’, ‘Storge’ eta ‘Philautia. 

Maitasunaren inguruan dira kontzeptu guztiak ere. ‘Pragma’ benetako maitasuna litzateke, desiotik harago doana. «Momentu zailenetan ondoan duzun horri eskainitako kantua da, benetako maitasuna hori baita. Melanoma bat atzeman zidaten eta horrek utzitako zauriak sendatzen izan nuenari, bikoteari, eskainitako kantua da nolabait ere», aipatu digu Birkitek MusikHaria saioan.

‘Philia’ abestian amorrua dagoela ikusten da. «Harreman pertsonal bat gaiztotu eta eten ostean sortu nuen abesti hau. Denborak egiten omen du heldu bat, baina hori ez da horrela, minak egiten du heldu. Taldean askoz ere gazteagoa den jendearekin izan naiz, eta adin desberdinetakoak izanagatik ere, bizipenek heldutasun maila berera eramaten gaituztela jabetzen zara», kontatu digu musikariak.

Aitaren heriotzaren inguruan sortzen da ‘Storge’ kantua. «Askotan ez duzu ulertzen gurasoek zergatik ez dizuten behar duzun maitasun hori eskaintzen, eta askotan hori ematen ez dakitelako da. Kosta egin zait hori ulertzea eta harreman hori aita heriotzaren atean zegoenean konpondu da. Berak ere bere gabeziak zituen, baina maite ninduela banekin, nahiz eta ez izan nik nahi nuen moduan. Storge hortik dator, maitasun familiar horretatik», esplikatu du Birkit Alonsok.

‘Philautia’ abestian norbere burua maitatzeaz eta amodio propioaz ari zaigu. Esaldi eder asko bat ere gordetzen du abestiak: «zorion hura gordez, akatsak sendatzen ditut». Lau kantu, sakonak, Ander Barriusorekin Zarauzko Noise estudioan grabatu dituztenak. Patxi Agirre eta Mikel Palenzuela ondoan izan ditu berriz ere Birkitek, baina, oraingoan, bateria-jotzaile berriarekin osatu dute lana, Claudio Pavan izan baitute bidaide. 

Danel Eizagirreren artelan dotorea eraman dute azalera eta edizio mugatuko binilo batean argitaratu dute guztia, beren bandcamp orrialdean eskuragarri dagoena. Zuzenean ere aurkeztuko dute eta lehen geldialdia Sopelan egingo dute, larunbat honetan, azaroak 23, Larrabasterrako Auzotzean, okupatutako elizan.

Jaurlaritza Logoa