En direct
«Turkiarentzat oso gatazkatsua izan daiteke ontzidia Israelgo uretara abiatzen uztea»
Enegarren atzerapenaren ostean, ostiralean hartu beharko luke Gazarako bidea Askatasunaren ontzidiak. Istanbulen daude hiru ontziak zain, 5.500 laguntza tona prest. Ibai Azparren kazetariak bidaiaren arriskuez ohartarazi du. Zalantza asko dauden arren, tripulazioa animoz osasuntsu dagoela dio.
«Turkiarentzat oso gatazkatsua izan daiteke ontzidia Israelgo uretara abiatzen uztea»
Istanbulen daude, Gazara noiz abiatu zain, Akdeniz, Conscience eta Anadolu ontzika. 5.500 laguntza tona bildu dituzte, eta Ibai Azparren GARA eta NAIZeko kazetariak azaldutako moduan, helburu bikoitza du ekimenak: alde batetik, Gazara laguntza hori elaraztea, baina bestetik, Isralen urtetako blokea salatzea eta agerian uztea. Irteera eguna behin baino gehiagotan atzeratu da, presio diplomatikoak eta traba administratiboak tarteko: lehenik, apirilaren 21ean atera behar zen, asteazken honetara atzeratu zen eta, zalantza handiekin, baina antolakuntzak uste du ostiral hau izan daitekeela azkenean abiatze eguna.
Guztira 500 kidek osatzen dute ontzidia. Ziurgabetasun sentsazioa handia den arren, Azparrenen hitzetan animoak onak dira eta bideari ekiteko esperantzarekin daude.
Arrisku handiko elkartasun misioa
Erresistentzia baketsuan trebatu dira tripulazioko kideak azken egunotan. Izan ere, erregimen sionistak Shayetet 13 itsas armadako eliteko unitateari esku hartzeko agindua eman dio. 13. unitatea Palestinako Al-Shifako ospitalea suntsitu zuen unitatea dela azaldu du Azparrenek eta gehitu du esperientzia handia duela abordatzeetan. Ez da ziurra ontziak Gazaraino iritsiko diren; ziur aski, Egipton edota Zipren lehorreratu beharko da Askatasunaren ontzidia.
Turkia, erdibidean
Azken egunotan Recep Erdogan presidenteak beste herrialdeetako gobernu eta ordezkariekin harremanetan izan da Gazako egoera lantzeko. Turkiak bitartekaritza papera berreskuratu nahi duela azaldu du Azparrenek eta Askatasunaren ontzidia, eginkizun horretan, oztopo izan daitekeela uste du: «Erdoganek Israelek eta Hamasen arteko bitartekari lana egin nahi badu, nazioarteko begiraleak, abokatuak, hedabideak eta kargu publikoak dituen itsasontziak Israelgo uretan sartzen uzteak gatazka diplomatikoa sor dezake». Turkiak azkenaldian 45.000 laguntza humanitario bidali ditu orain arte Gazara eta Israelera egiten dituen esportazioak murriztu egin ditu, zigor gisa. Hala ere, Erdoganen bitartekari dohaia azpimarratu ditu Azparrenek eta gogora ekarri du, zigorrak zigor, Turkiak Israelekin dituen negozioak mantendu egin dituela.