En direct

Oihana Azkue - Ion Garate
Entrevue
Jagoba Arrasate
Euskal Selekzioko hautatzailea

«Uruguairen aurkako partida berdegunean ez ezik, beste esparru batzuetan ere jokatu behar da»

Jagoba Arrasate Euskal Selekzioko hautatzailea «ilusioz» dago larunbatean, San Mamesen, Uruguairen aurka jokatuko den partidarako. NAIZ Irratian egindako elkarrizketan onartu du, ofizialtasunaren bidean urratsak emateko inflexio puntua izan behar dela: «Urrats hau ematea beharrezkoa zen».

Audio_placeholder

«Uruguairen aurkako partida berdegunean ez ezik, beste esparru batzuetan ere jokatzen da»

Loading player...
Jagoba Arrasate, Osasunarekin, Cadizen aurkako partidan.
Jagoba Arrasate, Osasunarekin, Cadizen aurkako partidan. (@EFF_FVF)

Euskal Selekzioak Uruguai izango du arerio larunbat honetan, San Mamesen (20.00etan). Lau urteren ondoren, gizonezkoen taldea berdegunera itzultzen da eta sei urte atzera egin behar da zaletuekin jokatu zen azken partida aurkitzeko. Jagoba Arrasate hautatzaileak atzo eman zuen deialdia, «ahal zen eta deialdirik egokiena», bere hitzetan, NAIZ Irratian, Haria 1 saioan, adierazi duen legez.

Izan ere, izen handi asko falta dira, Espainiako selekzioakin doazelako batzuk (zortzi lehen taldearekin eta bi 21 urtez azpikoarekin), Athleticek jokatuko duen Kopako finala bi aste barru delako eta min hartuta daudelako beste batzuk. «Egia da beste baldintza batzuetan beste jokalari batzuk etorriko lirateke. Datozenak ilusio handia daukate. Beste batzuk ere nahi izan dute etorri eta klubek utzi ez. Ahal zen eta deialdirik egokiena egin dugu», azaldu du Berriatuako teknikariak.

Nabarmendu du lau urteko hutsunearen ostean, beharrezkoa zela urrats hau ematea, «aurrerantzean horrelako gehiago egoteko». Aldarrikapen eta festa giroa espero du San Mamesen, sasoi batean, Gabonetako hitzorduan, gertatzen zen antzera. Nazio bat garela aldarrikatzeko eta ofizialtasunaren borrokan abagune egokia izan daitekeela uste du eta onartu du, bulegoetan ere urratsak eman behar direla.

Lau urte pasa dira gizonezkoen jokatu zuten azken partidatik. Bazen garaia berriro berdegunera itzultzeko, ezta?

Bai, sasoia zen, ia lau urte pasa dira eta pauso hau beharrezkoa zen gero beste batzuk egon daitezen. Ilusio handiz eta ea larunbatean egun handia bizitzen dugun zaletuekin batera. Aldarrikatu nahi dugu bizirik gaudela, hedatu mundu osoan zehar, gainera aurkariak ere laguntzen du zentzu honetan eta ea balio duen aurrerapausoak ematen jarraitzeko.

Costa Ricaren aurka izan zen azken partida hura, zaleturik gabe. Sei urte igaro dira zaletuekin behar bezala gozatu zutenetik, Venezuelaren aurka. Festa polita aurreikusi behar dugu San Mamesen, ezta?

Euskal Selekzioaren partidak beti izan dira festa bat. Garai baten Gabonetako egun berezi bat izaten zen, orain FIFA datak direla eta ez direla, ez da erraza datak koadratzea. Orain egokitu da, salmenta ere ondo doa. Aurkariak ere laguntzen du, gu ere ilusio berezi batekin gaude, eta ea egun handi bat izaten den denontzako.

Noiz jaso zenuen deia, Euskal Selekzioko hautatzaile izateko? Eta nola hartu zenuen?

Duela denbora bat dei batzuk egon ziren. Egon ginen hitz egiten, agian posible izan zitekeela. Niri beti eragin izan dit ilusioa kargu honek, eta ea bideratu ahal zen Osasunan daukaten karguarekin. Data bat egon zenean partida baterako, Osasunari baimena eskatu eta dena aurrera joan zen. Oso pozik. Nik umetan bizi izan dudan gauza bat izan da, sinesten dut honetan eta nahi dut nik ere nire ekarpena egin. Zentzu horretan, ilusio handi bat da Euskal Selekzioko hautatzaile izatea.

Maila profesionalean zein pertsonalean zer suposatzen du zuretzat?

Maila profesionalean, ez dakit. Partida bat da momentuz, ea partida gehiago etortzen diren. Azken batean, Uruguairen aurka jokatzea, San Mamesen, horrelako deialdi bat egitea, talde ezberdinetako jendearekin, profesionalki aurrepauso bat da. Pertsonalki, sentimenduak ere sartzen dira. Atzo esan nuen ilusio bat zela, ez zela ametsa; amets bat izango zen ofiziala bilakatuz gero, baina bai da ilusio handi bat. Barruan dauzkagun gauza horiek ematen diote zentzua egiten dugunari eta sentitzen dudan gauza bat da, emozionatzen nauen gauza bat da eta arlo pertsonalean, asko suposatzen du honek.

