En direct

Hegoi Belategi
NAIZ Irratia
Entrevue
Lurdes Etxezarreta
AEKren Artezkaritza Kontseiluko ordezkaria

Benetako «doakotasuna» aldarrikatuz abiatu dute matrikulazio kanpaina AEKn

Ikasturtea hastearekin batera abiatu dute ere matrikulazio kanpaina AEKren euskaltegietan. Izena emateko prozesuaz, eta doakotasuna bermatzeko administrazioak erakutsi behar duen konpromisoaz hitz egin du Naiz Irratian Artezkaritza Kontseiluko Lurdes Etxezarretak.

Audio_placeholder

Benetako «doakotasuna» aldarrikatuz abiatu dute matrikulazio kanpaina AEKn

Loading player...
Lurdes Etxezarreta, matrikulazio kanpainaren aurkezpenean.
Lurdes Etxezarreta, matrikulazio kanpainaren aurkezpenean. (Oskar Matxin Edesa | Foku)

Irailaren 2tik zabalik dira AEKren euskaltegiak eta urtero bezala, matrikulazio kanpaina berri batekin ekin diote ikasturteari. Azken urteotan erraztasun ekonomiko ugari eskaini eta hauek «oso positiboki» baloratzen dituzten arren, helburu nagusia, erabateko doakotasuna bermatzea dela berretsi du AEK-ko Lurdes Etxezarretak, «AEK-k behintzat, besteen artean, uste du herritarrek dirurik aurreratu behar ez izatea erronka dela eta oraindik ez dela lortu». Izan ere, erakundeko Artezkaritzako Kontseiluko kideak gogora ekarri du «merkeago bada ere» ikasleek oraindik ere dirua aurreratu behar dutela «eta baldintza batzuk beteta berreskuratuko lukete diru hori».

Doakotasunarena, administrazioaren konpromiso eta arduratik lortuko den helburua dela argi dute. «Uste dugu administrazioek bermatu behar dutela euskara doan ikasteko herritarren eskubidea», azaldu du Etxezarretak. Diru laguntzei dagokienez, orain artekoei eutsi, eta berri bat ere martxan jarriko du Eusko Jaularitzak, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako A1 mailako ikasleei bideratutakoa. «Uste dugu pizgarri bat izan daitekeela, euskaratik urrun bizi diren horientzat».

Euren euskaltegien oinarrietako bat euskara ikasteko testuinguru «eroso» bat eskaintzea dela nabarmenduz, herritarrak izen ematera deitzen dituzte AEKtik. Hiru modu izango ditu interesdunak matrikulatzeko: aurrez aurrekoa edozein euskaltegian, webgunearen bidezkoa, ala telefonoz, 673 200 100 edota 946 464 000 zenbakietara deituta.

Jaurlaritza Logoa