En direct
Estatus politiko berri baten beharrean, estatuarekiko aldebiko harremanean, Euskal Herriaren nazio aitortzan eta batez ere, honek erabakitzeko duen eskubidearen aldarrikapenean bat egin dute berriki EAJk eta EH Bilduk Bizkaia eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Batzen dituzten gakoen bila aritu dira Gipuzkoako batzarkide Ianko Ganboa eta Esti Elduaien, EAJkoa lehena, EH Bildukoa bigarrena. Baikortasunez begiratzen diote hemendik aurrera eman daitekeen elkarlanari, bide hori egiteko prestutasuna agertu dute, baina iraganeko jarduera politikoa aurpegiratuta elkarri, bide horretan oztopo asko ager litezke.
Dena den, Gipuzkoako eta Bizkaiko Batzar Nagusietan bi indar politikoek estatus eta erabakitzeko eskubidearen inguruan lortutako akordioa, zerbait berritzaile bezala aipatu den arren, aspaldikoak dira ikuspegi nazionaletik heldu diren konpromisoak Ganboak azaldu duenez, «ez da berria Gipuzkoako Batzar Nagusietan gure arteko, alderdi abertzaleen arteko akordioa gai honetan. Nik uste dut urtero-urtero gertatu izan denaren errepikapen bat izan dela eta batzuek atera dute berria oso albiste berria balitz bezala, ez denean». Gipuzkoako mozioan onartu diren oinarri berberak, estatuaren berritzea, Euskal Herriaren aitortza subjektu politiko bezala, edo subjektu horren duen erabakitzeko eskubidea, EAJk berriki legebiltzarrera eraman duela, estatus berria martxan jartzeko bide-orriaren barnean.
Elduaienek berretsi du adostasuna puntu hauetan ez dela berria bi euskal alderdi nagusien artean, baina zentzu horretan «bidea» egitea falta dela gogora ekarri du, 2018ko Gasteizko Parlamentuko ponentziaren ibilbidea gogora ekarriz; ez da inoiz garatu gehiago. «Gipuzkoan termino batzuetan adostu dugu, Bizkaian ere bai. Bidearen hasiera da eta jarraipena eman behar zaio, paperatik harago». Zentzu horretan, Gipuzkoan jeltzaleek emandako urratsa «balioan jarri» nahi izan du EH Bilduko ordezkariak eta eskua luzatu dio EAJri, nazio gaietan elkarlanean jarraitzeko, aurrera egiteko borondatez.
Iraganean batak eta besteak hartutako erabakiek eta esandakoek katramilatu dute hein batean ordutik aurrera solasaldia, baina Elduaienek bezala Gamboak ere, egungo une historikoa baliatzearen beharra azpimarratu dute, nazio bezala aurrera egitekoa, euskal erakunde publiko gehienetan gehiengo abertzale argia dagoelako.