En direct

Peli Lekuona
NAIZ Irratia. Haria 1eko gidaria

Elkar mugitu, euskara mugitzeko

Bueltan da Euskaraldia, aldaketa nabarmenekin gainera. Ariketa sozial izatetik aktibaziorako mugimendu izatera igaro da, eta data berria dauka. Hurrengo edizioa udaberrian burutuko da, maiatzaren 15etik 25era. Horri buruz aritzeko, NAIZ Irratian izan dugu Goiatz Urkijo, Euskaraldiko koordinatzailea.

Audio_placeholder

Elkar mugitu, euskara mugitzeko

Loading player...
Laugarren Euskaraldiaren aurkezpena, Iruñean.
Laugarren Euskaraldiaren aurkezpena, Iruñean. (Euskaraldia)

Laugarren edizioa du Euskaraldiak datorrena. 2018, 2020 eta 2022ko edizioen ostean, aldaketa beharra sumatu zuten bultzatzaileek. Eraldaketarantz jotzeko asmoz, ekimenaren inguruan lan egiten duten norbanako zein eragile ugarirekin bildu ziren, gogoeta prozesua abiatzeko. Hala, ostegunean aurkeztu zuten Euskaraldiaren edizio berri eta berritua.

Ariketa soziala baino, «euskararen erabilera berraktibatuko duen mugimendua» izatea du asmo oraingoan, Goiatz Urkijo koordinatzailearen esanetan.

Mugimendu hori pizteko bidean, tresna propioa izango du aurtengo Euskaraldiak: euskara aktibatzaileen gida-liburua. Hainbat erronka mahaigaineratzen ditu, baita ekimena zein euskararen erabilera mugiarazteko gakoak ere.

Hain zuzen ere, 'Elkar mugituz' da edizio berriaren leloa. Erabakia, noski, ez da ausazkoa: «mugimendua behar du euskarak, eta euskaraz ari garenean guk geuk ere mugimendua sortzen dugu, solaskidea mugitzen dugulako, baita jendartea bera ere», azaldu du Urkijok. Gaineratu du lehen hitza euskaraz egiteak edo elkarrizketa elebidunek euskararen erabilera areagotzen dutela, eta «milaka parte hartzailek, erronka horiei eutsita, mugimendua sortzen» dutela.

Aho eta belarri, arian

Aipagarriak dira Euskaraldiaz ari garenean 'Ahobizi' zein 'Belarriprest' txapa klasikoak edo 'Arigune' direlako espazioak. Frogatua dute ekimenetik oso baliagarriak izaten jarraitzen dutela, eta paper garrantzitsua jokatzen dutela estres linguistikoko egoeretan.

Udazken edo negu partean egin izan da orain arte ariketa; aurtengo aurkezpenean, ordea, argi nabarmendu dute 2025eko maiatzaren 15etik 25era bitarte luzatuko dela. Beste behin, hausnarketa sakonaren emaitza da berritasun hau ere: «lehenengo ediziotik entzun izan dugu udazkena ez zela agian unerik onena giro aldetik. Sinesten dugu maiatzean giro sozialago batean arituko garela, argitasun gehiagorekin, eta harremanak indartzen ere lagunduko digula data horrek».

Bi urtean behin izaten den 11 eguneko aldi horri jarraipena emateko, mugimenduaren ideia azpimarratu du Euskaraldiko koordinatzaileak. Jakin badakite antolatzaileek erabileran eragiteko tresna zinez eraginkorra eta masiboa dutela esku artean, baina «ez da nahikoa». Zentzu horretan, euskararen sustapenak urtean 365 eguneko presentzia izatearen garrantzia nabarmendu du.

Hain zuzen ere, ekimenaren baliagarritasuna hizpide, hirugarren edizioko inkesta eta ikerketen emaitzek ondorioztatu zuten «hiru parte hartzailetik bik hizkuntza ohiturak aldatu zituztela». Positiboki baloratu du Urkijok datua, ikusi ahal izan baitute adin eta profil desberdinetako pertsonengan izan duela eragina horrek, gazteengan eta gizonengan urriagoa izan bada ere.

Negua luze dator, baina oparo

Udaberria iritsi artean, asko dira itxaronaldia laburtuko diguten datak. «Azaroaren 7an Euskaraldiaren hamaikakoa aurkeztuko dugu; Euskal Herri mailako hainbat pertsona erreferente elkartuko ditugu, ekimenaren enbaxadore izango direnak. Abenduan, berriz, abestia aurkeztuko dugu, eta 2025ean ere beste mugarri batzuk izango ditugu», azaldu du Urkijok.

Datorren Euskaraldirako 11 egun baino zertxobait gehiago falta den honetan, badugu tartea oraindik elkarri eragin eta mugimenduaren gurpila aktibatzeko.

Jaurlaritza Logoa