En direct

NAIZ Irratia

«Kostaldea egoera onean edukitzea bada aldaketa klimatikoaren eraginari aurre egiteko modu bat»

Greenpeacek iragarri du hamar urtean euskal kostaldeko hondartzak galtzen hasiko direla. Honi buruz hitz egiteko Informazioaren Haria saioan izan da Lorea Flores, Greenpeaceko Hego Euskal Herriko koordinatzailea.

Audio_placeholder

«Kostaldea egoera onean edukitzea bada aldaketa klimatikoaren eraginari aurre egiteko modu bat»

Loading player...
Lorea Flores, Greenpeace taldeko Hego Euskal Herriko koordinatzailea.
Lorea Flores, Greenpeace taldeko Hego Euskal Herriko koordinatzailea. (Greenpeace)

Aurreikuspenen arabera, itsas mailaren igoerak Gipuzkoako hondartzen %70ean eta Bizkaikoen %45ean eragina izango du. Lorea Floresek azaldu du  honen ondorioz balitekeela kostaldearen zati bat desagertzea itsas azpian, baita muturreko fenomeno meteorologikoen areagotzea ere.

Eragina batez ere itsas bazterrean eta hezegune edo itsas adarretan izango du, eta Floresek azaldu du, igoera zentimetrotan ematen denez gutxi dirudiela, baina Bruum arauaren arabera zentimetro bakoitzeko metro bat egiten duela atzera kostaldeak. Eta kasu honetan, Bilbo hirian 40 metroraino egin dezakeela atzera.

Argitaratutako txostenak dio ez dagoela kostaldeko eskualderik arriskuan ez dagoenik. Iraganean muzin egin bazaio ere, kostaldean eraiki den guztiaren ondorioz, itsasoaren sartzeak ekar ditzaken kalte ekonomiko eta sozialak handiagoak izango dira. Honen aurrean, irtenbide onena ahal den heinean «kostaldeari edo naturari bere espazioa ematea» dela adierazi du. Baita honen aurrean hartzen ari diren irtenbide artifizialak «irtenbide faltsuak» direla ere.

Atzera egitea ezinezkoa dela argi dago, baina honen aurrean aldaketa klimatikoari aurre egiteko esfortzuak jarri behar direla adierazi du. Egunerokotasunean aldaketa eginez, baina «batez ere» enpresa eta instituzioei aldaketak egiteko eskatuz. Txostenean bertan hainbat proiektu zehatz aipatzen dira, baina orokorrean hauek duten eragina antzekoa da. Floresen hitzetan, proiektu «suntsitzaileak» dira kostaldeari eta ekosistemari begira, eta gainera «kutsadura eta gain-ustiaketa» eragingo dutenak.

Turistifikazioaren inguruan ere mintzatu da, eta argi azaldu du, gizakiaren presio handia ezartzen bazaie ekosistema natural hauei, ingurune naturaletako oreka kaltetu eta hauek duten babes funtzioa kaltetzen dutela.

Jaurlaritza Logoa