En direct
Gitarra eskuetan, besteon begi- belarrietara antzeman gaitza den zurruntasunez sentitu ditu bere hatzak soinean daraman gitarra akustiko australiarraren soketan dantzan. Hala gertatu ei zitzaion urtarrilaren 31an Tolosako (etxeko) Topic-en eman zuen kontzertuko lehen minutuetan ere, «Nabari duzu behatzak ez doazela etxean bezala...». Urteetako eta ehundaka emanaldiren esperientziak ez du zertan nahikoa izan, bat bakarka taularatzean, izuak har ez dezan. Baina instante batzuetako kontua da, eta beldurrari gogoak, pasioak irabazten dion gudu orotan bezala, itzal motzekoa. Duela urte batzuetatik hona bere egin duen fyngerstyle estiloaaren izenak iradokitzen duen gisan, eroso somatzen dira Zubilagaren hatzak gitarraren sokekin jolasean.
Aitatasuna izan du bakarkako bideari ekiteko akuilu garrantzitsuetariko bat, eta familiak pisu handia du diskoan ere: emazteari eta seme-alabei eskainitako kantu bana jaso ditu bertan.
Ogibide eta bizibide du gitarra Ander Zubilagak. Tolosako Isidro Larrañaga musika eskolako gidaritza darama eta gitarra eskolak ematen ditu bertan, eta urteen buruan ikasleek musika maita dezaten lan egiten du egunero.