En direct
‘Giza zarata’ zer den definitzen saiatu gara Anari Alberdirekin. Horrela deitu baitu bere azken diskoa eta hura aurkezten izan da MusikHaria saioan. Hamar kantuz osatutako diskoak argi dezente duela esan dezakegu, protesta ironiko asko ere bai, dibertigarri bezain zorrotz aritu da Anari bere azken disko honetan.
Feminismoaz, kapitalismoaz edota klima aldaketaz hitz egin digu bere abestietan. Barrura zein ingurura begira jartzeko kantuak osatu ditu zortzi urteren ostean kaleratu duen disko berri honetan. Xabier Olazabal ‘Drake’ eta Mikel Txopeitiaz gainera, Joaquín Pascual Albaceteko musikaria ere izan du estudioko taldean, gitarra, piano eta teklatuak joz.
Paco Locoren gidaritzapean grabatu ditu abestiak eta dagoeneko hasi da zuzeneko emanaldiak eskaintzan. Jendez mukuru zegoen Intxaurrondoko kultur etxean izan zen estreinakoa eta, bihar, martxoaren 21ean, Bilboko Kafe Antzokian eskainiko dute bigarrena Anari eta konpainiak. Sarrera batzuk geratzen dira oraindik ere aurkezpen horretarako. Atzetik, Gernikan izango da ostiralean ‘Gernikako Lekuek’ jaialdiaren baitan, apirilaren 11n Gasteizen, 20an Iruñean eta 21ean Hendaian ere eskainiko ditu kontzertuak.
Azkeneko denboratan osatu duen talde bera izango du bidaide oraingoan ere azkoitiarrak eta gogotsu daudela kontatu digu irratira egin digun bisitan. Elkarrizketa osorik entzuteko aukera duzue orain.