En direct
1.795 euroko soldataren aldarrikapena «behar batetik» datorrela azaldu du Mitxel Lakuntzak. «Gaur egun Euskal Herrian langile askok dauzkaten soldata horiek ez dute bizitza duin bat aurrera eramateko aukera ematen eta horren bueltan, eta ikusita Euskal Herrian ekonomiak sortzen duen aberastasuna, bi gauzak uztartu nahi izan ditugu: behar hori eta ekonomiak sortzen duen aberastasuna»
Beraz, «orain arte erabilitako molde eta irizpide batzuekin hautsi eta berriak sortu» nahi izan dituzte: soldatak ekonomiak sortzen duen aberastasunarekin lotu. ELA sindikatuko idazkari nagusiak azpimarratu du, beraz, aurrerantzean beraientzat ez dela «erreferentzia izango soldaten arteko konparazioa». «Gaur egun BPGa banatuko balitz Per capita eta ezarriko balitz %65eko irizpidea, aterako balitz gutxieneko soldata 1.795 eurokoa izango litzateke». Lakuntzaren ustez bi arazo daude gaur egun. Lehenengoa, 1.100 euroko gutxieneko soldata «ez dela nahikoa»; eta bestalde, «Espainiatik inposatzen zaigula zein izan behar den Euskal Herrian gutxieneko soldata». Arazo hauei irtenbidea emateko Herri Ekimen Legegile bat planteatuko dute hurrengo urtera begira, eztabaida Gasteizko eta Nafarroako parlamentura eramateko.
Urriaren 24ean aurkeztuko dute proposamena Bilbon, La Casillan. ELA sindikatuko idazkari nagusiak aipatu du «lehendabiziko lerroko militante guzti horiek biltzea» dela sindikatuaren nahia. Izan ere, beraiek izango dira Herri Ekimen Legegileak eskatzen duen sinadura bilketa «herriz herri eta lan-zentroz lan-zentro egingo dutenak eta planteatzen duten eztabaida honen alde babesa bilatzera irtengo direnak».
ELA sindikatuak Imanol Pradales lehendakariarekin eta Imanol Torres enplegu sailburuarekin batzeko aukera izan zuen. Bertan «neurri eta konpromisoen» gabeziez ohartarazi zituen sindikatuak. Osakidetza izan du adibidetzat Mitxel Lakuntzak: «Osakidetza ezin da konpondu langileen egoera konpondu gabe, lotuta dagoelako ematen den zerbitzuarekin». Lan osasunean ere atentzioa jartzeko eskaera helarazi zion Lakuntzak Torres sailburuari. Azaldu duenez «80 neurri zehatz baino gehiago biltzen dituen dokumentu bat» aurkeztu zuten. Mitxel Lakuntzaren iritziz «enplegu sailak izan behar duen lehentasuna lan-osasuna da», lan istripuen datu eta bilakaerarekin kezkatuta baitaude ELA sindikatuko kideak.
Horregatik «ikuskari gehiago behar direla» aldarrikatu du Mitxel Lakuntzak. «Enpresari askok badakite merkago ateratzen zaiela behartuta dauden neurri horiek ez jartzea, jartzea baino. Gero multa ordaintzen dute eta punto».
Euskal Estatu propiorantz
Azken kongresuaren ostean ELA sindikatuak Euskal Estatu propiorako bidea azpimarratu zuen. Xabier Antichen, Omnium kultur taldeko lehendakariaren, hitzak hartu ditu: «Independentzia aldarrikatzean, independentzia ekimenez bete gabe, indarrik gabe geratzen da». Planteatuko duten eztabaida ildo horretatik doala adierazi du Mitxel Lakuntzak. «Zergatik ezin dugu Euskal Herrian gure gutxiengo soldata erabaki? Zergatik ezin ditugu hemen nahi ditugun aurrekontuak ezarri inongo mugarik gabe? Zergatik ezin ditugu sektore publikoko langileen baldintzak hemen negoziatu bere osotasunean? Gauza horietan ematen da ere, gure ustez, burujabetzaren eta independentziaren aldeko borroka bat.
Estatus berriaren eztabaidaren inguruan ELA sindikatuak uste du «oinarri bat beharrezkoa dela eta etorkizunean ere berme sistema bat beharko dela». Eztabaida hori planteatzen baldin bada, esan du, hiru kontu jarriko dituztela mahai gainean: «Erabakitzeko eskubidea, marko propio bat eta euskara».