En direct
Urte askoko aldarrikapenen ostean, Oronoz-Mugairin eraikitzea aurreikusita dagoen Lanbide Heziketako ikastetxeak ekarritako ilusiotik, kezkara igaro dira Baztanen, baina baita Malerreka eta Bortzirietan ere, proiektuarentzako hasieran esleitzekoa zen finantzaketa atzera bota duelako Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Sailak, ikastetxearen sorrera kolokan jarriz. Aurrekontuen gastu sabaia da, Carlos Gimeno Hezkuntza Kontseilariak argudiatutakoa eta ondorioz proiektua egiteko kaudimen ekonomiko nahikorik ez egotea.
«Eskualderako proiektu estrategiko bat» dela nabarmenduz eta Nafarroako Parlamentuak «aho batez» onartu zuela proposamena gogora ekarriz, hauxe da Elizondoko Lanbide Eskolako zuzendari eta irakasle ohi Mikel Iriartek azken gertakariez egiten duen irakurketa: «dena prest zegoen eraikitzeko eta 12 urte pasa eta gero, orain Gimenok eta luzapenez PSNk nonbait ere ez dute egoki ikusten eta hasierako puntura bidaltzen gaituzte». Nafarroako Gobernuak hartutako erabaki honekin, dagoeneko egindako izapide guztiak errepikatu beharko lirateke.
Kontuan hartu behar da, Oronozko ikastetxeak inguruko udalerrietako hezkuntza azpiegitura zaharkituak osatu eta indartzera zetorrela, handiak baitira lanbide heziketako arloan beharrak Elizondoko Lanbide Eskolan bertan, edota Berako Beti Ona Institutuan. Baina hezkuntzaz harago, Oronozko LHko ikastetxeak apustu bat suposatzen du eskualdearen etorkizunerako eta bertako populazioa lurraldean mantentzeko. «Berebiziko garrantzia dauka, bai ekomiaren garapenerako bai eta gizarte garapenerako ere. Hemendik Iruñera edo Irun aldera joateko 30-45 minutu behar dira», azaldu du Iriartek.