En direct
Lau hilabete daramatza Emantzipa programak eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 6.000 gaztek eskatu dituzte laguntzak. Esperotako erantzuna izan da?
Gure aurreikuspena urtean zehar 10.000 eta 15.000 bitarteko eskaria jasotzea da eta lehenengo 4 hilabete hauetan 6.000 eskari jaso ditugu; beraz, aldez aurretik espero genituen eskariak jasotzen ari garela esan genezake.
Eskatu ez duten gazteen artean zer uste duzue, ez dutela beharrik, ez dutela laguntza programa honen berri…
Programa berria izanda, Eusko Jaurlaritzatik saiatu gara hainbat komunikazio kanpaina bideratzen, eremu digitalean bereziki, eta badakigu gazteak horien bidez informatzen direla eta saiatu gara hor egoten, eta nola ez, baita ere irratietan. Diru laguntza martxan jarri zen momentuan komunikazio kanpaina berritzaile bat saiatu ginen bideratzen, hainbat herritan ate urdin eta zuri batzuk jarri genituen eta orain berriro ere komunikazio kanpaina abian jarri dugu uda baino lehen, ahal dugun guztia egiten ari gara diru-laguntza hau zabaltzeko.
Bestetik, badugu GAZ emantzipaziorako zerbitzua, Bilboko eta Barakaldoko udaletan aurrez aurre jaso ahal dute informazioa eta Gazteria Zuzendaritzatik online bidaltzen dugun informazio guztia ere hor dute.
Beraz, informazio hori eskura dago, gazteaukera.eus webgunean sartzen badira dena izango dute eskura.
Ditugun inkestetan agertzen dena hori da, diru sarreren arabera erabakitzen dutela alokairura jo ala erostera. Gure aldetik, estrategiaren helburua beti izango da bi egoeretan dauden gazteei bultzada ematea etxetik ateratzeko.
Agian batzuk oraindik ez dute aurreikusi emantzipazio prozedura hori. Gazteria behatokitik etxebizitza txosten bat prestatzen ari gara eta eskura ditugun lehen datuetan ikus daiteke gurasoen etxean direnen %32k aurreikusia duela hurrengo bi urteetan etxetik ateratzea.
Alokairua ala erostea erabakitzeko badirudi diru-sarrerak direla erabakigarri. Alegia, Emantzipa laguntzak eskatu dituztenen artean, diru-sarrera apalenak dituztenak alokairura jo behar dute eta diru-sarrera gehixeago dituztenek hautatu dute erostea… Datu horrek eragiten dizue zer pentsatua?
Momentuz egiten ditugun inkestetan agertzen dena hori da, diru sarreren arabera erabakitzen dutela alokairura jo ala erostera. Emantzipa eskatzen duten gazteen artean ikusten dugu 4.000 euroko tartea dagoela alokairuan doazenen eta erosketara doazenen artean. Gure aldetik, estrategiaren helburua beti izango da bi egoeretan dauden gazteei bultzada ematea etxetik ateratzeko.
Programa honen laguntza bateragarria da beste batzuekin, baina gehienek ez dute beste laguntzarik jasotzen, begiratu duzue zergatik izan daitekeen? Aurreikusten zenuten?
Emantzipa programa honetan, erosketaren eremuan ez dago bestelako diru laguntzarik, alokairuaren kasuan aukera dute Gaztelagun programan egotea edo eskubide subjektiboa jasotzea edo DSBEari loturiko EPOa jasotzea. Alokairuan direnen artean %43k bai jasotzen duela beste diru-laguntza bat, beraz erdiak, esango genuke, beste diru laguntza bat jasotzen duela, adibidez, alokairua ordaintzeko.
Hemendik aurrera, eta lehen deialdia izanda, datu gehiago izango ditugu hurrengo deialdia hobetzeko eta ikusiko dugu bestelako arazorik badagoen, informazio falta dagoen edo bestelako irizpiderik dagoen.
Eskaerak egiteko epemugarik badago?
Bai, epea amaituko da azaroaren 29an, beraz badaude hilabete batzuk eskariak bideratzeko. Aipatu nahiko nuke bide telematikoa dela modurik errazena eskaria egiteko. Gazteaukera.eus helbidean sartu eta hor Emantzipa diru laguntzaren informazio guztia eskuragarri dute, eskaria nola egin, dokumentazioa nola aurkeztu… Egia da gehienak bide hori ari direla erabiltzen.