En direct

Bigarren Kafea

«Abenduan jaiotako azken haurra ere etortzea da helburu nagusia»

Saharako haur eta gazteek udara basamortutik at pasatzeko programa da Oporrak Bakean. Haien osasuna zaindu eta familia ezberdinetan banatzeko asmo honen inguruan aritu da gaur Bigarren Kafean Elixabet Eizagirre, Oporrak Bakeaneko gipuzkoako koordinatzailea. 

 

Audio_placeholder

«Abenduan jaiotako azken haurra ere etortzea da helburu nagusia»

Loading player...

Uda heltzearekin batera gure artean oporrak izaten dira gai nagusia. Herriko jaiez gain, uda non igaroko dugun, bata bere aiton amonen herrira joango dela, besteak kruzeroa egingo omen du edota hegaldietarako dena prest duela azkenak. Beste batzuk ordea, maleta prestatu beharrean etxea prestatzen dute etorriko direnen erosotasunerako. 

«Otsailak 24an jarri ginen martxan apirilak 15era bitartean eta helburua Saharako 300 haur ekartzea da, familietara edo horretarako prestatuta dauden aterpetxeetara», esan du Oporrak Bakean elkarteko gipuzkoako koordinatzaileak.

Iaz helburua ez zela bete azaldu du, 250 etorri ziren, eta aurten, oraingoz 151 etxe dituzte hitzartuta, hala ere, kopurua baxua dela kontatu du Eizagirrek: «Bikoitza lortu nahi dugu eta hilabete baino gutxiago dugu aurretik, ea zifrak goruntz egiten duten». 

Udako hilabeteetan zehar, gora behera asko izaten direla kontatu du Elixabetek, hizkuntza dela, lehen aldiz amarengandik urruntzea tarteko edota ohitura ezberdinak. Baina argi esan du, hori guztia azkar aldatzen dela, familiaren parte izatera iristen baitira denbora tarte oso txikian: «Familia eta haur sahararra goaz esatetik gu goaz esatera pasatzen garenean da normalizatu eta barneratu dugunaren adierazle da». 

Aurten, 2015. urtean jaiotako haurrak aterako dira lehenengo, eta Saharako Gobernuak erabaki du urtarrilekoak izango direla lehenak, eta hilabeteka antolatuko dituztela. Euskal Herrian 300 ateratzeko helburua badago ere, munduko beste hainbat herrialdek ere badituzte haien helburuak, eta Eizagirrek esan du denen asmoa haur guztiak ateratzea dela: «Abenduan jaiotako azken haurra ere etortzea da helburu nagusia». Hontaz eta gehiagoz aritu da gaur Bigarren Kafean Elixabet Eizagirre. 

Jaurlaritza Logoa