En direct

Peli LEKUONA
Entrevue
Peio DUFAU
Fronte Herritarreko Frantziako Asanblea Nazionaleko diputatua

«Lehen ministro nor izango den ez da lehentasuna EH Bairentzat»

Seigarren barrutiko herritarrek Frantziako Asanblearako Fronte Herritarraren diputatu hautatu zuten Dufau. Astelehenean izan zuen lehen eguna Parisen. Euskal agendan jarriko du indarra; lehenik, etxebizitzaren auzian. Lehen ministroaren izendapenaz, dio pertsona bakarrak ez duela dena aldatuko.

Audio_placeholder

«Lehen ministro nor izango den ez da lehentasuna EH Bairentzat»

Loading player...
Peio Dufau, hauteskunde legegileen lehen itzuliaren aurretik NAIZ irratiari eskainitako elkarrizketan
Peio Dufau, hauteskunde legegileen lehen itzuliaren aurretik NAIZ irratiari eskainitako elkarrizketan (Guillaume Fauveau | FOKU)

Fronte Herritar Berria suertatu zen garaile pasa den igandeko Frantziar Estatuko hauteskunde legegileetako bigarren itzulian Ipar Euskal Herriko hiru barrutietan. Seigarrenean, lehia estua tarteko, Peio Dufau EH Baiko ordezkaria izan zen hautatua Frantziako Asanblea Nazionalerako diputatu. Abertzale bat Parisen ordezkari izatea historikoa da. Atzokoan hexagonoko hiriburura bidaiatu zuen Collette Capdeville eta Iñaki Echaniz bosgarren eta laugarren barrutietako hautetsiekin batera, kargu berriko zereginei heldu asmoz.

Estatu frantsesean ere, eta inkestek iragarritakoaren aurka, fronte herritarrak irabazi zituen hauteskundeak, ultraeskuinari muga jarri eta hirugarren postuan kokatuz. Bloke macronistak ere eustea lortu zuen, esperotakoa baino emaitza hobeak lortuz, bigarren suertatu zen. Idatzita ez dagoen legearen arabera, presidenteak epe motzean lehen indarreko ordezkari bat izendatu beharko luke lehen ministro. Emmanuel Macronek, ordea, ez du egungo lehen ministro Gabriel Attalen dimisioa onartu, eta ezkerreko blokean oraindik ez da hautagairik adostu. Dufauk NAIZ irratiari azaldutako moduan, ika-mika hori ez da EH Bairen lehentasuna: «Gure lehentasuna gure gaiak Asanbleara eramatea da; ez dugu sinesten pertsona bakar batek dena aldatuko duenik».

Euskal agenda lehentasun

Euskal Herriaren ahotsa eraman nahi du Parisera Dufauk, eta zentzu horretan, kanpainian zehar mahai gainean jarri dituzten erronkak eta euskal agenda izango dira bere jardunaren ardatz. Lehenik, etxebizitzaren afera jorratuko du. Dufauk gogora ekarri du Iñaki Echanizek etxebizitza turistikoekin loturiko lege proposamen bat abiatu zuela, baina, bozkatua izan zen arren, ez zen bururaino eraman. «Elkarrekin bultzatuko dugu berriz ere proposamena. Lehen urrats bat izango litzateke».

Bigarren eta hirugarren urratsak ere izango dira, noski. Tokiko laborantza-politikei heldu nahi die Dufauk. Horrez gain, euskara ere lan-ildo garrantzitsua izango da. Aliantzak bilatuko dituzte, eta aitortu du epe luzeko lana izango dela. Euskaraz gain, Estatu frantseseko beste hizkuntza gutxituen inguruan ere kontsentsuak bilatuko dituztela dio.

Ipar Euskal Herriko maneren oinordeko

Elkarlanaren eta sinergien garrantzia balioan jarri du Dufauk, eta inguruan izandako politikarien eta esperientzien inguruan hausnartu du. Esaterako, Jean Etcheverry-Aintzart diputatu lohizundarrak euskara eta autonomia aldarrikatu zituen. Kanpainiako Ziburuko mitinean, EH Baiko diputatuak oholtza gainean ondoan izan zuen Etcheverry-Aintzart. Sylviane Alaux diputatu ohi sozialistak bakegintzan izandako inplikazioa ere esanguratsua izan da Dufauren eskualdean. Ildo beretik egin nahi du berak lan. Ipar Euskal Herrian eragile asko direla eta haien proposamenak aintzat hartu eta Parisera eramango dituztela azaldu du, legeak proposatzeaz gain, gaiak ere mahai gainean paratuz. «Eraikitzea» eta «Euskal Herriko bozgorailu» izatea dira bere asmo nagusiak.

Sindikalgintza munduan garatu du bere militantzia nagusiki Dufauk. SNCFeko lankideek oraindik mezuak bidaltzen dizkiotela dio, diputatu hautatu izana ezin sinetsi. Halere, une historikoaren garrantziaz jakitun, trenbide sareko enpresako langileen bozka asko jaso dituztela azaldu du. Musikaria ere bada Dufau, baina orain denbora gutxiago eskaini ahal izango dio afizio horri. Hainbat taldetako gitarjolea da; Iluma taldearekin azken-aurreko kontzertua Baionako besten lehen egunean izango da. Udazkenean emango diote amaiera ibilbideari.

Jaurlaritza Logoa