En direct

Naiz Irratia

«Arazo guztiak mahai gainean jarri, eta begiak ireki behar dituzte»

Txirrindularitza uda giroko kirol esanguratsuenetariko bat izaten da baina Gipuzkoan zail dago egoera. Horren inguruan hitz egiteko Naiz Irratian izan da Santi Osoro, Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioko jarduneko presidentea.

Audio_placeholder

«Arazo guztiak mahai gainean jarri, eta begiak ireki behar dituzte»

Loading player...
Aurtengo Ordiziako Klasikoaren irudietako bat
Aurtengo Ordiziako Klasikoaren irudietako bat (Gorka Rubio | FOKU)

Txirrindularitza udako kirol garrantzitsuetako bat izaten da. Zale asko leku batetik bestera ibiltzen dira, lasterketa handiak jarraituz. Hala ere, Euskal Herria ezaguna da bere harrobia dela eta. Txingurri lana egiten dute herrietako klub txiki askok, eta beraien saria izan ohi da herrian bertan lasterketa antolatzea.

Gipuzkoan zail dago egoera. Herrialdeko federazioko zuzendaritza osoak dimisioa aurkeztu du, lasterketak antolatzeko dauzkaten arazo administratiboengatik. Horren berri ematera etorri da gurera Santi Osoro, Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioko jarduneko presidentea.

Sustengaezintzat jo dute oinarrizko txirrindularitzak bizi duen egoera. Kontu berria ez den arren. 2023. denboraldian bi aldiz geratu behar izan zuten denboraldia. Izan ere, Gipuzkoako Trafiko Sailarekin lasterketak antolatzeko garaian izaten dituzten arazoak areagotu egin ziren.

Bilera askoren ostean Eusko Jaurlaritzan agerraldi bat egin zuten, eta bertan izan zen Santi. Azaldu digunaren arabera, Legebiltzarrean aho batez erabaki zen arazo guztiei aurre egiteko mahai bat sortu behar zela, lasterketa antolatzen edo lasterketan parte hartzen duten guztiak bilduko ziren mahai bat. Lehenengo bilera Tourraren ondoren egin zuten, eta hasteko ongi bazegoen ere, argi esan zuten jende gehiagoren ekarpena behar zela bertan.

Eta egindako ahalegin guztiak askorako balio izan ez dutenez, esan zuten aurtengo denboraldia ez zutela martxan jarriko arazoa konpondu arte, bestela iaz bezala ibiliko zirelako. Gauzak horrela dimisioa blokean aurkeztu dute, eta ez dakite zer gertatuko den aurrera begira. Osororen hitzetan. «panorama tristea» dago Gipuzkoan.

Jaurlaritza Logoa