En direct
«Diskurtso berriekin euskararen aldeko konplizidade berriak ehuntzeko aukera dugu»
Normalizazioak eremuak irabazi eta lan lerroak biderkatzea eskatzen dio euskarari. Aliantza berriek diskurtso berriak behar dituztela deritzo Euskaltzaleen Topaguneak. Politika publikoak egiterako orduan lurraldearen aniztasuna kontuan hartzearen garrantzia azpimarratu du, bestalde, Euskarabideak.
«Diskurtso berriekin euskararen aldeko konplizidade berriak ehuntzeko aukera dugu»
Nafarroako biztanleen %15ak euskaraz hitz egiten du eta %11 ulertzeko gai da, Nafarroako Estatistika Institutuak emandako datuen arabera. Hiztunen artean gorakada txiki bat dago. Nastatek 2022. urteko euskararen erabilera eta ezagutza neurtu ditu. Ikerketa horren arabera, 25 urtez azpikoen artean euskaraz aritzen direnen portzentajea aurreko urtekoaren antzekoa da. Adin ertaineko taldeetan egin du gora gehien euskararen erabilerak. Gauzak horrela, 25 eta 43 urte artekoen artean zazpi hamarren egin du gora, 2021eko %18,9tik 2022ko %19,6ra. 35 eta 44 urte artekoen artean sei hamarren igo da, %13,1era. 45 eta 54 urte artekoan artean egoera berdin mantendu da.
Hasteko, balorazio bat eskatuko dizuet. Nolako inpresioa eragin dizue ikerketa honen emaitzek?
Jabi Arakama: Emaitza honek berresten du ikusten ari garen joera. Etengabe ari da igotzen ezagutza, batez ere gazteen artean. Honek hainbat arrazoi ditu baina nagusia eskolaren ondorioa da. Gaur egun eskolan Nafarroa mailan ia-ia haurren heren bat dago D ereduan matrikulatua eta, noski, horrek bere isla izan du ezagutza datuetan. Faktore nagusia da. Horrez gain, euskaltegien eragina eta familia arteko transmisioa ere nabarmenduko nituzte.
Oskar Zapata: Aurrera egiten den heinean balorazioa beti da positiboa, nahiz eta jakin oraindik urrun gaudela behar dugun jende masa izatetik.. Ezagutza eta erabilera handitu behar ditugu eta horretan inbertituko beharko dugu denbora, baita baliabideak ere hurrengo urteetan.
Badirudi jaioterria erabakigarria dela biztanleriaren euskara ezagutzan. Atentzioa deitzen dizue honek?
J.A.: Egia esan, ez. Zoritxarrez ez. Ezagutzen dugu Nafarroako egoera soziloinguistikoa eta badakigu non hitz egiten den gehiago, azken hamarkadetan non garatu den gehiago eta zein egoera desberdinak bizi ziren Nafarroako herrietan. Hasierako oinarrizko egoera honi azken hamarkada hauen bilakaera eta toki batzuetan egon diren zailtasunak gehitu behar dizkiogu. Adibidez, eremu ez euskaldunean 2015 arte ezinezkoa zen haurrak D ereduan matrikulatzea ez bazen ikastola pribatuetan. Finean, egoera soziolinguistikoak eta zailtasun politiko-sozialek eragindako egeora da hau
Nastaten ikerketatik deigarria da Sartaguda, Petilla Aragoi eta Fiteron biztanle euskaldunak beraien inguruan baina koska bat gorago daudela, %4 eta %10 artean. Badago hau azaltzen duen arrazoiren bat?
