En direct
Pasa den astean aurkeztu zuten zuzendaritza berria Zarautzen. Hala ere, trantsizioa orain dela «urtebete eskas» hasi zutela azaldu dute Hamaika Telebistako zuzendari ohi eta berriak. Ainhoa Jauregi izango da aurrerantzean Hamaika Telebistako zuzendaria.
Iñaki Uriak, zuzendari ohiak, orain dela 3 urte jarri zuen mahai gainean lekuko aldaketa. «Etxe barruko berrantolaketan ari ginela ikusi genuen bazegoela ekipoa, eta ekipo horren baitan ere bazegoela lekukoa nork hartu».
«Une gogorrak» bizi izan dituztela, baina orokorrean trantsizioa ondo joan dela esan du Ainhoa Jauregik. Hainbeste urtez Hamaika Telebistako zuzendari izan ostean, Iñaki Uriak aitortu du lehenengo egun hauek «arraroak» izaten ari direla, baina «atsedena hartu eta pilak kargatzeko» beharra duela.
Aipatutako testigu aldaketa honez gain, beste bi pertsona ere batu dira zuzendaritza taldera. Maddi Mochales Digitalizazio arloko arduraduna bilakatu da eta Onintza Alustizak hartu du Finantza esparruaren gidaritza.
Zuzendaritza aldaketarekin aro aldaketa baten inguruan hitz egin dezakegu. Jauregiren esanetan «orain arteko lanari jarraipena» emango diote aurrerantzean, baina «garai berrietara egokituta». Azpimarratu du jarraituko dutela «euskararen normalizazioan ezinbesteko tresna izaten».
Hasierak
2006ko irailean jaio zen Hamaika Telebista, baina 2009an hasi zen emititzen. Nahiz eta gorabehera asko egon «bizirik» dagoenaren ideian egin du azpimarra zuzendari ohiak, «ez dela gutxi». «Orduan zeuden telebista asko desagertu egin dira. Zergatik? Ezin dutelako iraun gaur egun dagoen negozio eredu honekin». Gaineratu du, ein handi batean diru laguntzei esker lortu dutela aurrera egitea.
Premiak
Baliabide ekonomikoak dira ikusten dituzten premia nagusiak, horren gabeziak «izugarri mugatzen» duela adierazi du Jauregik. «Guk badakigu zer nahi dugun, baina baliabide gabe mugatuta gaude. Nahi badugu talentu berriak ekarri, profesionalak mantendu, lan-taldea egonkortu eta baldintza onetan eduki...». Erakunde publikoen «inplikazioa» ere faltan botatzen dute.
Belaunaldi berriak
Balioak eta misioa berdinak izanik, eremu digitalean egotean jarriko dute begirada aurrerantzean, belaunaldi berriekin konektatzea ezinbesteko ikusten baitute. Gazteekin lan egiteko ikus-entzunezkoak sarean mugitzea dela «gakoa» nabarmendu du Uriak, «hor zauden momentuan itsasoan zaude».
Hala ere, telebistak hegemonia galdu duen honetan, baina beti ere, audientziek eta ikusgarritasunak agintzen jarraitzen dutenean «komunitatearen konpromisoa» nabarmendu dute Hamaika Telebistakoek. «Hizkuntza gutxitua daukagun heinean, guk dena euskara hutsean ekoizten dugunez, gure komunitatearen konpromisoa ezinbestekoa da. Guk asmatu behar dugu modua komunitatearengana heltzeko, beraz bi aldeko lana dago hor».