En direct

Itxaso Leon - Peli Lekuona
Entrevue
Nora Abete
Bilboko Mugikortasun zinegotzia

«Bilbon auto gutxiago sartu dira, eta kutsatzaileak direnak asko jaitsi dira»

Erabat indarrean da Bilbon Emisio Gutxiko Eremua. Lehen urtean, ibilgailuek etiketarik ez badute edo ‘A’ etiketa izanez gero, isuna jasoko dute. Bilbo da neurria abian jarri duen lehen hiriburua. Nora Abete, Mugikortasun zinegotziak sistemaren xehetasunak eskaini ditu ‘Informazioaren Haria’ saioan.

Audio_placeholder

«Bilbon auto gutxiago sartu dira, eta kutsatzaileak direnak asko jaitsi dira»

Loading player...
Nora Abete, Mugikortasun zinegotzia Bilboko Emisio Gutxiko Eremuaren berri eman ostean.
Nora Abete, Mugikortasun zinegotzia Bilboko Emisio Gutxiko Eremuaren berri eman ostean. (Oskar Matxin Edesa | FOKU)

Lehen egunaren balorazioa egin baino gehiago, azken hiru hilabeteena nahiago izan du aipatu Nora Abetek. Izan ere, ekainean jarri zuten indarrean neurria, eta astelehenekoa «aurrerapauso» berri bat besterik ez dela azpimarratu du.

Denbora honetan, egunero baimenik gabeko 1.600 ibilgailu igaro dira mugatutako eremutik, zinegotziaren arabera: «badakigu Bilbon oso kotxe gutxi sartu direla, eta kutsatzaileak direnak asko jaitsi irela».

Horrekin batera, ordea, «airearen kalitatea hobetzea» dela azken helburua gaineratu du, eta neurri osagarriak behar dituela horrek mugikortasun arloan, garraio publikoarekin zein oinez ugitzearekin lotutakoak. Pedagogiaren garrantzia nabarmendu du.

Salbuespenak salbuespen

Baina salbuespenak ere badira araudian bertan; medikuarenera doanarentzat edo Emisio Gutxiko Eremu horretan bizi denarentzat, kasu.

Ordenantza idazteko unean, Bilboko Udala kolektibo desberdinekin bildu zen, ostalaritzako langileak zein bizilagunak tartean, autoa beharrezko duten salbuespenak jasotzeko.

Ostalaritza lokaletara gerturatu behar duten kamioi eta furgoneten kasuan, Abetek nabarmendu du kasu batzuetan prest daudela kutsadura gutxiago emititzeko, eta pasabidea mugatzeko ezarritako ordutegiak errespetatuz egin dezaketela bestela, hau da, beste modu batean antolatuz euren eguneroko jarduna. Establezimenduek ere gonbidapenak luza ditzakete bezero eta hornitzaileentzat.

Errenta altuko pertsonek -gutxiago kutsatzen duen ibilgailu bat erosteko duten aukera dela eta- izango duten erraztasunaz galdetuta, Abetek erantzun du saiatu direla kasu oro kontuan hartzen, eta horregatik izango dela pixkanakakoa neurrien ezarpena.

Egunero trafiko bizia jasotzen duten gune esanguratsuak ere izan dira mintzagai. Tartean, Sabino Arana etorbidea, Autonomia kalea, Zabalburu edo La Salveko zubia. «Hirian kotxez nola ibiltzen garen aztertu dugu», azaldu du, «eta konturatu gara posible zela mugak ezartzea», trafiko gune horien ezaugarriak aintzat hartuta.

Mugikortasuna fokupean

Amaitzeko, beste aipagai batzuk ere ekarri ditu Abetek mahaigainera. Bilboko auzoetan eman daitezkeen bizilagunen arteko arrakala sozioekonomikoei dagokienez, adierazi du adostasuna «oso beharrezkoa» dela hirian auzoak aurrera eramateko, «denek hitz egin eta elkar ulertuz aurrera egiteko». Gaineratu du Bizkaiko hiriburuaren historian zehar beti egin izan dutela aurrera elkarrekin, hiri hobea egiteko.

Tentsio eremuen izendapena hizpide, diagnostiko bat egiten ari direla nabarmendu du, egoera ondo ezagutzeko.

Amaitzeko, subflubialaren obrari buruz, dio Nora Abetek mugikortasun jasangarria sustatu nahi dutela; hala nola garraio publikoa indartuz, bizikletaren aldeko apustua eginez edo oinez ibiltzea sustatuz. Eta proiektu hori, haren aburuz, «ez doa ildo horretan».

Jaurlaritza Logoa