En direct
«Zaintzaren auzian Mugimendu Feministaren diskurtsoa lapurtzen ari dira bi gobernuak»
Greba feminista orokorraren ostean dei egin zien Bizitzak Erdigunera plataformak Hego Euskal Herriko bi gobernuei bina mahai interinstituzional osatzera, zaintza sistemak eraldatu eta zaintza eskubide kolektiboa bermatzeko. Ez dute erantzunik jaso eta diskurtso tranpatiak salatu dituzte feministek.
«Zaintzaren auzian Mugimendu Feministaren diskurtsoa lapurtzen ari dira bi gobernuak»
Azaroaren 30eko greba feminista orokorraren biharamunean bertan, Mugimendu Feministak eskakizun zehatza egin zien Hego Euskal Herriko bi gobernuei: zaintza eskubide kolektiboa bermatzera bidean, mahai interinstituzionala osatu eta eztabaidei bide emateko gonbita luzatu zieten.
Eskakizunak ez du tamainako erantzunik jaso, eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan hauteskunde giroan gaudela, eta zerbitzu publikoak eztabaidaren erdigunean direla, Bizitzak Erdigunera plataformako kideen iritzia jaso du NAIZ Irratiak. Ekhiñe Petriati eta Alaitz Uriarterekin mintzatu gara, eta azaldu digute bi gobernuek hainbat sailetara bideratu dituztela, Berdintasun sailetara besteak beste, baina haien politika pribatizatzaileetan aurrera egin dutela.
Petriati eta Uriartek salatu dutenez, nahiz eta zaintzen auzia Mugimendu Feministak aurrera eramaten duen prozesua izan, «kontu hau ez da bakarrik Berdintasun sailena», besteak beste, politika publikoak eta gizarte zerbitzuak bere baitan hartzen dituen arazoa delako. «Mundu guztiak badu zeregina eta ardura gai honetan eta prozesu honetan», laburbildu dute.
Lakuako Gobernuak nahiz Nafarroako Gobernuak auzia lantzeko egindako arduraren eskuordetze hori salatzeaz gain, beraien eskaerei «entzungor» egin dietela deitoratzen dute mugimendu feministako kideek.
Bi gobernuak Mugimendu Feministak gai honi dagokionez duen diskurtsoa «lapurtzen» ari direla salatzen dute. Araba, Bizkai eta Gipuzkoari begira, Lakuak proposatutako Zaintza Ituna izan dute hizpide eta beraien aldarrikapenekin «talka» egiten duela deitoratu dute, bai eta bertan egiten diren proposamenak «hutsalak» direla ere, «gehienbat hauteskunde kanpainari begira» egin direlako, diotenez.
Horren aurrean, zaintzen sektorean, hau da, osasunean nahiz adinekoen egoitzetan, ematen ari den pribatizazio prozesua gogora ekarri dute. Besteak beste, adinekoen egoitzetan «behar besteko» plaza publikorik ez dagoela aipatu dute. Hortaz, arazoa «denboran iraunarazi besterik egiten ez duen itun bat dela uste dugu».
Nafarroako egoera
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hur-hurreko hauteskundeek eragina badute ere, Nafarroako egoera ez da bestelakoa, Petriati eta Uriarteren arabera. Azaldu dutenez, 2022an atera zuten bertan Zainketen Ituna, baina udal bakoitzaren eskuetan uzten ditu hartu beharreko neurriak eta sinatzeko aukera.
«Nahiz eta marko teorikoa oso polita izan, errealitatea da sentsibilizaziora bideratzen dutela», adierazi dute, neurri zehatzik ez duela zehazten gaineratuz. «Ia eginezina da», esan dute. Nafarroan, gainera, dauden 73 adinekoen egoitzetatik hiru bakarrik direla publikoak azaldu dute.
«Argi dago batzuk oraindik ez daudela prest»
Mugimendu Feministaren aldarrikapenak kontuan hartzeko bidean oztopoak izan dituzten arren, alderdi batzuetan, esaterako Gasteizko Legebiltzarrerako hauteskunde programetan, zaintzaren sektorearen arazoari irtenbidea bilatzeko intentzioa dagoela ikusi dute, «alderdi batzuetan» bederen. Beste batzuen kasuan, Ekhiñe Petriati eta Alaitz Uriarteren ustetan, «argi dago batzuk oraindik ez daudela prest».
«Guk eragileekin batu eta proposamenak errealitate bihurtu arte borrokan jarraituko dugu», adierazi dute irmoki. Zentzu horretan, hurrengo urratsak maiatzeko laugarren astean aurreikusita daukaten propaganda astearekin hasiko direla azaldu dute, ondoren «beste ekintza batzuk» egiteko. Horretarako, Euskal Herriko Mugimendu Feministaren «koordinazio nazionalaren» garrantzia nabarmendu dute.
Datorren igandearen osteko agertokiari begira, etorkizuneko lehendakariari mezua helarazi diote. «Haiei dagokie krisialditik ateratzeko neurriak eta baliabideak zehaztea eta espero dugu gobernua eratzen denetik aurrera zaintzarena lehentasunezko problematika izatea eta Mugimendu Feministaren proposamenak kontuan hartzea».