En direct

«Biktimak izan behar dira zentroaren zentroan egongo direnak»

Martxoak 3 elkarteak eta Memoria Garak 70 testigantza bildu eta sarraskian izan ziren zazpi zauritu berri erregistratu dituzte. Aurrerapausoa dela diote, baina erakundeek ere aurrera egitea falta dela. Zehaztasunak emateko NAIZ Irratian izan da Julen Diaz de Argote, Memoria Gara elkarteko kidea.

Audio_placeholder

«Biktimak izan behar dira zentroaren zentroan egongo direnak»

Loading player...
Martxoaren 3ko gertakariak oroitzeko manifestazioa, Gasteiz
Martxoaren 3ko gertakariak oroitzeko manifestazioa, Gasteiz (Endika Portillo | Foku)

Martxoak 3 elkarteak 25 urte bete berri ditu eta urte luze hauetan bildu duten materiala inbentariatzen aritu dira azken hilabeteetan: liburuak, aldizkariak, berria, ikus entzunezkoak… Tartean, elkarrizketa lanetan ere ibili dira. 1976Ko martxoaren 3 hartan erail zituzten 7 langileekin, zaurituak izan ziren langileekin eta eliza barruan eta kanpoan sarraskia bizi izan zutenekin biltzeko aukera izan dute, besteak beste. Julen Diaz de Argotek, Memoria Gara elkarteko kideak azaldu du «espektro ezberdinak osatzen duten jendea elkarrizketatzen» saiatu direla, baita gordetzen dituzten objektuak biltzen ere.

70 testigantza berri jaso dituzte, eta horrela, «informazioa sistematizatzea» lortu dutela esan du: non jaio ziren langileak, non bizi ziren, zein fabrikatan egiten zuten lan, militatzen zuten… «Informazio ezberdina ere lortu dugu, zaurituen artean mapeo bat egin dugu jakiteko bakoitza non izan zen zauritua eta zelan». Elkarrizketez gain, etorkizunerako interesgarriak izan daitezkeen ikerketak sustatzeko datuak bildu dituztela argitu du.

Berritasunik ere ekarri du prozesu honek, 7 zauritu berriren berri izan baitute. Nahiz eta horietako batzuk hilik egon, beraien alargun edo senideekin hitz egin ahal izan dute. «Pozgarria» izan dela nabarmendu du Memoria Gara elkarteko kideak, 48 urteren ostean lortu delako beraiekin kontaktuan jartzea eta beraien historia kontatzea. Manuel Pizarro izan du bereziki gogoan.

Manuel Pizarro

Belaunean balaz zauritu zuten langilea izan zen Manuel Pizarro. Julen Diaz de Argotek azaldu du «emozionatuta» zegoela Pizarro urte guzti hauen ostean bere historia kontatu ahal izanarekin. Tristeki, ebakuntza osteko arazoak direla eta hil egin zen orain gutxi. Familiak eman zien elkarteko kideek bere heriotzaren berri. «Oso gertutik bizi izan zuen azken etapa hau. Familiak esan zigun oso pozik zegoela gu berarekin kontaktuan jarri izanarekin eta eskatu zien gu abisatzeko». Salatu du «inpunitate guztiarekin hil den zaurituetako bat» izan dela Manuel Pizarro».

Harreman instituzionalak

Bitartean ere izan dute aukera Eusko Jaurlaritzarekin eta Gogora Elkartearekin harremanetan egoteko. Eusko Jaurlaritzarekin, baina, alde bakarreko harremana izan da, ez baitute erantzunik jaso.

Oharra bidali zuten Eusko Jaurlaritzara behin betiko irekita behar zuen lehiatila bat eskatzen. Diaz de Argotek azaldu du etapa honetan zazpi biktima berri agertu direla, baina gehiago ere agertzea espero dutela: «Horregatik ezin daiteke leihatila hori itxi. Ezin daiteke momentuan ezagutu ziren biktima horiek errekonozitu eta karpetazoa eman. Agertzen joan daitezke giza eskubideen urraketaren beste biktima batzuk ere. Hori dela eta eskatzen genion behin betiko leihatila bat irekitzea kasu horiei erantzuna emateko eta biktima horiek errekonozitzeko». Momentuz, ez dute erantzunik jaso.

Gogora institutuko zuzendari berriarekin elkartzeko aukera izan zuten orain dela gutxi. «Sentsazio positiboa» izan zutela adierazi du Julen Diaz de Argotek, nahiz eta nolabaiteko «dikotomia» ikusten duten. «Saiatu gara 2023ko otsailean sinatu genuen hitzarmena baliatuz ahalik eta lan gehiena egiten zentro hau material eta memoriaz doitzeko. Baina beste alde batetik, instituzioak nahiko geldirik egon direla ikusi dugu, ez dutela aurrera pausorik eman. Ikusi beharko dugu zuzendaritza berri honek zein aurrera pausu eta zein kronograma planteatzen duen».

Zaramagako memoriala

Zaramagako elizan egongo den memorialaren irekiera nahiko «berde» ikusten dutela aitortu du. «Beti planteatu izan dugu egia dela ez daukagula presarik, biktimek 48 urte daramatelako itxaroten eta ez zaiela inporta apur bat gehiago itxarotea. Beti ere biktimekin egiten bada, memoria konpartitu bat baldin bada eta beraiek badira zentroaren zentroan egongo direnak». Nahiz eta presarik ez izan, «orain arteko tempoak ezin direla onartu» nabarmendu du Memoria Gara elkarteko kideak.

Jaurlaritza Logoa