En direct
Ekainaren 9ko Europako hauteskundeak nekazarien aldarrikapen eta protestek baldintzatuta datoz eta bada nazio guztietan errepikatzen den aldarrikapen bat: euren lanaz bizi nahi dutela, ez ordea, Nekazaritza Politika Bateratuak ezarritako diru-laguntza eta betebeharren menpe. Kimatu nahi den zuhaitz batekin alderaketa eginez, EHNEn honen inguruan duten jarreraren berri eman du sindikatuko Nafarroako idazkari Patxiku Irisarrik: «Nekazaritza Politika Bateratuak berdina izaten jarraitzen du. Irudikatzen baldin badugu zuhaitz bat, felixibilizazioa da zuhaitz horri adar batzuk moztea. Guk erraten duguna da zuhaitz hori errotik kendu eta berri bat landatu behar dela».
II. Mundu Gerraren ostean Europa osoan hedatuta zegoen «gosetea apaltzeko» sortu zen Nekazaritza Politika Bateratua eta gaur gaurkoz, EBren «aurrekontuaren %40 inguru eramaten du», Irisarrik azaldu duenez. Zehaztu du era berean EHNEko ordezkariak sistemak eragin duen menpekotasunaren ondorioz, gaur egun, «sektore batzuetan bizirauteko behar beharrezkoak» direla.
Menpekotasun horrekin amaitzeaz gain, jasaten duten pisu burokratikoa arintzea da eskari nagusietakoa, Irisarrik gogora ekarri duenez. «Guk kalkulatzen dugu baserritarrak 8 ordu ez, 12 orduz egiten du lan. Gero etxera ailegatu eta paperak bete egin behar dituzu».
Bide luzea
Kanpaina baliatuz hainbat nekazaritza elkartek Gipuzkoa eta Lapurdi arteko Biriatuko pasabidea blokeatzea erabaki dute protesta modura, ohartaraziz euren eskariei bide eman ezean, indartsuago bueltatuko direla urrian. EHNEk ez du babestu ekintza hori, Nekazaritza Politika Bateratu horrekiko kritika partekatzen badu ere ziur dagoelako epe luzeko borroka izango dela. «Traktoreak ateraz etab. nahi zuten bi hilabetean politika honek dituen 60 urteak aldatzea eta hori ezinezkoa da».
Aipatu blokeoak utzi dituen ondorioei begira, «ikusi dugu zer nolako saltsa muntatu den», dio Irisarrik eta iruditzen zaio garraioaren sektorea izan dela kaltetuena. Baina kamioi horietako askok EBren barnean ekoitzitako produktuak zeramatzatela aintzat hartuz, eta protestaren deitzaileek bereziki Europatik kanpo iristen diren produktuak dituztela jomugan, blokeoa toki egokienean egin ote duten ez du argi EHNEko ordezkari nafarrak. «Ikusita aldarrikapenak, hau da, ispilu klausulak eskatzen zituztela etab., nik egokiago ikusiko nuke Europako portuak blokeatzea eta ez errepide bat. Ispilu klausulak eskatzen dira Europatik kanpoko janariei aplikatzeko eta janaria portutik sartzen da gehienbat».