En direct

Oinatz Aizpuru
NAIZ Irratia. Haria 2ko gidaria

«Kasko urdinen papera nahasia da, eta asko aldatu da historian zehar»

Nazioarteko harremanez, Nazio Batuen Erakundeko kasko urdinez eta Israelen erasoez hitz egiteko, NAIZ Irratira gonbidatu dugu Gabirel Ezkurdia, Geopolitikaz taldeko ikerlaria.

Audio_placeholder

«Kasko urdinen papera nahasia da, eta asko aldatu da historian zehar»

Loading player...
Beiruten gaineko Israelen erasoa.
Beiruten gaineko Israelen erasoa. (Marwan Naamani | Europa Press)

Hassan Nashrallaren ondorengoa hil zuen Israelek iragan urriaren 4an. Israelek eman zuen hasieran horren berri, eta orain Hizbulahk berak baieztatu du. Asmoak Hizbulahko lider guztiak hiltzea izaten jarraitzen du. Horren interpretazioa egin du Gabirel Ezkurdia ikerlariak NAIZ Irratian.

Gaineratu du horrelako ekimenek duten logikan faktore desberdinak mugitzen direla. Interesgarria izan daiteke kontuan hartzea pertsona bakoitzeko beste hiru daudela prest bere ekimena eta erantzukizuna jasotzeko, hura eroriz gero. Horrek zaildu egiten du ezaugarri horietako egitura batekin amaitzea, eta goitik behera aldatzen du, Ezkurdiaren hitzetan, «Mendebaldeko ikuspegi erredukzionista».

Hizbulahren aurka egiteaz gain, Israelek Libanon bake misioan zeuden Nazio Batuen Erakundeko (NBE) soldaduak ere erasotu zituen. Horrelako fenomeno bat ulertzen laguntzeko, adituak esan digu kasko urdinen rola aldatu egin dela historian zehar.

Dio Ezkurdiak kasko urdinek gatazkan hartzen duten paper hori nahasia dela, eta egoeraren arabera aldatzen dela, betiere Mendebaldeko interesekin bat ariko direlarik.

Kasu honetan, Libano hegoaldean Hizbulahrekin izan duten harremana aztergai, azpimarratu du ikerlariak erakunde terroristatzat hartu izan dela beti, eta beti saiatu izan direla horren ekintzak desegiten, Israelenak arazorik gabe jasotzen zituzten bitartean.

Misioaren xedeak desarmea edo bakearen egonkortzea bezalako elementuak jaso litzake, baina errealitatea da «ez dutela inoiz berdin jokatu».

Eraginkortasunik gabeko erakundea

Israelek hainbatetan egin du kasko urdinen kontra, dela tiroekin, jaurtigailuekin edo zuzenean tankeekin kolpatuz. Eskandalutzat jo liteke, baina «ondo erakusten du horrek Israelek NBErekiko duen jarrera». Hala ere, nola tratatzen duen ikusteak balio du agerian uzteko zenbat pisu galtzen ari den.

Galdetuta gaur egungo NBE 1930ean Nazioen Ligak hartutako tankera bera hartzen ari ote den, Ezkurdiaren iritzia da 2003an hil zela erakundea. Tarteka-marteka ikusten ditugu hainbat gertakari, baina gaur egungoa «beste liga bateko logika» dela du aburu, eta ez dagoela gaitasunik mundu mailan hori geldiarazteko. Hori dela eta, «Israelek Ameriketako Estatu Batuen eta Europar Batasunaren inguruan daukan inpunitatearen eta logikaren lekuko izaten ari gara», Ezkurdiaren esanetan.

Berriki ikusi ahal izan dugu Antony Blinken Libanon su eten bat adostu nahian. Galdegin diogu elkarrizketatuari zein izan daitekeen datozen asteetan Gaza edo Libanorekiko Israelen jarrera, ea gogortzeko bidean doan edo lasaitzeko zantzurik ikusten duen.

«Zaila» dela dio aurreikustea, eta gaia usteldu egingo dela, dagoeneko usteldu den moduan. Izan ere, adierazi du gure politikariak nolabait baldintzatzeko Mendebaldeko gizarteetan dauzkagun tresnek ez dutela balio.

Azken urtean egoera «mingarriago» eta «basatiago» bilakatu bada ere, tamaldu du jende gehienak nahiago duela ez jakin, errealitate materialista honek «mozkortuta». Zentzu horretan, ezkor azaldu da, ez baitu uste gauzak gehiegi aldatuko direnik.

Jaurlaritza Logoa