J.A.: Kontuan hartu behar dugu herri txikiez ari garela. Askotan portzentaiei dagokionez 0,5 0,7 gehiago edo gutxiago izateko, 15 edota 20 pertsona euskaldun gehiago edo gutxiago izatea aski da. Sare sozialetan mugimendu pixka bat egon zen kontuarekin, Fiteroren kasuan adibidez. Jende batek sinesgaitzat jo zuen datua. Nestatek esan zigun baietz, hori zela emaitza. Halere, batzuetan kolore batean edo bestean egoteko tartea 10-15 hiztun artean dago, beraz nik ez nioke garrantzia handiegirik emango une batean urdina edo laranja ateratzeari. Oso datu antzekoak daude eskualdeetan.
Topagunean euskararen baitako jarrera aztertu zenuten. Loturarik nabaritzen duzue jarreren ikerketaren eta Nastatek publiko egin duen ikerketaren artean?
O.Z.: Gu azken urteetako inkesta soziolingistikoek emandako datuetatik abiatu ginen. Orokorrean, esan dezakegu heren bat euskara sustatzearen alde kokatzen dela, heren bat ez alde ez kontra eta azken herena, kontra. Argi dago ezagutzen duzuna ezagun ez duzuna baino errazago maiteko edo babestuko duzula. Zentzu horretan, parez pare jartzen zaigun lana oso aberasgarria eta interesgarria da: euskara ezagutzen ez dutenengana ere iritsi eta, poliki, haiek ere euskara haiena ere badela ulertzea eta sentitzea lortzea. Nafarroarentzat euskara osasuntsu egotea komenigarria dela uler dezatela, komunitate edo lurralde askoz aberasgarriagoaren eta anitzaren seinale baita.
Azterketarekin batera jardunbide egokien zerrenda bat proposatu duzue. Nolako proposamenak daude bertan?
O.Z.: Garrantzitsua da afera egungo testuinguruan eta ikuspegian kokatzea. Euskal komunitatetik eta euskara mintzatzen ez den komunitatetik, denoi komeni zaigu Nafarroako gizartea osotasunean begiratu eta proposamenak bertan kokatzea. Erreparatu behar zaie klaseen arteko desberdintasunei, demografiari.. Hori guztia kontuan hartu behar da. Bestetik, helburuen, taktiken eta estrategien arteko gogoeta ere egin beharra dago. Noiz, zer, non eta nori esan ongi pentsatzeak jendearen aldekotasuna handitzen lagunduko digu.
J.A.: Politika publikoak egiterakoan Euskal Herrian orohar eta zehazki Nafarroa dagoen aniztasuna kontuan hartzen ez bada, ziur aski porrot egingo dute politika horiek. Ez soilik hizkuntza politikek, politika guztiei buruz ari naiz orohar. Neurri zehatz bat Fiteron edo Goizutean ezberdin uler litekeela kontuan izatea, edo herri bakoitzeko errealitatea zein den aintzat hartzea, bertako euskaltzaleek zer eskatzen duten... Hori guztia garrantzitsua dela deritzogu politika publikoak egiterako orduan.
Uniformazioa vs. aniztasuna; autoritarismoa vs. bizikidetza paradigmak mahaigaineratu dituzue Topagunetik. Zer esan nahi du horrek?
O.Z.: Ildo diskurtsibo osagarriak eskaintzeko beharra dago, gaur egun erabiltzen ditugun horiei bestelako matiza eaten lagun dezaketenak. Orainartean dikotomia bat nagusitu da: euskararen inguruan, beste estatu proiektu baten aldekotasunarekin lotuta: euskaltzalea = abertzalea eta ez-abertzalea = euskararen alde ez dagoena. Uste dugu oso interesgarria dela beste parametro diskurtsibo batzuetan kokatzea eztabaida. Euskararen aldekotasuna berdintasunaren eta aniztasunaren diskurtsoekin ere lotu beharko litzateke; hori da egiten dugun planteamendu osagarria. Berdintasunaz edo aniztasunaz ari garenean konplizidade berriak eraiki daitezkeela uste dugu.
