En direct
«Egia esan, ez nuen uste dena hain ondo joango zenik»
Ainhize Belarrek (Atxondo, 2006) «Iñi Ameriketan» (9a+) eta «Zeledon» (9a) kateatu berri ditu. 18 urte besterik ez, eta dagoeneko nazioarteko lehen lerroan kokatu da. Sekulako uda egiten ari da atxondarra, nahiz eta «udara hasieran ez nengoen oso motibatuta eta ez nintzen oso fuerte sentitzen».
«Egia esan, ez nuen uste dena hain ondo joango zenik»
Ainhize Belar momentu zoragarri batean dago, eta etengabe ateratzen ari zaio etekina. Duela aste pare bat, Baltzolan "Iñi Ameriketan" (9a+) kateatu bazuen, azkena La Lezen kokatzen den "Celedon" (9a) bidea izan da. Azken bi hauetan, lehen emakumezko igoera osatu du atxondarrak, eta "Iñi Ameriketan" bideari dagokionean, Espainiar Estatuan emakume batek inoiz lortu duen gradurik altuena da. Hogei urte atzera egin beharko genuke antzeko zerbait ikusteko, hemen ere beste euskaldun bat, Josune Bereziartua. Lazkaotarrak 2005ean kateatu zuen "Bimbaluna" (9a/+).
Dena hain ondo irtetea zure aurreikuspenen artean al zegoen?
Egia esan, ez [barrez]. Asmoa zen oporretatik bueltatzen nintzenean poliki-poliki entrenatzen hastea eta orain serioago hartzea berriro; beraz, ez zegoen nire planetan, egia esan. Oso pozik.
Lezean kokaturiko "Zeledon" izan da azkena. Sei ekinaldi besterik ez. Nola izan da horren prozesua?
Oporretako azken astean egon ginen Lezean toki berriak ezagutzen. Lehenengo aldia zen eta egin nuen bide bat azkeneko zatia “Zeledon”-en berdina zuena. Bestera bueltatu ginen eta nahiko azkar egin nuen.
Hain azkar eginda, zure estiloko bidea al zen?
Hasiera batean pentsatzen nuen gehiago kostatuko zitzaidala, baina saiakera guztietan gero eta gorago jausten saiatzen nintzen. Hasieratik nahiko eroso sentitu nintzen estiloa izan zen.
Gainera, emakumezko baten lehen igoera da bide honetan.
Bai. Egia da udaran nahiko modan jarri den bide bat izan dela, bertako askok egin dutena, baina gogoa nuen egurra emateko.
45 metro inguru ditu bide honek. Ez da bereziki laburra.
Ez, ez. Denboratxo bat ematen dizu eskalatzen. 31 minutu edo horrelako zeozer pasa nituen.
Iker Pouk 2012an irekitako bidea da. Hark ere irailean egin zuen. Ez dakit paretaren edo klima baldintzen kontua izango den.
Egia esan, orain nahiko ondo egoten da. Fresko egiten duen lekua da, baina udaran tenperatura hori apur bat nabaritzen da. Eta orain kondizio oso onak egoten dira.
"Iñi Ameriketan"-en emakumezko baten lehen igoera, eta ez hori bakarrik: emakumezko eskalatzaile batek inoiz lortu duen maila altuena espainiar Estatuan. Sekulakoa.
Ez dut horretan asko pentsatzen, baina irakurtzen hasten naizenean esaten dut: “Ba, zeozer egin dugu” [barrez].
Pentsa, Josune Bereziartu bezalako izenen pare. Eta zu etorri zara eta markak hausten ari zara 18 urterekin.
Bai. Egia esan, Josune Bereziartu beti izan da erreferente bat eta ikustea apur bat bere ibilbidea jarraitzen ari garela, gauza oso polita da.
"Iñi Ameriketan” bideak, zure barne sentsazioen aldetik, eman dizu lan gehien? Edo ba al dago komeria gehiago suposatu dizun besterik?
Dudarik gabe, hau izan da gehien kostatu zaidan bidea. Kondizioak bilatzea oso zaila izan da. Askotan joaten nintzen Baltzolara, fuerte sentitzen nintzen baina etxera bueltatu behar izaten nuen. Hori gestionatzea ez da erraza izan, baina prozesu polita eta asko erakutsi didana izan da.
Sputnik taldeko kidea zara. Beraz, suposatzen dut lantalde bat baduzula atzean.
Sputnik kristoren taldea da, laguntza pila bat jasotzen dugu hortik. Azkenean egunero dugu kontaktua entrenatzaileekin, denon artean joaten gara helburu berriak pentsatzen, estrategia komentatzen eta denon artean erabakitzen. Alde horretatik, oso eskertuta nago.
"Zeledon" eta "Iñi Ameriketan" azkenak dira, baina udan “Txirrin txirran” (8b+, bistan) eta “Activos tóxicos” (8c) egin dituzu. A zer uda!
Ezin da gehiago eskatu. Oso pozik. Egia esan, udara hasieran ez nengoen oso motibatuta eta ez nintzen oso fuerte sentitzen, baina gero bi aste egon ginen Ceusen. Leku gogorra da eta nik uste dut hortik sasoian bueltatu nintzela. Gero poliki-poliki erritmoa sartzen joan nintzen arrokan eskalatzen, eta hori guztia nabaritzen da.
Paretan orduak sartuko dituzu, eta rokodromoan ere, baina nola entrenatzen zara?
Astean zehar gehienetan, entrenatu. Eskalatzen ez dudan egunetan gimnasio apur bat sartzen dugu, denetarik lantzeko.
Eta mendian luzeak egitea gustuko al duzu?
Ba, begira, herenegun joan nintzen lehen aldiz. Ez dut erreferentzia askorik, oso desberdina da, baina asko gustatu zitzaidan.
Nazioarteko lehen lerroan jarri zara 18 urterekin. Astirik baduzu horretaz jabetzeko?
Sekulako erokeria izaten ari da, aldaketa nahiko, eta atera den guztiarekin oso pozik nago. Oso motibatuta eta gogotsu, jarraitzeko.
"Zeledon" izan da azkena. Orain zein asmo duzu, jakin badaiteke?
Hemen proiekturen bat aurkitzea, eta gero asmoa dut Katalunia aldera bidaia batzuk egiteko.