En direct
Lander Martinez SUMAReko diputatuak ere ekin dio kurtso politiko berriari. Lan jardunaldiaren murrizketa su txikian egiten ari da SUMAR. Gabonetarako espero dute neurria indarrean egotea. Honek herritarrengan «inpaktu oso handia» izango duela uste du Martinezek; eta, ez soilik herritarren lanaldiaren murrizketagatik: «Lan jardunaldia ez da aldatu 100 urtetan. Honek irekitzen du bide bat ulertzeko etorkizuna badatorrela lanari eta produktibitateari eskaintzen diogun denboraren inguruko eztabaida batekin, pentsatuz zer nolako bizitzak izan nahi ditugun etorkizunean».
Enpresari asko kexu agertu dira neurriaren aurrean. Kexuek ez dute Martinez harritu; azaldu du enpresariak beti egon direla langileen eskubideak hobetzearen aurka: «Enpresari asko ditugu mentalitate zaharrekoak direnak. Beti metodo zaharrak erabiltzen dituzte beraien enpresek aurrera egin dezaten. Ez dute ulertzen gaur egun oso garrantzitsua dela langileek denbora librea izatea, hauen osasun mentala zaintzea eta enpresetan beraien partaidetza zein enpresen demokratizazioa bermatzea».
Espainiar politikagintza: migrazioa, Kataluniaren finantzaketa eta aurrekontuak
Espainiar politikagintzan azken proposamenak Sanchezen berrikuntza demokratikoaren neurriak izan ziren, eta, egun, eztabaida migrazio politiketara mugitu da. SUMAReko diputatuak adierazi du migrazioaren gaia agendan dagoen puntu garrantzitsuena dela, eta horren inguruko kezka ere badutela: «Eskuinaren errezetak mahai gainean jartzen ari dira. Momentu honetan Pedro Sanchez presidentea kanpaina bat egiten ari da 'migrazio zirkularra' deritzonaren inguruan. Guretzat hori ez da migrazioaren inguruan hitz egiteko modua». SUMARren ustez, migrazioa aipatzean «eskubideen», «mugikortasuna bermatzearen» eta «harrera herria izatearen» inguruan hitz egin behar da.
Kataluniaren finantzaketa berezitua izan da beste aipagaietako bat. Horren harira, Martinezen ustez «argi» esan behar da zein nolako Estatu eredua nahi den, eta zer nolako proposamenak nahi diren arazo politikoei aurre egiteko. SUMARrek Espainiaren nazio aniztasuna defendatzen duela azaldu du: «Gu beti izan gara Espainiako nazio aniztasuna ulertu eta babestuko duen indar politikoa». Horren aurrean, Kataluniako akordioa «normaltasun osoz» hartu behar dela adierazi du, hau «zilegi» delako.
Hurrengo aurrekontuen negoziaketa maiatzetik dago martxan. Gai honi dagokionez, SUMARrentzat etxebizitzaren inguruko soluzioak mahai gainean jartzea garrantzitsua da: «Gaur egun bizitza hobetzeko zein bakoitzak bere etxebizitza propioa erosteko ahalmena eta herritarren desberdintasun faktore nagusienak etxebizitzarekin zerikusia duten politiken ondorio dira».