Askotan aipatu duzu zu zeu izan zinela Gabonetako hitzordu hori galtzen ez zuena. Tokitan geratu da une hori eta a ze berezia zen...

Bai, oraindik oroitzapenak hor ditut. Nola Berriatuatik autobus bat edo bi joaten ginen, aurpegia pintatuta, bufandekin... Urteko egunik politenetakoa izaten zen. Barruan daukagun ume hori hor agertzen da berriro (barrezka), eta orain, hainbeste urte eta gero, aulkian egotea, polita da niretzatko.

Magia berezia zuen egunak, kirol ikuspegitik harago, kirol zale ez zirenek ere oso gertuko sentitzen zuten eguna zelako.

Gogoratzen dut Berriatuatik joaten ginela futbola gogoko genuen asko baina baita futbola gustatzen ez zitzaien asko ere bai. Jai giro batean, aldarrikatzeko egun bat zen, ez zen soilik partida bat, egun osoko festa giro bat zen. Futboletik harago doan zerbait da.

Ederra litzateke hori berreskuratzea, ea larunbatekoa ez den geratzen lau urtez behineko ekimen gisara. Dena den, aurrera begira ez daukazue inolako berririk, ezta?

Ez, baina danok gara kontziente aurrerantzean horrelako gehiago egoteko pauso hau beharrezkoa zela. Federazioa hor dabil lanean eta badakigu partida bat baino gehiago jokatzen direla. Partida bat da Uruguairen aurka jokatuko duguna berdegunean baina beste bat da, aldarrikapena eta etorkizunerako oinarri batzuk ezartzea. Hau bihurtu dadila ahal bada urtero jokatzen den hitzordu bat, eta gero ahal bada urtean behin baino gehiagotan. Bulegoetan urratsak eman behar dira, partida hau beste esparru batzuetan ere jokatzen da. Urrats asko eman behar dira baina ulertzen genuen, hiru urte pasatxoren ostean, urrats hau beharrezkoa zela hurrengo pauso gehiago emateko.

Espainiako selekzioak jokatzen du, Athleticeko Kopako finala du bi aste barru, Korrika Gipuzkoa aldean izango da, emakumezkoetan euskal derbia dago Anoetan... Egunik aproposena, akaso, ez da, ezta?

Pena bat da. Baina egia da Federazioak selekzio pila batekin egin duela berba eta ez dela erraza horrelako partida bat lotzea. Azkenean, Uruguai daukazunean eta baietza ematen dizunean, data horretan posible bada, aurrera egin du Federazioak, jakinda Korrikaren azken egunetan egongo garela eta Espainiako selekzioak ere jokatzen duela. Baina partida bat antolatu nahi baduzu FIFA datetan izan behar da eta badakizu Espainiak beti edukiko duela partidaren bat. Gero, gainera, suertatu da Athleticek Kopako finala duela ere bai... Denon laguntzaz, kluben laguntzaz, jokalarien laguntzaz deialdia osatu dugu eta orain nahi duguna da, lehiakorrak izan larunbatean eta aurre egin Uruguai bezalako selekzio bati.

Deialdia aipatuta, izen handi asko falta dira aipatu arrazoiak tarteko. Dagoena dago eta horrekin egin behar.

Bai. Egia da beste baldintza batzuetan beste jokalari batzuk etorriko liratekeela. Hemendik, nire esker ona adierazi hona datozen jokalariei, ilusio askorekin datoz. Beste batzuk ere nahi izan dute etorri baina euren klubek ez die utzi. Badakigu klub bakoitzaren egoera zein den eta hori onartu egin behar dugu data hauetan. Hori dena kontuan hartuta, ahal zen eta deialdirik egokiena egin dugu.

Deialdia egiterako orduan, Espainiako selekzioak egiten duena kontuan hartzera behartuta zaude. Zenbateraino baldintzatu dizu honek?

Gu momentuz ez gara selekzio ofizial bat. Badakigu jokalariak Espainiarekin joango direla eta kasu honetan, pila bat joan dira; bai lehenengo taldera bai eta 21 urtez azpiko selekziora, eta horrek murriztu ditu gure aukerak. Ikusi genuenean ostiralean euren deialdia, nahi genuen zain egon asteburuan euskal talde eta euskal jokalarien partidetan adi egoteko; jokalariren batek min hartuta amaitu zuen eta horregatik eman genuen deialdia atzo.

Berri ona bada Euskal Selekzio bueltan izatea, kritika batzuk izan dira hala ere, batez ere Federazioari lotuta. Lau urte hauetan ez delako mugimendurik egon, elkarlanerako keinu zantzurik ez delako egon eta 2018 asanbladaren aginduak ere ez direlako bete. Ulertzen duzu kritika?

