En direct

Peli Lekuona
NAIZ Irratia. Haria 1eko gidaria

«Elkarrizketari eta lankidetzari» lehentasuna eman nahi dio Bengoetxearen hautagaitzak

Joxerramon Bengoetxea EHUrako errektoregaiak uste du «ez dela praktikatzen ari deliberazioa, ez dela eztabaidatzen» unibertsitateko organoetan. Programa ekarri du Bengoetxeak, tartean euskararen sustapena. Quindos errektoreordearen irainen ostean, euren aurkako «dinamika bat» dagoela berretsi du.

Audio_placeholder

«Elkarrizketari eta lankidetzari» lehentasuna eman nahi dio Bengoetxearen hautagaitzak

Loading player...
Joxerramon Bengoetxea, NAIZ Irratiaren estudioan.
Joxerramon Bengoetxea, NAIZ Irratiaren estudioan. (Naiz Irratia)

Eva Ferreira Ekonomia aplikatuan katedraduna eta egungo EHUren errektorea eta Joxerramon Bengoetxea Zuzenbidean katedraduna eta errektore izateko hautagaia aurrez aurre izango dira azaroaren 26an egingo diren unibertsitate hauteskundeetan. Irunen jaiotako hautagaiak NAIZ Irratira ekarri ditu bere hautagaitzaren lehentasun eta proposamenak. Guztiaren gainetik, unibertsitate publikoan harremanak horizontalagoak izan behar direla uste du Bengoetxeak, sektore guztien parte-hartzea sustatzearekin batera. «Buelta bat eman nahi diogu. Garrantzia jarri nahi diogu hain zuzen ere denon arteko elkarrizketari, proposamenak entzuteari eta lankidetzari». Egitura parte-hartzailerik gabe, unibertsitaterekiko «desatxikimendua» handitu daitekeela ohartarazi du errektoregaiak.

‘Denon artean’ da Bengoetxea eta haren taldea osatzen duten profesionalen hautagaitzaren leloa, ongi adierazten duena praktikara eraman nahi luketen lan eredua. Klaustroen funtzionamenduak ongi irudikatzen du, Bengoetxearen arabera, unibertsitatean dagoen parte-hartze defizita. «Gure argudio nagusia da ez dela praktikatzen ari deliberazioa, ez da benetan eztabaidatzen ari. Orduan sentsazioa daukagu erabakiak erdi kozinatuta eramaten direla, mikrouhin labean jartzen da azken minutuan, berotu eta atera. Metafora honekin esan nahi dudana da ez dela benetan eztabaidarik gertatzen. Orduan gure proposamena da gauza batzuetan aldaketak egitea», azaldu du.

Boto telematikoa baimentzea, klaustro batean amaitu ez diren eztabaidek beste batzuetan segida izatea edota erantzun arrazoituagoak behar direnean horiek aurrerago eman ahal izatea dira proposatzen dituzten aldaketetako batzuk.

EHUko hauteskundeetako botere orekei dagokienez, doktore finkoek botoen %56 dute, doktore ez finkoek %8, ikasleek %22 eta gainontzekoek, %12. Bengoetxearen arabera, «sistema estamentala» dela esan daiteke eta gogora ekarri du LOSU legeari lotuta daudela portzentaje horiek. Lege hori aldatzeko aukera mahai gainean jarriz, teknikari, administrazio eta zerbitzuetako langileak «oso azpi-ordezkatuta daudela» azpimarratu du Bengoetxeak, eta hauen botere kuota handitu beharko litzatekeela.

Era berean, unibertsitateko profesionalek ikasleengana gerturatzeko beharra defendatzen du Bengoetxeak: «Ikusi duguna da ikasleekin hitz egiten, batzuetan bai, baina askotan ikasleek ez dakite oso ondo nola funtzionatzen duen unibertsitateak, zeintzuk diren organoak edo ordezkaritzarako bideak. Eta ez bakarrik ikasleek, irakasle askok ere ez». Zentzu honetan «partaidetza eskola» moduko bat sortu nahiko lukete, ikastaroak edota gidak eskaini ahal izateko ikasleei. Era berean, jarduera eta organoekiko konpromisoa agertzen duten ikasleak kredituekin saritzea proposatzen du Bengoetxearen hautagaitzak.

Ardatzak

Errealismotik, baina asmo handiko helburuak dituzte Joxe Ramon Bengoetxearen errektoretzarako hautagaitzan, arlo akademikotik ekonomiko eta sozialera zabaltzen direnak. Digitalizazioaren aldeko apustua, denentzako eskuragarri izango dena eta burokrazia zama arintzen lagunduko duena. Joan-etorriak sinplifikatzeko garraio publikoa sustatzea foru aldundiekin elkarlanean.

Halaber, ezinbesteko deritzo EHUko langile askoren prekarietate sistematikoaren aurka egitea, soldatak duinduz, eta arlo ezberdinen arteko ezberdintasun ekonomikoak parekatuz. Unibertsala izan nahi duen unibertsitate publiko batean, gizarteak eta merkatuak exijitzen dituen profesionalei bide eman behar zaiela uste du Bengoetxeak, baina eskari txikiagoa duten bestelako ikasketek merezi duten espazioa defendatuz ere bai.

Eta argi du Bengoetxeak EHUn jauzi kualitatiboa eman behar duela euskararen presentziak ikerketan, transmisio, dibulgazio eta batez ere, erabileran. «Nahi dugu EHU bilakatzea euskararen arnasgune eta erreferente gizarte osorako», nabarmendu du.

Joko zikina

Aurtengo EHUren hauteskundeak baldintzatuak datoz ezinbestean, aste honetara arte Ferreiraren hautagaitzako ordezkari izandako kide bat protagonista izan duen polemikarengatik. Gillermo Quindosek dimisioa eman du errektoreorde gisa eta Ferreiraren hautagaitzatik baztertu dute, Bengoetxea eta haren taldea erasotzeko X sare sozialean profil faltsu bat zabaldu zela jakin ostean. Besteak beste «ehiza txakur faxistak» deitu zien, eta ikasleentzat isunak eta gizarte lanak eskatu.

Iraindutakoei bezala, Ferreiraren beraren hautagaitzari «elkartasuna» adierazi dio Bengoetxeak haientzako ere «ezusteko desatsegina» izango zelakoan. Berretsi eta gaitzetsi du, hala ere, bere hautagaitza «desprestigiatzeko» kanpaina bat jarri dutela batzuek martxan; «iruditzen zaigu dinamika bat dela».

Jaurlaritza Logoa