En direct

NAIZ Irratia

«Lehen Ministroak esandakoak eskuin muturrari plazer egiteko izan dira»

Frantziako Asanblea Nazionalean izan da Peio Dufau EH Baiko diputatua, astearte honetan. Adierazi du Lehen Ministroa ez dela argia izan, eta hainbat gaitan «hitzik atera gabe» ibili dela. Aipatu dituen «xehetasun bakarrak» «eskuin muturrari plazer emateko neurri» batzuk izan direla gehitu du.

Audio_placeholder

«Lehen Ministroak esandakoak eskuin muturrari plazer egiteko izan dira»

Loading player...
Peio Dufau
Peio Dufau (Patxi Beltzaiz)

Astearte honetan egin dute Frantziako Asanblea Nazionala, eta bertan izan da Peio Dufau EH Baiko diputatua. «Lehen Ministroak esandakoak eskuin muturrari plazer egiteko» izan direla uste du Dufauk, «eskuin muturraren babesa behar baitu gobernamendua plantan atxikitzeko». Horren aurrean, Fronte Popularra «haserre» dagoela adierazi du, gehiengo osorik gabe irabazi baditu ere, hauteskunde horiek Fronte Popularrak irabazi dituelako. «Garaileak gu gara, eta hala ere, Macronek Barnier Lehen Ministro jartzea lortu du, bere politika ildotik jarraitzeko, eskuin muturraren babesarekin».

Dufauk adierazi du Lehen Ministroa ez zela argia izan Frantziako Asanblea Nazionalean: «Hainbat gaietan ibili da hitzik atera gabe». Horren harira adierazi du Barnierrek ez zuela «deus» aurkeztu asteartean, eta aipatu zituen «xehetasun bakarrak» direla «eskuin muturrari plazer emateko neurri batzuk migrazioaren, errepresioaren, justiziaren eta presondegien inguruan».

Astearte honetan greba eguna izan dute Frantzia osoan, eta jende «ugari» mobilizatu da Gobernu berriari esateko «egindako erretreta erreforma gehiengorik gabe pasa dela». «Guk ez dugu onartuko hori mantentzea haiek uste duten bezala. Beraz, borrokatu egin beharko da jende xumea defendatzeko».

Barnierrek Kaledonia Berria ere hizpide izan du, eta esan du ez dela parlamentura eramango hauteslegoa eraldatzeko legea. Dufauren ustez gai hori da «argitasun osoz» Barnierrek eman duen erantzun «bakarretako bat». «Zinez berri ona» dela uste du: «Sua hartu zuen Kaledonia Berriak Macronek hartutako erabaki baten ondorioz. Berak esan du erabaki hori bertan behera utziko dutela. Hori lehen urratsa izango da Kaledonia Berriko egoera lasaitzeko». Orain, bere ustez, ekonomia martxan jarri eta uhartea berreraikitzeko laguntza eman beharko da. Horren paraleloan «beraien independentziaren aldeko mugimendua berriz abiarazi beharko da, Emmanuel Macronek ukatu zuena».

Jaurlaritza Logoa