Bai, argi eta garbi. Kritika ona da aurrerapausoak emateko. Une honetan, horrela pentsatzen duen jende asko egongo da eta ulertzekoa da. Baina uste dut ez dela atzera begiratzeko unea, baizik eta aurrera begiratu behar dugula. Urrats bat eman dugu eta orain barruan gaudenok ere gure ekarpena egin behar dugu, eta ea denok batera lortzen dugun orain arte posible izan ez dena posible egitea hemendik aurrera.

Kritika hauek guztiak mahai gainera ateratzeko ere plaza ederra da San Mames.

Bai, hori da. Testuingururik onena hori da: Uruguai, San Mames eta mundura zabaldu zer garen. Horretarako marko oso egokia da.

Jokoan sartuta, Uruguai aurkari, selekzio handia, Bielsa hautatzaile eta tartean, izen handiko jokalariak: Fede Valverde, Ronald Araujo, Manuel Ugarte... Erronka da, ezta?

Bai, selekzio handi bat. Brasil eta Argentinari irabaztetik dator, momentu oso onean daude eta buru belarri daude Kopa Amerika prestatzen. Aste osoa daramate Zubietan, entrenamenduak egiten, eta aurkari oso gogorra izango da. Jokalari oso onak daude, Europako talde onenetan jokatzen daudenak, entrenatzaile bikain bat ere bai. Erronka handia da eta horrek ere egiten du erakargarri larunbateko partida.

Marcelo Bielsa izango duzu aldamenean, Euskal Herrian aski ezaguna, are gehiago San Mamesen.

Ez du bera ezagutzeko aukerarik izan orain arte baina bai berarekin egon diren jokalari asko. Badakigu bere zigilua utzi zuela hemen eta Athleticen oso maitatua dela. Entrenatzaileontzako beti izan da erreferente bat, genio moduan eduki dugu katalogatua eta, zentzu horretan, bere aurka jokatzea eta berarekin egoteko aukera hori edukitzea garrantzitsua da niretzako.

Bestalde, partida prestatzeko kasik denborarik ez duzue izango. Nola lantzen da hau guztia hain denbora gutxian?

Ez da erraza. Ostiralean egingo dugu entrenamendu bat eta larunbatean jokatuko dugu partida. Astean zehar ligarik ez daukagu eta Uruguai aztertzen gabiltza, ahalik eta ondoen prestatzen, jakinda badaukagula desabantaila bat. Beraiek elkarrekin askotan jokatzen dute, aste osoa daramate entrenatzen eta guk egun bakarra edukiko dugu. Daukagun ilusioarekin eta gure zaletuekin ea desabantaila hori parekatzeko gai garen.

Zein aldarterekin sumatzen dituzu jokalariak?

Jokalariei ilusio asko egiten die, partida berezi bat da. Denek jokatu nahi duten partida bat da. San Mamesen, Uruguairen aurka jokatzeak zentzua ematen die euren ogibideari. Eurek futbolari nahi dute izan horrelako egunek bizitzeko eta irrikaz daude larunbateko partida iristeko.

Deialdian berritasun batzuk badaude, Djalo esaterako. Datorren denboraldian Athleticen arituko dena. Aipatu zenuen atzo, eman diozuela garrantzia berezia Estatu espainoletik kanpoko jokalariei dei egiteko hautu hori, kanpoan ere ezagun izan gaitezen.

Bai, pixka bat guztiagatik. Azken deialdietan Athletic eta Realeko jokalariak pilatzen ziren deialdian. Gaur egun, zorionez, Alaves eta Osasuna Lehen Mailan daude eta jokalari euskaldunak daude. Pena bat da Bigarren Mailako taldeetako jokalariak ezin ekartzea, jokalari onak daude baina liga jardunaldia daukate. Eta bestalde, futbola globalizatua dago eta hor zehar jokalari euskaldun asko dabiz, eta nahi genuen keinu hori egin eta jokalari horiek ekarri, maila daukatelako eta deialdi horretan erakusteko euskaldunak mundu osoan zehar dabiltzala.

Sporting Braga taldeak behintzat, txio bat bota du.

(Barrezka) Bai, atzo ikusi nuen. Djalori oso eskertuta nago, berarekin hitz egin genuen lehen egunetik nahi izan du etorri. Badakigu ze mailatako jokalaria den, nolako denboraldia ari den egiten eta hurrengo denboraldian non egongo den. Djalo hemen egotea jendearentzako pizgarri ere izan daiteke.

Ez da pronostikoren bat emateko partida, ezta?

Ez, esan bezala, bi partida daude eta ea biak irabazteko gai garen. Bata, aldarrikapen horrena eta bestea, zelaian jokatuko dena. Gure asmoa biak irabaztea da jakinda ez dela erraza izango.

Jaurlaritza Logoa