En direct
Urtero egiten duten ariketa da ikasturteko presoen egoeraren bilakaeraren balorazioa. Beñat Uribe Sareko kideak, «ezinbestekotza» jo du ariketa. «Etengabeko bilakaera bat eskatzen ari garen honetan, eskatzen ditugun aurrerapausu eta eboluzioak ematen diren edo ez diren baloratzea ezinbestekoa iruditzen zaigu».
Dispertsio politiken amaiera
Dispertsio politiken amaierarekin, une honetan dugun errealitatea aldatu da. 148 euskal preso ditugu, horietatik 126 gizonezkoak eta 22 emakumezkoak. Euskal Herriko espetxeetan 143 daude eta frantses estatuan 6. «Aurreko urteetan egindako balantzeetan erdigunean jarriko genuke dispertsioa, eta zein zen presoen kokapen geografikoa, eta aurten orain arte ardatz izan den dispertsio hori balantzetik bertatik ere desagertu da».
Oraingoan baina, 2023ko abuztutik aurtengo abuztura bitarte, EAEko justizia sailburuordetzak presoen sailkapenean hartutako erabakiak jarri dituzte erdigunean. Distantzia elementua baztertu egin da balorazioari dagokionez, eta orain presoen sailkapen edo graduan jarri dute arreta.
Gradu progresiorako proposamenak
Izan dira kasuak, presoak berak gradu progresiorako proposamena jaso, hau Lakuan onartu eta Entzutegi nazionaleko fiskaltzara iritsi denean errekurtsoa sartu dena. Beñatek azaldu du, lehengo urteko balantzea eskuan izanda, errekurtsoak «jaitsi» egin direla, baina oraindik ere «zifra altuegia» dela.
Balorazioan azpimarratu dute, eskaera hauek, erabaki tekniko edo profesional bat direla, eta ez politikoa. Uribek azaldu duenaren arabera, «profesionalekiko errespetuagatik» egin dute hau. Finean espetxeetako juntak direlako gradu progresio hauek proposatzen dituztenak, eta presoekin tratua dutenak. Eta azaldu du eskaera hauek etsi edo berretsi ez direla egiten ezer «politikoagatik», baizik eta «erabaki profesionalengatik».
Onartutako 32 kasuz hitz egin daitke, baina horrek ez du esan nahi 32 presoz ari garenik, askotan preso bakar batek behin baino gehiagotan eskatu behar izaten duelako. Hala ere, zifra hau «altuagoa» izan zitekeela argi dute.
Konponbide prozesuari ekarpena
Atzetik aurrera eginda, balantze txostenaren sarreran honakoa diote: ETA duela sei urte baino gehiago desagertu bazen ere, haren izena erabiltzen segitzen dute konfrontazio sozial eta politikorako komodin gisa. Nabarmen ikusten dute salbuespen legediak baduela eragina «konponbide integral bati begira jartzeko». Beñatek azaldu digu Sareren ustez salbuespen legediak «inoiz baino zentzu gutxiago» duela.
Gizartearen babesa edo iritzi publikoak ere jokatzen du bere papera, eta zentzu horretan udan zehar dinamika zabala izan dute. Ikasturte hasiera gertu den honetan balantzearen ondorioak argiak direla adierazi du Beñatek. «Garbi ikusi da eta beste behin erakutsi dugu euskal gizartearen babes osoa dugula, euskal gizartea prest dagoela konponbide prozesuari ekarpenak egiteko». Eta argi azaldu du, «balantzearen balorazio positiboa» egingo lukeela.