En direct

Ion Garate
Entrevue
Anne Erauskin
Bera Berako jokalaria

«Aurtengo helburu garrantzitsuena Europan egotea da, arantza kentzeko»

Bera Berak aste «polita bezain gogorra» du aurretik, Anne Erauskinen hitzetan (Ermua, 1998), Liga eta Europako hitzorduak baititu taldeak. Gipuzkoarrak «sentsazio onak» izan ditu sasoi hasiera honetan eta «motibatuta» dagoela aitortu dio NAIZ Irratiari.

Audio_placeholder

«Aurtengo helburu garrantzitsuena Europan egotea da, arantza kentzeko»

Loading player...
Anne Erauskin Porriñoren aurkako partidan.
Anne Erauskin Porriñoren aurkako partidan. (Jon UBRE | FOKU)

Denboraldi hasiera exijentea izaten ari da Bera Berarentzat, eta intentsitateak ez du behera egingo. Atzoko Ligako partida alde batera utzi, eta larunbatean Europari begira jarriko dira donostiarrak Benficaren etxean lehiatzeko, kanporaketako joaneko neurketan.

Zein balantze egiten duzu orain artekoaz?

Nahiko ondo hasi dugu denboraldia. Azkenean ekipo erdia berria da eta horrek prozesu bat dakar elkarren artean moldatzeko. Nik uste dut lan hori nahiko ondo egin dugula. Egia da aurreko asteko porrot hori. Elxen aurka jokatzen dugun bakoitzean badakigu partida garrantzitsu bat izango dela. Dinamika positibo batean geunden. Saiatu behar gara akatsetatik ikasten eta jarraitzen. Aste hau polita da.

Superkopan nagusitasunez lortu zenuten garaipena, dinamika onean zentozten eta porrot horrek mina egiten du.

Bai, hori da. Ondo jokatu genuen, baina egia da defentsan hanka sartu genuela, gehienbat bigarren zatian. Elx bezalako talde baten aurka ezin da momentu batean ere erlaxatu. Horrek kondenatu gintuen.

Larunbatean Europako ibilbidea hasiko duzue. Gogotsu egongo zarete dagoeneko.

Oso motibatuta gaude. Imanolek [Alvarez, entrenatzaileak] denboraldi hasieran esan zigun denboraldi honetako helburu garrantzitsuena Europa zela, begirada guztiak kanporaketa honetan jarri behar genituela. Klubak eta guk hor daukagu fokua jarrita. Hori da gure helburu garrantzitsuena. Aurreko denboraldian oso ondo egin genuen; hiru titulu irabazi genituen, denboraldi bikaina izan zen, eta arantza hori gelditu zitzaigun. Aurten saiatuko gara hori ere lortzen.

Zein planteamendurekin zoazte Portugalera?

Partida on bat ekartzea da ideia. Aurkaria aztertu dugu, baina garrantzitsuena da gu gure jokoan zentratzea. Kanporaketa pasatzeko garrantzitsuena da han paper on bat betetzea; %100ean joan behar gara, gero, buelta, pixka bat errazago izateko.

Iberiar Superkopan ere izan zen Benfica, baina ez zenuten elkarren kontra jokatu. Ikusteko aukera izan al zenuten?

Telebistan edo mugikorretik, bai. Talde potentea da. Jokalari on asko dauzkate; partida polita izango da jokatzeko.

Zenbateko aukerak ikusten dituzu pasatzeko?

Nik uste dut inoiz baino aukera gehiago ditugula kanporaketa hau pasatzeko. Talde ona da, baina uste dut hobeak garela, nahiz eta hori demostratu behar den. Ondo jokatzen badugu, gai izango gara.

Superkopan, Elxek Benficari irabazi zion eta zuek Elxi irabazi zenioten. Horrek erreferentzia gisa balio al dizue?

Ez, ez. Nahiago dut horretan ez pentsatu. Partida batean edozer gauza gerta daiteke.  %100ean ez bagaude, berdin du aurretik zer egin dugun. Motibazioa ez zaigu falta.

Zer moduz sentitzen ari zara?

Nahiko pozik hasi dut denboraldia. Sentsazio onak izan ditut aurreko partidetan eta motibazio aldetik ondo ikusten dut neure burua. Espero dut horrela jarraitzea.

Jaurlaritza Logoa