En direct

Sara Iriarte Lasa
Entrevue
Axier Arteaga
Pilotari ohia eta coach pertsonala

«Irabaztera eramango gaituen kontrolaren bila gabiltza, eta ez du zentzurik»

Pilotari ibilbidea 2022an amaitu zuen Axier Arteagak (Lasarte-Oria, 1996), Baiko enpresak berritzeko proposamenik egin ez ziola ikusita eta orain, coach pertsolana eta kirol profesionalen aholkularia da. «Burua fresko edukitzea da arrakastarako gako nagusiena», esan du, tinko.

Audio_placeholder

«Irabaztera eramango gaituen kontrolaren bila gabiltza, eta ez du zentzurik»

Loading player...
Axier Arteaga, Promozioko final baten aurreko material aukeraketan, 2017an.
Axier Arteaga, Promozioko final baten aurreko material aukeraketan, 2017an. (Iñigo URIZ | FOKU)

«Ongi pentsatzen erakustea». Horixe da Axier Arteagaren lana. Pilotari ibilbidea duela bi urte bukatuta –palmaresean Promozio mailako bi Buruz Buruko eta Binakako bat irabazita–, coach pertsonala eta kirolari profesionalen aholkularia da Arteaga, eta burua fresko eta osasuntsu mantentzearen garrantziaz hitz egin du besteak beste, NAIZ Irratian.

Onartu du emaitzetan enfokatzen dela gaur egungo gizartea eta modu batean, hala behar duela. «Guk txalotzen badugu bigarren geratu denari, zer egingo diogu lehen geratu denari? Zer meritu dauka? Garbi dago emaitzak balio dutela eta emaitzak txalotu behar direla. Baina emaitzak lortzeko bidean, zerk egiten dizu zuri ondoen sentiaraztea?», hausnartu du.

Pilotari profesionala izan zinen eta orain, coach pertsonala eta kirol profesionalean aholkuaria zara. Zertan datza zure lanak?

Azkar esanda, ongi pentsatzen erakustea. Erakusten digute gorputza entrenatzen baina ez digute erakusten askotan burua nola entrenatu behar dugun, nola pentsatu behar dugun, nola erabili dezakegun gure burua gure alde.

Nolatan hasi zinen mundu hau deskubritzen? Pilotan izandako ibilbideak izan du zerikusirik?

Bai, ni 2018an hasi nintzen, orduan probatu nuen lehen aldiz coaching-a. Garai hartan nire unerik onenak igarotzen nenbilen pilotan baina ikusten nuen beste urrats bat eman beharra zegoela, ez zela nahikoa dieta eta gorputza zaintzearekin, burua ere landu behar zela. Orduan jarri nintzen harremanetan Joseba Del Carmen coach-arekin, dela Jon Rahmen coach bat, eta gero aritu nintzen Imanol Ibarrondo, Realeko jokalarien coacharekin.

Orain, zuregana joaten dira. Zer bilatzen dute?

Denetarik. Ni enfokatu naiz gehiago kirolera, baina pertsonak berdinak gara, izan kirolari edo ez, eta kirolari profesionalek bilatzen dutena da errendimendua, emaitzak. Hala eta guztiz ere, badauzkat beste batzuk, ez direnak kirolariak, eta hauek gehiago bilatzen dute osasuna, ongi bizitzea, antsietate edo estre egoera batean, beraien pentsamenduen kudeaketa oker bat egiten ari direlako.

Kirolaz hitz egiten dugunean, fisikoki entrenatzeaz hitz egiten dugu. Zuk, hori alde batera utzi gabe, buruari ere harreta jartzen diozu. Burua fresko eta ongi izatea garrantzitsua izango da kirolari profesional batentzat. Nabari duzu gaur egun kirolariek zu bezalako figura baten beharra dutela?

Burua fresko edukitzea, arrakastarako gako nagusiena da. Burua garbi daukazunean, konfiantzarekin zaudenean, gauzak ateratzen joaten dira. Entrenatzeko motibazioa daukazu, zure gorputza zaintzeko ez daukazu arazorik... Noiz hasten dira arazoak? Argitasun mental hori ez daukagunean eta entrenatzera joatea kostatzen zaigunean, gorputza zaintzea kosta egiten zaigunean... Gure buruaren esklabu baldin bagara, eta emaitzak nahi baldin baditugu, konstanteak izan behar gara eta konstantzia hori argitasun mental batetik dator.

Kosta egiten zaigu aitortzea laguntza hori behar dugula?

