En direct
«Betharram beldur erregimen bat zen»
Paue eta Lourdes artean kokatutako Betharram eskola katolikoko 30 bat ikaslek salaketak jarri dituzte, han pairatu zituzten eraso fisiko, psikologiko eta sexualen berri emanez. Astero Euskal Herriko 50 bat ikasle joaten ziren. Jean Claudek bere testigantza eskaini dio NAIZ Irratiari.
«Betharram beldur erregimen bat zen»
Paue eta Lourdes artean kokatutako Betharram eskola katolikoak Euskal Herriko haur asko jaso izan ditu. Igandero, Donibane Lohizunetik ateratzen zen autobusa hartzen zuen orduan Jean Claudek. Autobus horretan Ipar Euskal Herriko hainbat haur igotzen ziren Biarritzen eta Baionan, autobusa bete arte. Jean Claudek bere testigantza eman dio NAIZ Irratiari.
Lehen eskolan arazoak izan eta gero, Baionako batera lekualdatu nahi izan zuten gurasoek. Baina tokirik lortu ez zutenez, «askotan egindako mehatxua» bete zuten. 1986an iritsi zen Betharramera, 12 urterekin, eta 1993ra arte mantendu zuten gurasoek, «zuzentasunean oinarritutako hezkuntza» jasotzeko ideiarekin.
Baina urrunago zihoan «hezkuntza» sistema hura. «Beldur erregimen bat zen. Garai hartan uste zuten haur bat hezteko modurik onenak diziplina eta beldurra zirela». Betharramek bi gazte mota jaso zituen nagusiki: gazte gatazkatsuak eta familia dirudunetatik iritsitakoak, «bide onean jarri eta unibertsitatera joan ahal izateko».
Egun batean ikaskide bat 30 minutu berandu iritsi zen ikasgelara, eskuak odoletan. Hau izan zen Jean Clauderi atentzioa eman zion lehen gertaera. «50-60 lagun geunden gelan. Ondoan eserita izaten nuen mutila, zenbait kurtso errepikatu zituena, ordu erdi berandu iritsi zen. Zaintzaile nagusiaren bulegotik iritsi zen, jipoi bat jasota. Metalezko erregela batekin jo zuen hatzetan. Eskuak odoletan zituen». 12 urterekin ikusi zuen Jean Claudek: «Bizirauteko ongi aritu eta kontu handia izatea ikasi nuen egun horretan».
Isiltasuna, bizirauteko
Zaintzaileen bortizkeria une oro presente zegoela gogoan du. Zigorrak muturrekoak ziren. «Gauez, sarrera nagusian, kalean uzten gintuzten, sudurra pareta ukitzen, zero azpiko tenperaturarekin. Ezin zenuen ezer egin, zaintzailea pasatzen bazen –‘Zaldi’ deitzen genion–, edozer gertatzen ahal zitzaizun», agertu du.
Ikasleen artean isiltasuna zen nagusi. Ez zuten erasoen inguruan hitz egiten. Jean Clauden hitzetan, «biziraute moduan» zeuden. «Egoera batzuez barre egiten genuen, haurrek hori egiten dutelako, ez? Gauza okerrenez ere barre egin».
Isiltasun orokor horren ondorioz, adibidez, gazte batek bere buruaz beste egin zuela denbora asko igaro arte ez zutela jakin baieztatu du. «Gauez bik ihes egin zuten. Poliziak topatu egin zituen. Gerora entzun nuenez, mutil batek bere buruaz beste egin zuen, eta arrebak uste du bertan gertatzen ari zenarekin zerikusia izan zuela».
Denboraren poderioz eraso gehiagoren berri izan zuen Jean Claudek, eta tartean arduradunek haurrei egindako hainbat sexu eraso. «Nik ez dut gogoan niri gertatu zitzaidanik. Uste dut gogoan izango nukeela. Baina fisikoak eta psikologikoak, bai. Eta beste batzuei egindakoak ikusi ere bai. Ileak kentzea edo tinpanoak lehertzea». Hala ere, badu gogoan nola “Zaldi” izengoitidun zaintzaile nagusi hori dutxetan «modu pixka bat arraroan begira» egon ohi zen. «Kontu handia izan behar nuela ohartu nintzen. Zazpi urteak kontuz ibiltzen pasatu nituen, babestu egin nintzen», onartzen du.
Nolanahi dela, denborarekin konturatu da hark guztiak bizitza baldintzatu diola. «Ni lehen nintzena eta handik nola atera nintzen... Aldaketa handia izan zen, han egoteko adaptazio beharraren ondorioz», nabarmendu du.
30 bat salaketa
Hura gainditzeko laguntza psikologikoa behar izan zuen. «Urteak pasatu arte ez zara jabetzen. Banekien arazo bat zegoela, baina duela gutxi arte ez dut identifikatu. Psikologoarekin lanean hasi nintzenean, duela bi urte, jabetu nintzen hau guztia estres postraumatikoan eta paniko erasoetan gorpuztu direla». Iritzi du irakasle guztiek bazekitela zer gertatzen zen. Batzuek bortizkeria hori praktikatu eta besteak konplizeak ziren. «Matematika irakasle bat bereziki biolentoa zen». Zuzendaria ere gogoan du, euskalduna bera. Behin Irunen topo egin zuten eta gurasoei aipatu zien ‘Zaldi’ hark egiten zuen «diziplina lana».
Jean Claudek guraso askoren ardura ere argi dauka: «Askok bazekiten, ziur naiz, eta hor jartzen zituzten bere semeak».
Alain Esquerre ikasle ohiak egindako lanari esker, ehunka ikasleren bizipenak jasota daude, eta 30 bat salaketa baino gehiago daude. Paueko Polizia testigantza horiek jasotzen ari da.
Jean Claude zain dago eta egia agertzeko itxaropena dauka: «Espero dut jende gehiagok hitz egitea, egia jakin dadin. Iragana ezin da aldatu. Bakoitzak bere lan indibiduala egin behar du iragan horri aurre egiteko. Baina jendeari gertatutako azaltzen ahal diogu».