En direct

‘Hamaika gau’ diskoarekin musika beltza besarkatu du Nuria Culla donostiarrak

Estudioko bigarren lana du Nuria Culla donostiarrak eta ahotsak protagonismo berezia hartzen du jazz, soul edota r&b estiloetako 11 kantuetan. MusikHaria saioan izan da eta zuzenean ere eskaini dizkigu diskoko bi abesti.

Audio_placeholder

‘Hamaika gau’ diskoarekin musika beltza besarkatu du Nuria Culla donostiarrak

Loading player...
Zuzenean ‘Hamaika gau’ diskoko pare bat kantu eskaini zizkigun Nuria Cullak MusikHaria saioan.
Zuzenean ‘Hamaika gau’ diskoko pare bat kantu eskaini zizkigun Nuria Cullak MusikHaria saioan. (Ioar AIZPURUA)

Duela urte batzuk, 2013an, jarri zen bakarkako bidean Nuria Culla musikari donostiarra. Gitarra klasikoko ikasketak egin ostean, jazz munduan eta ahotsean zentratutako goi mailako ikasketak egin zituen Musikenen, eta, egiari zor, nabari da hori guztia diskoan.

Erritmika bereziak, akorde progresio landuak, musika beltzaren bueltako estilo ugari dituen eta ahotsak protagonismo berezia hartzen duen lana baita ‘Hamaika gau’. Hiru hizkuntzatan abesten du Cullak, euskaraz, gazteleraz eta ingelesez, kantu bakoitzak eskatu dionaren baitan eta soinua ere horrela izan da, landua eta berezitu abestiz abesti.

Josu Ervitiren estudioan grabatu du eta ondoan izan ditu Javi Echarri (gitarra jo du bi abestitan), Gonzalo Encinal (pianoa eta teklatuak), Pablo García (baxua eta sintetizadorea), Edi Saborit (bateria), Eider Díaz (flauta), Jon Viejo (tronpeta) eta Miguel Parrondo (saxofoiak). Guztiak ere goi mailako musikariak eta estilo hauetan bikain moldatzen direnak.

Edizio fisikoan kantu guztiak egongo badira ere, ‘I used to’ eta ‘Casi nada’ abestiak ez dira disko digitalean egongo, aurretik single modura kaleratu baitzituen donostiarrak. Arturo Martin izan da diskoaren diseinuaz arduratu dena.

Zuzenekoak helduko dira, baina, bitartean, diskoa patxadaz entzuteko garaia da. Baita Nuria Cullak MusikHaria saioan eman zigun elkarrizketaz gozatzekoa ere.

Jaurlaritza Logoa