En direct

Peli Lekuona

Otegi: «ERCrekin lortutako akordioaren kopia bat Illak Anduezari pasatzea nahi nuke»

Katalunian zein Euskal Herrian gertatzen ari direnei erreparatu die Arnaldo Otegik ostiral honetan NAIZ Irratian. PSC eta ERCren arteko akordioari garrantzia eman dio, nazioak egon badirela onartzen hasi direlako Madril aldean, «78ko Erregimenak lotutakoa deslotzen hasi zaienean».

Audio_placeholder

Otegi: «ERCrekin lortutako akordioaren kopia bat Illak Anduezari pasatzea nahi nuke»

Loading player...
Arnaldo Otegi, ostiral honetan NAIZ Irratian.
Arnaldo Otegi, ostiral honetan NAIZ Irratian. (NAIZ)

Azken orduetan Katalunian gertatutakoak nabarmen ezaugarritutako agertokian, NAIZ Irratiko mikrofonoetatik pasa da ostiral honetan EH Bilduko koordinatzaile nagusi den Arnaldo Otegi. Beste ezer baino lehenago horretaz galdetu zaio, jakina, bai Carles Puigdemont itzuli izanari buruz baita Salvador Illa president hautatu izanari buruz ere.

EH Bilduk Puigdemontekin harremana baduela ekarri du gogora Otegik eta pozik ageri da berriz Bartzelonan ikustearekin. Erabakiaren irakurketari dagokionez, ordea, ezer gutxi du esateko: «Estrategia politiko bati erantzungo dio, baina berak [Puigdemontek] esan beharko du. Logika politiko bat izango du, ados egon ala ez, baina berak azaldu beharko du». Errepresaliatutako president-eak erabilitako jokamoldeari buruz (jende aurrean agertu eta gero Parlament-era sartu ordez alde egin), Otegik ez du izkutatu «pixka bat harritu egin gaituela», baina hau, beti ere, «errespetu guztiarekin esanda».

Legebiltzarraren barruan jazotakoari buruz, Salvador Illaren hautaketaren bidez argi du «etapa berri bat ireki dela Katalunian». Bere hitzaldian PSCko buruak «Katalunia nazio gisa defendatu zuen, finantzazio berria aipatu zuen, hizkuntza katalanaren aldeko apustua egin zuen… Ea betetzen duen hori guztia, baina horren kopia bat Eneko Anduezari pasatzea nahiko nuke. Pisu politiko handiko kontuak direla uste dut».

«Estatu plurinazionala, nazioak, hizkuntzak... hitzez jartzen ari dira orain kontu horiek eta bidea esploratu behar dugu»

 

PSC eta ERCren arteko akordioari garrantzia eman dio EH Bilduko koordinatzaile nagusiak. Testinguru hau antzematen du horren atzean: «78Ko Erregimenak lotuta utzi zituen hainbat kontu deslotzen ari dira». Ondorioz, Estatu mailako «krisi bati erantzuten diote akordioaren edukin horiek. Lehenengo urratsa zera da: Estatu plurinazioala dela onartu behar dute, nazioak badirela, hizkuntzak badirela... Hitzez jartzen ari dira orain eta bide hori esploratu beharko dugu».

Katalunian indar independentisten artean orain dagoen «batasun falta» deitoratu du. Eta Euskal Herrira etorriz, hemen burujabetza bultzatzeko harreman nahikoa dela eta «herri honi tresna berriak emateko akordioak» egin daitezkeela ondorioztatu du.

Pradalesen lehen urratsak eta Nafarroako bi kontu

Elkarrizketaren bigarren partean, euskal kontuak izan ditu aipagai Otegik. Hasteko, Imanol Pradales EAEko lehendakariaren lehen urratsak. «Formetan aldaketa egiten ari da, Osakidetzaren alorrean esaterako. Horretarako bi arrazoi egon daitezke: lehendakari berri bat etorri delako, aldagai pertsonala, baina ez dut honetan gehiegi sinisten, edo borroka bat eta hauteskundeetan emaitza batzuk gertatu direlako, aldatzera behartzen dutenak».

EAJren aldetik aurreko hainbat akats zuzentzeko asmoa ikusten du baina sakoneko aldaketarik ekarriko ote duen ezin du oraindik aurreikusi: «Formak aldatzea garrantzitsua da baina edukietara joan behar dugu».

Honetan sakonduz, osasungintzaz abiatutako interlokuzio prozesua baloratu du. Otegiren aburuz, «Osakidetzan kudeaketa txarra egon da eta politika neoliberalak aplikatu dituzte (egun batetarako kontratuak, pribatizazioak…)», eta hauek lirateke, hortaz, konpondu beharreko gakoak. Bitartean, bilera horiek abiatu izana txalotu du: «Hauteskundeen aurretik konspirazio bat zegoela esaten ziguten, eta orain behintzat apustua denen artean egin behar dela onartzen dute».

«Alderdi politiko bereko jendea ari da eztabaidatzen AHTri buruz; ez dago amankomunean proiektu bat herri honekiko, bakoitzak bere interesen alde egiten du»

 

Uda partean eztabaida politikora itzuli den beste kontua Abiadura Handiko Trenarena da. «Harrigarritzat» jo du Otegik aldundien artean gertatzen ari dena. Izan ere, «alderdi politiko bereko jendea ari da eztabaidatzen. Orduan, zein da zuen proiektua herri honekiko? Ez dago amankomunean proiektu bat, bakoitza bere interesen alde ari da egiten». Kritika hauek erantsi dizkio: «Egia ez ziren gauza asko esan dituzte eta milioi asko gastatu dituzte. Egin dituzten txikizioak hor dira jada, baina hausnarketa egin beharko genuke gauza guzti hauetaz».

Nafarroako bi konturi aipamena egin die, azkenik. Atarrabiako pilotalekuan Euskal Herriko armarriaren kontrako erabaki judiziala, UPNk bultzatuta, «beren ahultasunaren ispilua dela» esan du Arnaldo Otegik. «Ipar Euskal Herrian ez dituzte ezabatzen, Estatuak ez duelako bere nagusitasuna zalantzan ikusten». Eta Lizarran txosnen aurkako erasoaldiaren ondorioz UPNk ere sortutako liskarraz, irakurketa hau utzi du: «Arazoak sortzeko sekulako ahalmena dute batzuek. Politikagintza txikia da hori eta herri honetan erronka handiak ditugu».

Jaurlaritza Logoa