Bigarren paradigma autoritarismoaren eta uniformizazioaren kontrako planteamendu politikoa da. Kontra egon behar dugu mundu aberasgarriagoa eta justuagoa nahi badugu. Eremu horretan ere sare eta konplizidade berriak ehuntzeko aukera dugu orain arte euskarekiko posizionamendu argirik hartu ez duten eragileekin. Horiekin bat egiteko proposamena ere bada honakoa.
Bada antzekotasunik Euskarabidearen proposamenetan?
J.A.: Zalantzarik gabe. Balore konpartituen munduan murgiltzeko aukera egokia dela deritzogu. Gure kanpainetan hitz egin izan dugu aniztasunaz, jasangarritasunaz… Indarra ematen digu ikusteak euskalgintzan, orain artekoarekin alderatuta, halako proposamen edo hausnarketa apurtzaileak egiten direla. Horrek ez du esan nahi ez denik txalotzen eta balioan jarten azken hamarkadetan egindakoa. Asko da eskertzeko duguna, egin zenari eta egin ziren hausnarketa, planteamendu eta praktikei esker gaude une honetan. Baina mugak egon daitezkeela ikusi dugu. Horiek gainditzeko hausnarketa eta proposamen berriak behar ditugu.
Topaguneak egin duen proposamena egokitzat jozten dugu, beste batzuk ere egon liteke. D ereduko matrikulazioan oso zaila da heren hori gainditzea. Zergatik? Zer gertatzen da hor? Muga horiek gainditzearen alde gaude, euskararen mundua zabaltzeko prest eta esprimentatzeko ere bai.
Hizkuntza politiken elementu gakoa eragin behar dela da. Baduzue eragin hori bultzatzeko elementuren bat identifikatuta?
O.Z.: Guk beti erabili izan dugun esamoldea egin eta eragin da. Egin egiten dugu baina eragiteko saiakerak ere egiten ditugu Topagunean. Euskaraldia da adibide. Berritua eta imdartuta dator 2015erako. Gizartean eragiteko oso tresna eragikorra da. Horrekin batera, etorri berrien seme-alabak euskarara gerturatzeko lanenan ari gara udalekin batera; Mintzapraktika egiteasmoa ere aukera paregabea da espazio berriak lortzeko.
Zeharkako ildo gisa, euskarak ba al du behar besteko pisua Nafarroako Gobernuko sailetan?
J.A.: Gustatuko litzaidake momentu batzuetan koherentzia gehiago egotea Euskarabideatik proposatzen duguna eta zenbait departamentutatik egiten ari denaren artean. Hau esanda, bederatzi hilabete daramazkit karguan eta une honetan esan dezaket udalerrien aldetik kezkaren bat trasmititu zaigunean kezka hori plazaratu egin dugula. Eta orain arte, ehuneko ehunean ezin esan, baina ongi jasoak izan dira eta normalean deitoratu izan zaizkigun akatsak konpondu direla. Hori esanda, euskaren gaia beste modu batez ikustea gustatuko litzaidake; ez soilik gobernu mailan, baita udaletan, beste instituzio publikoetan edota eremu pribatuetan ere.
Zein eskaera egingo lioke Euskaltzaleen Topaguneak Nafarroako Gobernuari?
O.Z.: Beti luzatu izan dugun eskaera berbera: indarberritze prozesuetan behar dira, alde batetik, arlo juridikoan proposamen eta lege eraginkorrak. Nafarroan euskararen lege sustatzaile baten behar handia dugu. Horrez gain, baliabide eskasia handia da. Eragin nahi badugu baliabideak biderkatu behar dira. Ez soilik ekonomikoak, baita pertsonalak ere bai. Jende gehiago behar dugu lanean euskararen indarberritzean.
Elkarlanerako eta kogobernantzarako urratsak ematen hasi gara. Eta interesgarria da halako proposamenak errespetutik egitea eta euskalgintzako eta euskararen aldeko profesionalen arteko elkarlana aitortzatik eta errespetutik sortzea.