En direct
Bilboko E28 Koordinadoratik Bilbao Bizkaia Harro jaialdiari boikota egitera deitu zuten. Udalak bultzatutako ekimena da, eta Ehgametik salatu izan dute, besteak beste, azken urteotan erakundeek 400.000 euro bideratu dituztela jaialdi horretara, eta ikuspuntu turistiko eta merkantilista batetik dagoela diseinatuta.
LGTBI Harrotasunaren eguna ospatzeko bestelako eredu bat posible dela sinetsita eta eredu hori sustatzeko bidean, koordinakundeko kideek euren deialdira batzeko gonbita egin dute, Palestinarekiko elkartasuna ere ardatz izango duen mobilizazio batean.
Ehgameko Gabri Lopezek erakundeen jarduna salatu du: «Gure iragan historikoa negoziorako aprobetxatzen da, eta turismo gay kapitalista erakartzeko, beste errealitate batzuk bazterrean utzita». Era berean, deitoratu du Udalaren aldetik ez dagoela «aldarrikapen politikorik kolektiboaren bizimodua hobetzeko, horren beharrak artatzeko edo talde zaurgarriak zaintzeko». Are gehiago, aldarrikapen politiko hori «bigarren planoan» gelditu ohi da edo ez da existitzen, «ez delako aipatzen».
Haren kide Gorka Arantzamendik gaineratu duenez, horrelako eredu baten helburua «borroka emantzipatzaileak asimilatzea, LGTBI kolektiboaren aldarrikapen grina murriztea eta ekainaren 28ko espiritu kritikoa desagerraraztea da». Ondorioz, «ez du borroka horretarako lekurik uzten».
Lopezen ustez «oso azaletik» egiten den jaialdia da eta ez da herrikoia: «klase elkartasuna ahaztuta gelditzen da».
Reem Damdam Sare Lesbianistako ordezkaria da, baita Palestinaren aldeko ekintzailea ere, palestinarra den aldetik. Azpimarratu du, gutako bakoitza anitza den bezalaxe, gizartean ere gauza anitz daudela aldatzeko, eta elkartasun filosofia hori ezinbestekoa dela eraldaketarako bidean edozein gai jorratzeko garaian.
Jaia eta borroka
Intersekzionalitatea dute abiapuntu Bilboko gizarte mugimendu orotan eta, jakina, baita E28 koordinadora osatzen duten taldeen artean ere: «Ardatz batzuk ditugu eta, horiek oinarri hartuta, beste aldarrikapenekin lan egiten dugu».
Hori dela eta, «jai herrikoi eta parte-hartzaile baten alde» egin dute hiru elkarrizketatuek, guztioi zuzendutakoa. Borrokarekin uztartuko dute eta, ildo horretan, Palestinari elkartasuna erakutsiko diote, hori baita aurtengo manifestazioaren leloa: genozidioan, harrotasunik ez.