Asko, eta esango nuke, euskaldunoi ez ote zaigun gehiago kostatzen. Futbol talde guztiek dauzkate coach-ak eta prestatzaile mentalak, NBA batean zer esanik ez, edo tenisean... Pilotan, badirudi, zerbait berria dela. Normala iruditzen zaigu saskibaloiko jokalari batzuk beroketa ariketak musika entzunez egitea, pilotari batentzako hori pentsaezina da. Tabu horiek badauzkagu euskal gizartean baina lehenago edo beranduago, aurrerapausoak ematen joango gara.

Islatuta sentitzen zara gaur egungo kirolariengan, pilotariengan?

Bai, ez oro har, ze nire pilota ibilbidean eduki nituen garai batzuk oso ongi pentsatu nuena, gauzak oso argi nituena eta beste garai bat, guztiz kontrakoa izan zena. Esperientzia propiotik ikasi dut eta ez dut esango oro har islatua sentitzen naizela, baina bai ikusten ditut pilotari batzuk ba laguntza beharko luketenak. Baina zaila da onartzea umiltasun batetik laguntza behar duzula, laguntza eskatzeak lotsa ematen digu. Bakoitzak bere prozesua du eta ezin zaio lagundu lagundu nahi ez duenari.

Ze lotura dago burua eta kirolaren artean? Pilotari baten egoera psikologikoa izan daiteke jokatzen ari den partidaren islada?

Bai, eta ez. Ez da soilik kirolean, baita bizitzan ere. Bilatzen da ongizate pertsonala. Pertsona bat ondo dagoenena, bere bizitzako aspektu guztietan, askoz errazagoa da bere potentzial guztia ematea. Horretarako, oreka bat behar da, eta hori da lehen helburua. Kirolarien kasuan, lehiatzen ari direnez, gaizki jokatzea edo ondo jokatzea ez dago erabat zure esku, baina bai dago norberaren esku gaizki egiteari nola erantzuten zaion, nola buelta eman. Orduan eta gaitasun azkarragoa izan egoerari buelta emateko eta ongi izateko, gerturatuko zaitu lehenago 22ra iristea. Ez dizu %100ean bermatzen ongi jokatuko duzunik, baina bai bermatzen dizu hanka sartze baten ostean, ikasi egingo duzula.

Gaur egun, antsietateaz eta estresas asko hitz egiten dugu. Kirolari batek nola bizi du presio hori?

Estresa eta antsietatea norberak sortzen du. Arazoa ez da enpresa bat dagoela, negozioa dagoela, pertsonaia publikoa dela... Norberak jartzen dio autoexigentzia bere buruari. Arazoa dago ez digutela erakusten zer aurkituko duzun, ez soilik goi mailako errendimenduan, enpresa bateko langile normal batek ere estres berdina izan lezake. Arazoa da ez digutela erakusten gure burua kontrolatzen, gure buruko pentsamenduak ongi erabiltzen.

Analfabeto emozionalak garela esango zenuke?

Pixka bat bai. Pentsamendu batek emozio bat sortzen duela eta emozioen arabera, zuk jarrera bat daukazula eta horrek emaitza bat ekarriko dizula bueltan, oinarrizko jakintza hau eskolan erakutsi beharko litzateke.

Diozu batzuetan lorpen zehatz batzuei garrantzia gehiegi ematen diegula eta horren arabera eraikitzen dugula gure zoriontasuna.

Bukle negatiboan sartzen gara guk nahi ditugun emaitza horiek lortzen ez ditugunean. Atzo eduki nuen saio bat Realeko jokalari batekin eta esaten zidan nahiz eta partidan dena eman, ez badu partida irabazten, ez zela ondo sentitzen. Eta inoiz ez duzu %100ean bermatuko partida irabaztea eta gainera ez dauka zentzurik, zuk baldin badakizu %100ean irabaziko duzula, zertara zoaz lehiatzera? Gaude denbora guztian bilatzen kontrol hori, irabazi nahi izatea, eta ez du zentzurik. Eta ez dago inor beti irabaziko duena. Eta porrotak pilatzen badira, frustrazioa areagotzen da eta bukle negatibo batean sartzen zara, eta frakaso pentsamendua agertzen da. Ordea, nik jartzen baldin badut %100a nik kontrolatu dezakedan horretan, gauzak ahalik eta ondoen egitean, hor beti izango naiz arrakastatsua. Eta hori da egin beharreko aldaketa.

Jaurlaritza Logoa