En direct
Ondarroako institura eta 1984ra egin behar dugu atzera TU-K taldearen sorrerari buruz hitz egiteko. Orduan bertan ikasten ari ziren Txomin Uribe eta Josu Aranbarri musikaren bueltan hizketan hasi eta talde bat sortzeko erabakia hartu zuten. Batak gitarra bat zuela esan besteari, besteak baxua hartu eta erritmo kutxa batekin hasi ziren abestiak sortzen. Handik gutxira batu zitzaizkien, ordea, Ander Ibarloza tronpetarekin, Bernar Ituarte gitarrarekin eta Justo Urkiri teklatuetara.
Gerora Piztiaken egin zuten moduan, Kirmen Uriberen hitzak baliatu zituzten sortutako abesti askotarako. Kirmeni bere anaia Txominek «lapurtu» eta gerora «erabiltzeko eskatutako» hitzekin osatu zituzten abestiak. Kirmenek ordurako sekulako gaitasuna erakusten zuen bere hitzak josteko eta erabiltzeko moduan.
Gauza horrela, bi maketa grabatzera iritsi ziren. Lehena, 1987an, ‘Existentzia’; eta, bigarrena, 1989an, ‘Beltza’. Gauza horrela, taldeak azken maketa atera eta 35 urtera eta elkarrekin hasi zirenetik 40 urte betetzen dituztela ospatzeko, 2023an Jose Lastraren Tio Pete estudiora jo zuten bi maketak bermasterizatu eta binilo batean gordeta utzi asmoz. Gainera, orain arte grabatu gabe zituzten hiru abesti ere gehitu dituzte aurrekoetara.
Zuzenekoak prestatzen ere badabiltza, erritmo kutxari hautsa kenduta. Markel Uribe, Txominen semea, izango dute bi sortzaileek hor bidelagun. ‘Tuka esaten da’, gogoratu, ez ‘tuk’ ez bestelako ezer. TU-K, 80etan moderno eta gaur egun ere bai.