En direct
NAIZ irratiako ‘Reggae Fever’ saioak 15. denboraldia bete du, eta urteurren borobila kontzertu batekin ospatuko du, nola bestela! Jamaikako ‘The Pionners’ talde mitikoak kontzertua eskainiko du Bilboko Kafe Antzokian datorren urriaren 12an, sarrerak salgai daude jada. Eneko Alkorta ‘Reggae Fever’ saioko gidaria ‘Musikharia’ saioan izan da urteurren festa eta denboraldi berria aurkezten.
«Reggae sukarra ona da!» aldarrikatzen du Eneko Alkorta saioko gidariak asteroko saioan. Zangotzako ikastolako Amets irratian hasi zen saioa egiten, ondoren salto egin zuen Info 7 irratira eta azken bost urteak NAIZ irratiarekin eman ditu. «Hasi nintzenean ez nuen uste 15 denboraldi egingo nituenik», aitortu du Alkortak.
Astero-astero, hutsik egin gabe, hainbeste urtez fin aritzearen giltza zein ote den galdetuta argi Du: «Ez naiz atzera begira jarri. Egunean egoteak indarra ematen dit, baita Euskal Herriko eszenaren berri izateak ere», dio. Baina ez hori bakarrik, «Zangotzatik saioa egiteak, eta euskaraz, gainera» are gehiago motibatzen du. «Nik ez dakit zenbat jende dagoen hor, baina badago jendea. Eta entzule ziren asko lagun bihurtu dira orain». Hain zuzen ere, lagun horiek elkartu dira Reggae Fever saioarenen urteurren kontzertua antolatzeko, eta, bidenabar, ‘The Pioneers’ taldea Euskal Herrira ekartzeko. Pantx Records eta Gure Gauza kolektiboekin eta bertze hainbat reggaezaleekin antolatu dute gaualdia.
‘The Pioneers’ taldea Euskal Herrira ekartzea ez da guztiz kasualitatea. Kontuan hartu, Reggae Fever izena talde jamaikarren abesti batetik datorrela. Baina kasulitatea izan zena zera da: «Talde bat ekartzeko harremana egin genuen Gasteizen ezagutu genuen manager batekin, eta, gerora, enteratu ginen ‘The Pioneers’ taldearen managerra ere bazela. Elkar berotu ginen, baietz-ezetz…» eta urriaren 12an etorriko da Jamaikako banda legendarioa.
Gaueko 22:00etan izango da kontzertua eta Bilboko Kafe Antzokiko ateak ordu erdi lehenago irekiko dituzte. Sarrerak salgai daude online, aldez aurretik erosita 18 euroan, eta egunean bertan, 23 euroren truke. Noski, motorrak berotzeko aukera izango da Bilboko Alde Zaharrean. Binilo saioak arratsaldeko 18:00etan hasiko dira Bilbi plazako Ziburu tabernan Bea GB eta Lady Revoltekin. Kontzertua amaituta bestak Somera kalean jarraituko K2 pubean: 00:30etik aurrera Alfonso T17 eta Amunda Selektah ariko dira eskuz esku.
Denboraldiari berriari buruz galdetuta orain arteko formula jarraituko duela esan du Alkortak. Zertarako aldatu formulak funtzionatzen badu? Beraz, nobedadeak eta Euskal Herriko eszenare errepasoa ez dira faltatuko, elkarrizketek ere izanen dute haien tartea, noski. Aurtengo berrikuntza ordutegi aldaketa da, Reggae Fever ostegunetara itzuliko baita. Ostegunetik ostiraleko gauerdian (00:00) reggae sukarrak gora egingo du NAIZ irratian.
The Pioneers, Jamaikako talde legendarioa
The Pioneers, 1960ko hamarkadan sortutako Jamaikako reggae, soul eta rocksteady talde legendarioa da. Hirukote bezala hasi zen taldea eta abeslari ezberdinak izan ditu urteetan zehar. Bilbon, 1969tik elkarrekin dauden Jackie Robinson eta George Dekker (Desmonden anaia) izango ditugu. Haiena da 'Long Shot (Kick De Bucket)' izeneko abestia, arrakasta izan zuen, eta horrek nazioartean oihartzuna eman zien. Hasieran, rocksteadyan zentratuta egon arren, taldea reggae musikara igaro zen pixkanaka, garai hartako musika joerei jarraituz. Aipatzekoa da Euskadi Tropikala defendatzen zuten Hertzainak taldearen ‘Egunero’ abestiaren jatorrizko bertsioa The Pioneersena dela, “Time Hard” hain zuzen ere.